Dokumentuaren akzioak
Kanpai hots eta txupinarekin dator festa
Kanpai hotsak eta txupina. Bi elementu horiek ateratako zarata
uztartuta abiatuko dituzte Elgoibarren (Gipuzkoa) sanbartolome jaiak,
gaur arratsaldean. Pilar Ikastetxeko ordezkariek izango dute txupina
jaurtitzeko ardura, eta haiei dagokie herriaren egunerokoa eraldatuko
duten jaiei hasiera ematea. Txupina jaurtitzearekin batera, Mauxitxa
txarangaren kalejirak girotuko ditu herriko kaleak.
Aurtengo sanbartolomeak bereziak izango dira herriko hainbat
elkarterentzat. Mauxitxa txaranga sortu zela 40 urte bete dira,
adibidez, eta urte horietan guztietan egindako lana eskertuko diote
herritarrek. Ia egunero aterako dira kalera txarangako musikariak. Ez
da, ordea, ospakizunetarako motiboa duen herriko talde bakarra.
Elgoibarko Musika Eskolak mende laurdena bete du, eta mende erdia Gure
Bide txirrindulari elkarteak eta Zubi-Ondo xake taldeak. Modu batean
edo bestean, guztiek izango dute txokoa sanbartolometan.
Baina azken urteotan herriko zaindariarekin lotura eta
harreman estua ezerk izan badu, San Bartolome eguneko soka-dantzak izan
du. Bihar dute zaindariaren eguna elgoibartarrek, eta Haritz euskal
dantza taldeak 75. urtez dantzatuko du soka-dantza, Foruen plazan.
Horretarako, Udaleko Txistulari Bandaren laguntza izango dute.
Profesionalen pilota partidak, Erraldoi eta Buruhandien
kalejira eta Zaldien Dantza ikuskizuna izango dira bihar arratsaldeko
ekitaldi nagusietakoak. Gauean, berriz, su, argi eta musika ikuskizuna,
eta Aukeran dantza taldearen emanaldia: Aukeran 10 urte.
Denetariko egunak
Abiatu gaur abiatuko diren arren, ia aste osoan izango dituzte
festak Elgoibarren. Biharkoa da San Bartolome eguna, zaindariaren
eguna, baina ondorengoetan ere asmatu dute festa eguna nori eskaini.
Asteartean Txiki Eguna antolatu dute, eta asteazkenean Umeen Eguna.
Biak ala biak herriko txikiei eskainitako ekitaldiz betetako egunak.
Jolas, tailer, zezentxo, lehiaketa eta bestelakoen artean, haurrentzat
antolatutako herri bazkariak erakarriko ditu gaztetxoak, asteazkenean,
14:00etan.
Osteguna Jubilatuen Eguna izango da, ostirala Gazteen Eguna
eta larunbata, festetako azkena, baserritarrena. Sokamuturra, musika
emanaldiak, gastronomia lehiaketak, kirol ekitaldiak... Aspertzeko
tarterik ez da izango.
Dokumentuaren akzioak