Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kantua, dantza eta txalaparta, enbor beretik sortutako 'Hostoak'

Dokumentuaren akzioak

Kantua, dantza eta txalaparta, enbor beretik sortutako 'Hostoak'

Hiru arlo batzen dituen ikuskizuna

Egilea
Joseba Imaz
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2011/02/03
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Sustraiak lurrean tinko edukitzearen garrantzia azpimarratu ohi zuen Eduardo Chillida eskultoreak. Bere gogoeta ezezagunenetako bat bezala har dezakegun esaldi horretan, gainera, adarrak alde guztietarantz zabaltzearen balorea azpimarratzen zuen. Erreflexio horrekin laburtu zuen atzo Mireia Gabilondo zuzendari eta antzezleak Hostoak ikuskizuna, euskal enborretik abiatuz musika, kantua eta dantzaren besoak zabaltzen dituen lana. Tradiziotik abiatu eta, arlo horietan, gaur egungo planteamenduetara jauzi egiten duen obra.

Oreka TXeko musikariek, Amaren Alabak kantariek eta Kukai taldeko dantzariek, Gabilondoren gidaritzapean, sortu, landu eta mamitu duten proiektua da Hostoak. Donostiako Kursaal Auditorioan hilaren 19an (20.00etan, sarrera 22 euro) egingo duten estreinaldiari begira, atzo aurkeztu zuten beren proposamena Gipuzkoako hiriburuan; hiru disziplina horien "hizkuntzak batzen" dituen "festa koloretsu" bat bezala aurkeztu ere.

Kantua, musika eta dantzaren arteko elkarrizketa eszeniko honen berri ematen lehena Igor Otxoa izan zen, Oreka TXeko txalapartarietako bat. Kukai eta Amaren Alabekin batera lan egiteko "gogotik" jaio omen zen proiektuaren hazia. "Euskal tradizioan errotutako hiru talde gara, baina bakoitza modu ezberdinetan garatu gara", egin zuen diagnosia. Taula gainera eraman beharreko proposamena zuzentzeko, berriz, Mireia Gabilondorengana jo zuten laguntza eske. Modu horretan joan zen forma hartzen Hostoak ikuskizuna.

Arlo ezberdinen arteko uztartze horretan gai ezberdinak lantzen dituzte artistek: maitasuna, euskararen egoera, Iparraldea eta Hegoaldearen arteko harremanak... "Hizkuntza artistiko hauek elkar-tzen dituen festa da", laburtu zuen Gabilondok.

Oreka TXek hartzen du bere gain musikarien arloa. Horretarako, Igor Otxoa, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariez gain, Iñigo Egia (perkusioa), Juanjo Otxandorena (bouzoukia) eta Mixel Ducau (alboka, saxoa, klarinetea) musikariek ere jotzen dute ikuskizunean. "Harrizko txalapartarekin" landutako kantek protagonismo berezia izango dutela aurreratu zuen Martinez de San Vicentek.

Seikote zuberoarraren Kukai dantza taldeko kideak ere "pozez" batu dira proiektu honetara. Hala jakinarazi zuen Jon Maia dantzariak, zeinek "ohiko jardueretatik aparte indarrak biltzearen garrantzia" azpimarratu zuen.

Agian Bidasoaren alde honetan ezezagunago dira Amaren Alabak taldeko kideak. Seikote zuberoarrak kantu polifonikoa lantzen du, a capella abestuz, ez bakarrik euskaraz, baita gaztelanieraz eta okzitanieraz ere, hala nola. Hizkuntza horiek presente izango dira, hain justu, Hostoak ikuskizunean, Etxahun Iruri, Xalbador, Beñar Bardo eta Mixel Etxekoparren letrekin. Ihitz Iriart eta Graxi Bedaxagar bat etorri zirenez, halako proposamen batean parte har-tzea eurentzat "amets" bat dela aipatzeko garaian.

Oraingoz, Donostiako emanaldiaz gain, Euskal Herriko beste sei hiriburuetan ere taularatuko dute Hostoak: Baionako Teatroa (hilak 25), Iruñeako Gayarre (hilak 26), Bilboko Arriaga (martxoak 16), Gasteizeko Principal (martxoak 31), Donibane Garazi (abuztuak 11) eta Maule (urriak 1).

Ezker eskuin, Maia, Otxoa, Gabilondo, Bedaxagar, Iriat eta Martinez de San Vicente.

Ezker eskuin, Maia, Otxoa, Gabilondo, Bedaxagar, Iriat eta Martinez de San Vicente. (Ruben Plaza)

Dokumentuaren akzioak