Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kandelaria

Dokumentuaren akzioak

Kandelaria

“Kandelario egunean eguzkia ikusi baino, otsoa ardi tartean ikusi nahiago” (9751. atsotitza Gotzon Garateren bilduman)
Egilea
Juan Ignacio Pérez
Komunikabidea
Zientzia Kaiera
Mota
Albistea
Data
2014/02/02
Lotura
Zientzia Kaiera

Gaur, otsailaren 2, Kandelaria eguna da; Hartzaren eguna Europan, eta Marmotarena Ameriketako Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko zenbait herritan. Gaztelaniazko esaera zaharrak hartzari buruz esaten du Kandelarian hartzulotik irteten dela eta hotza egiten badu, berriro sartzen dela hartzulora. Eta esaera zaharrik gabe, oso antzekoa da Pensilvaniako Punxsutawney herrian marmotaren inguruan gaurko egunean egiten dutena. Tradizioari jarraiki, gaur atera dute marmota gordelekutik eta egiten duen keinuaren bidez, “iragarri” egiten du oraindik gelditzen diren neguko egunak gogorrak izango diren ala ez; hau da, egingo duen eguraldia “asmatzen” du, nonbait, Phil marmota famatuak. Hala ere, marmotaren egunarena, alemanek Ameriketara eraman zuten ohitura zahar bat da. Hortaz, ez da txiripa, inondik ere ez, marmotarena eta hartzarena egun bera izatea, jatorriz, Europako ohiturak direlako biak.

http://zientziakaiera.eus/app/uploads/2014/02/Brown-bear-in-spring.jpg

1. irudia: Hartza (Argazkia: Wikipedia)

Neguko egun gogorrak amaitu arte gelditzen den denbora asmatu nahia da bi tradizio horien oinarrian dagoena, beraz. Gaztelaniazko esaera zaharra, hartzaren lozorroaren amaierari buruzkoa da, eta Phil marmotaren tradizioa, bere hibernazioaren bukaerari dagokio. Beraz, hibernatzen duten ugaztunek lozorroari uztea ala ez uztea aukerari dagokio Europako tradizioa. Hori dela eta, oso egokia iruditu zait gaur, otsailaren 2an hain zuzen ere, hibernazioari buruzko artikulu bat idaztea. Gainera, marmotek eta hartzek ez dute berdin hibernatzen, kontu fisiologiko desberdinak gertatzen direlako espezie batean eta bestean.

Oso toki hotzetan bizi diren ugaztun askok, -baina ez guztiek-, hibernatu egiten dute. Bizimodu normala dute apiriletik irailera arte eta irailean gordelekuan sartu, gorputz-tenperatura jaitsi, minimo batera eramaten dute metabolismo tasa eta ez dute jarduera muskularrik garatzen. Horixe da hibernatzen duten animaliek egiten dutena. Energia asko aurrezten dute horri esker, hori baita jarduera murrizteko zioa. Esan beharra dago, hala ere, hibernazioan zehar esnatu egiten direla maiztasun jakin baten arabera, baina ez dakigu zein den noizean behin esnatzeko arrazoia. Garrantzi handikoa izan behar da, ordea, hibernatze aldian zeharreko energia-gastua asko goratzen baita esnatze horien eraginez. Izan ere, hibernazioan zeharreko gastu metabolikoaren bi heren dagozkie, gutxienez, aldizkako esnatze labur horiei.

Hibernatu ahal izateko gantz nabarra eduki behar dute halabeharrez, eta ugaztun denek ez dute gantz mota hori. Beroa sortzea da gantz mota horren betekizuna. Hortaz, ezinbesteko zeregina betetzen du gantz nabarrak hibernatzen duten animalietan, bera baita esnatu ahal izateko behar den beroa ematen duena. Gantz nabarraren kokapen anatomikoa garrantzitsua da hibernatzen duten animalietan. Arteria nagusiak inguratzen dituzte gantz mota horren biltegi batzuek; hori dela eta, jardunean hasten denean sortzen den beroa berehala heltzen da, odolari esker, birika, bihotza eta garunera, hau da, bizitzarako organo nagusietara.

http://zientziakaiera.eus/app/uploads/2014/02/Marmota_marmota_Alpes2.jpg

2. irudia: Marmota alpetarra (Argazkia: Wikipedia)

Hibernatzen duten animaliek bigarren ezaugarri komun bat dute gantz nabarra edukitzeaz gain: txikiak dira guztiak. Hartzek, jendeak uste duenaren aurka, ez dute egiazko hibernazioa garatzen, azal-hipotermia baita garatzen dutena. Bost kiloko masa du sensu stricto hibernatzen duen animaliarik handiena den marmota alpetarrak. Eta hori ez da kasualitate bat, animalia handiagoek beste era batera hibernatzeko oso arrazoi ona baitago. Ikus dezagun hau.

