Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka kanta eta dantza txakolinari

Dokumentuaren akzioak

kanta eta dantza txakolinari

edanaren inguruko ikuskizuna egingo dute ereintza taldeak, landarbaso abesbatzak eta Peñagarikano eta Euzkitze bertsolariek

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Getaria
Mota
Albistea
Data
2004/08/12

Dantza, bertso, kantu eta txistuaren bidez egingo diote omenaldia txakolinari. Jose Inazio Ansorenaren ideia batetik abiaturik, Jon Maia dantzari eta koreografoak eta Iñaki Tolaretxipi Landarbaso abesbatzako zuzendariak biribildu dute ekitaldia Hamabostaldirako. Izan ere, Errenteriako Ereintza dantza taldeko dantzari eta txistulariek, Landarbaso abesbatzako kantariek eta Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Euzkitze bertsolariek parte hartuko dute ikuskizunean; Peñagarikanok eta euzkitzek, bertsotan egiteaz gain, aurkezle lanak ere egingo dituzte. «Txakolinak ekarri digun on guztia azaldu nahi dugu», Maiaren arabera.



Ekitaldi bizi eta parte-hartzailea



Ekitaldi «bizia» izatea nahi dute antolatzaileek, «gertukoa eta parte-hartzailea», Iñaki Tolaretxipik azaldu duenez. Musikalki «ahalik eta ezagunenak eta jendeak erraz abestuko dituen abestiak» kantatuko ditu Landarbaso abesbatzak. Doinu ezagunak eskainiko dituzte Ameztoi txakolindegiko upeltegian, «txaloz jarraitzeko, dantza egiteko eta abesteko modukoak», Maiaren hitzetan. Gabiltzan kalez kale, Maritxu nora zoaz eta Viva Navarra abestiak izango dira entzun eta kantatu ahal izango dituztenetako batzuk.



Parte-hartzailea izateaz gain, azkarra izango da ekitaldia, nahiz eta ordubete inguru iraun. Horretarako, partiturak moldatu ditu Tolaretxipik, eta kantuak elkarrekin josi: «Obra batetik bestera pasatuko dira, kantariak konturatu ere egin gabe». Landarbaso abesbatzak «erronka» moduan hartu du biharko ikuskizuna: «Txakolindegira etorriko den jendeak ez du ohiko kontzertu bat aurkituko, guk gauza berezi bat eskaintzeko arriskua hartu dugu», azaldu du zuzendariak. Bestalde, ahalik eta sinpleen agertuko da abesbatza jendearen aurrean, zuzendaririk gabe eta 20 kantarirekin soilik. Azken batean, «garai bateko afari ondorenetako kantu giroa» berreskuratu nahi dute.



Harmonia aldetik sinpleak izango dira entzungo diren kantuak, «faktore ugari nahasten direlako eta oso aktiboa delako», Tolaretxipiren arabera. Izan ere, dantzariak, txistulariak eta abesbatzak elkarrekin ariko dira, eta beste batzuetan korua eta bertsolariak tartekatuko dira. Aldi berean, musikak, kantuek eta dantzek herri kulturaren ezaugarriak berreskuratuko dituzte.



Dantzari dagokionez, Zuberoako dantzak eskainiko ditu Ereintza taldeak. Godalet edalontziaren dantza ezaguna, esate baterako, zeinak «harreman zuzena duen edanarekin», Maiak esan duenez. Halaber, erronka tankerako ikuskizuna, Mahai gainekoa, interpretatuko dute dantzariek, abesbatzak eta bertsolariek guztiek elkarrekin. Markina-Xemeinen du jatorria dantza horrek eta dantzari bakoitza mahai gainean saiatuko da aurreko dantzariek egin duen lana hobetzen. «Abilidadeko oso dantza ikusgarria» da Ereintzakoek eskainiko dutena. Tartean izango dira, halaber, Jorrai dantza eta edanarekin oso lotuta dauden hainbat arin-arin eta fandango.



Ikuskizunaren aurretik, txalapartarien ongietorria



Txakolinak on egin! ikuskizuna 20:00etan hasiko da, baina lehenago ere giroa izango da Ameztoi txakolindegiaren inguruetan. Itsasoari begira, ikuspegi ederrean, Juan Mari Beltranen txalapartak hartuko ditu bertaratzen diren guztiak. Horretaz gain, Neskatxen soka-dantza egingo dute Ereintza dantza taldeko emakumeek. Ordua baino lehen iristen denak ere izango du zerrekin gozatu.

Dokumentuaren akzioak