Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kantuak aurkezteko formatu «ekologikoarekin» dator Patxi eta Konpania taldearen lan berria

Dokumentuaren akzioak

Kantuak aurkezteko formatu «ekologikoarekin» dator Patxi eta Konpania taldearen lan berria

'Best itzul' «musika koloreen paleta aberatsa» biltzen duen bilduma argitaratuko du Patxi eta Konpania taldeak. Formatu berrian, USB giltza batean. Ekainaren 23an egonen da eskuragarri.
Egilea
Saioa Rodriguez Andueza
Komunikabidea
Kazeta.eus
Mota
Erreportajea
Data
2023/06/26
Lotura
Kazeta.eus

 

CD formatuan azken lana 2018. urtean argitaratu zuen taldeak
CD formatuan azken lana 2018. urtean argitaratu zuen taldeak (Patxi eta konpania)

 

Lanaren izenburuak iradokitzen duen moduan, bestarako deia da eta itzulera iragartzen du. Horrez gain, Patxi Perez taldeko kideak KAZETA.EUS atariari erran dionez, lana argitaratu den formatuarekin loturiko hitz jolasa ere bada: «giltza batean emanen ditugu kantuak. Giltza itzuli egin behar da ate batean», azaldu du.

«Dantzarientzat jotzen duen musikari taldea izanki Patxi eta Konpania, naturaltasun handienaz atzemanen ditugu aire tradizionalak, sorkuntzak eta haien jatorritik desbideratu doinu batzuk! reggaetik hasiz heavy metalera, discotik iraganez, musika koloreen paleta mugagabea da», dio taldeak lan berriaren aurkezpenean.

Patxi Perezen erranetan, jende askok galdetu die «noizko da heldu den CD-a?». Bada, badator taldearen proposamen berria, baina ez CD formatuan. Hala azaldu du Perezek hartu erabakia: «Irakurgailurik ez gure autoetan, ez gure ordenagailuetan eta ez gure etxebizitzetan ere!». Publikoak hala eskatuta, dionez, «aterabidea 2022ko irailean jalgi zitzaigun: goazen USB gako bat ateratzera!», eta hala egin dute.

Formatua ekologikoa ere badela nabarmendu du musikariak. «Ekologikoa da pieza berriak egiten baditugu, jendea giltza horrekin hurbiltzen ahal da eta hor jaso. Nahi dena gehitu eta kendu daiteke edo beste zerbaiterako erabili. Bide onean gira», gehitu du.

Dantza pikoetan salgai

14 kantuz osatutako lana da, eta ekainaren 23tik aitzina taldeak Euskal Herriko txoko desberdinetan eginen dituen Dantza pikoetan eskuratzen ahalko da. Euskal Herritik kanpo postaz eskatu ahalko da, taldeak ezagutaraziko duen bidea jarraiturik.

Euskal Herriko klasiko handienak (jauziak, fandango, zortziko...), 'Trad' mundukoak (Chapeloise, Scottish...), baina baita 'Chacarera' (Argentina) edota 'Two Step' (Cajun, Louisiana), hain ezagunak ez diren beste batzuk ere atzeman daitezke.

Berritzailea formatuan eta edukian

Estilo berriak txertatzearen ideiaz Perezek erran duenez, «beti sartu dira kanpoko musikak gure dantzetan. Mikel [Perez], taldeko kiderik gazteena, Heavy metal zalea da, eta konturatu da akordeetako batzuk sartzen ahal zirela pieza batzuetan. Gero Jimmy [Arrabit] eta biok reggae zaleak gara. Ez da mugarik dantzan, jendeek dantzatzen dute.

Senpereko Emak-Hor bateria fanfarrearen egoitzan bildu ziren, grabazioak Dantza Pikoaren zuzeneko baldintzatan egiteko. Grabaketa eta nahasketak Txomin Etchevers musikari eta dantzariak lagundurik egin dituzte.

Patxi Perezek bere lan guztiak, 1996. urtean hasita, Agorrila diskoetxearekin argitaratu ditu, orotara zortzi CD eta DVD bat.

Herriz herri jauzika

Ekaina, uztail eta agorrilerako hainbat emanaldi finkatu dituzte Euskal Herriko hainbat herritan, hala nola, ekainaren 25ean Hazparnen eta Hernanin arituko dira. Hitzorduak taldearen sare sozialetan iragartzen dira. Iaz 79 emanaldi eskaini zituzten, 14 mutxiko (hilabeteko hitzorduak) eta 65 dantza piko. Euskal Herriaren luze zabalean eman ziren hitzorduak eta zazpi Euskal Herritik kanpo egin zituzten (Okzitanian, Italian eta Alemanian).

Dokumentuaren akzioak