Lehenago adierazi dugun bezala, energia aurreztea da hibernatzearen helburu eta arrazoia. Baina handiagoak diren heinean, gutxiago aurrezten dute animaliek hibernazioaren bitartez, tamainaren menpekoa baita horrela aurrezten den energia kantitatea. Izan ere, ohiko jarduera-mailetan, oso handia da animalia txikien tasa metabolikoa[1], baina hibernazioan dauden animaliena ez da horrenbeste aldatzen tamainarekin. Hogei gramoko saguzar baten ohiko metabolismo-tasa 6 ml O2 g-1 h-1-koa izan daiteke eta hibernazioan dagoen batena, 0’03 ml O2 g-1 h-1-koa. Alde handia dago, beraz, bi tasa horien artean eta, ondorioz, handia da tamaina horretako ugaztunek lor dezaketen aurrezkia.  Bost kiloko marmota alpetar baten ohiko metabolismo-tasa 0’5 ml O2 g-1 h-1-koa izan daiteke, eta hibernazioan egonik, 0’02 ml O2 g-1 h-1-koa. Aldea dago, bai, bi tasa horien artean ere, baino askoz alde txikiagoa. Beraz, txikiagoa da hibernazioaren bitartez marmota alpetarrak lor dezakeen aurrezkia.

Gogora dezagun marmota alpetarra dela hibernatzen duen ugaztunik handiena. Tamaina handiagoko animalien kasuan, bi metabolismo-tasa horien arteko aldea txikiagoa izango litzateke eta beraz, energia aurrezteko tartea txikiagoa. Gainera, ez dugu ahaztu behar aldizkako esnatzeek energia-kostu handia ekartzen dutela. Beraz, bi faktore horiek kontuan izanik, argi dago animalia handiagoek ez luketela aurreztuko ezer edo kasik ezer eta, beraz, egiazko hibernazioa eurentzat ez litzateke izango negozio ona.

Euskal Herriko zenbait tokitako ohitura batekin bukatu nahi dut gaurko artikulu hau. Kandelario egunean, mezaren ostean neska-mutil koxkorrek abesten zuten kanta ekarri dut Zientzia Kaierara. Ikusi ahal izango duzuenez, neguari gelditzen zaizkion egunetan eguraldi ona ala txarra egingo ote duen da kantaren gaia. Beraz, kanta honetan ez da agertzen ez hartza ez eta marmota ere, baina beste bide batez iragarri nahi du egingo duen eguraldia. Txiripa? Ez dut uste. Badirudi neguko erdiguneko egunetan, Europa osoan saiatu direla neguari gelditzen zaizkion beste erdiko egunetarako eguraldia asmatzen. Ez da harritzekoa.

“Kandelarioz euria

Laster da udabarria.

Kandelarioz aterri

Negua dator atzeti.

Kandelario lario

Hatxari ura dario,

Errotari uruna

Hauxe da guk behar doguna.

Kandelarioz eguzki

Negua dago aurreti,

Kandelarioz edurra

Joan da neguaren bildurra.

Kandelarioz bero

Negua dauko gero,

Kandelario hotz

Negua joan da motz.

Kandelario lario

Hatxari ura dario,

Makatzari madari

Eustsi Peru hankeari.”

 

Bide batez, ez hartzak, ez marmotak, ez eta Gernikaldeko kanta honek ere ez dute asmatzen, txiripaz ez bada, noski.

—————————————————–

Egileaz:  Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea), Biologian doktorea da eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakaslea.

—————————————————–

 

Oharrak:

1. “hou pitxu hou!” liburuxkatik hartu dut kanta (Labayru ikategia eta Ikastolen Federazioa, 1998)

2. Luistxo Fernandezek ere, marmotaren egunaz eta hartzaren egunaz idatzi zuen aspaldi, hemen.

[1] Masa unitateko metabolismo-jarduera da tasa metabolikoa; beraz, masa unitateko, energia gehiago gastatzen dute animalia txikiek handiek baino.

Dokumentuaren akzioak