Dokumentuaren akzioak
Kalitateko baleta
Kritika, Leipzigeko baleta
Leipzigeko baleta sendoa, diziplinatua eta handia da. Bai dantzarien kopuruagatik (une batzuetan 37 dantzarik parte hartu zuten) eta baita goi mailako kalitateagatik ere. Bere zuzendaria, Uwe Sholz, denbora laburrean aritu zen dantzari moduan; aldiz, eskarmentu handikoa da koreografo legez nazioarteko eszenatokietan. Arrakastatsu izan da Bilboko agerraldian. Alemaniarraren koreografia neoklasikotzat har dezakegu, balet klasikotik datozelako dantzarien pausu eta ibilbide asko: neskek behatz punten gainean egindako lan etengabeak, battements, edo mutilen jauziak, grand jeté. Baina egon badaude modernoaren adierazpen asko: automaten urrats eta besoen mugimenduak, edo zolaren gaineko irudi eta dandarrez eramateak, esaterako. Ez da batere erraza Beethovenen 7.sinfonia dantzaraztea nahiz eta Wagnerren iritziz «dantzaren apoteosia» den. Musika abstraktua denez ezin da mimetikoki islatu mugimendu mekanikoan, vals bat balitz bezala. Baina orokorrean Scholz-ek eta dantzariek lortu zuten dantzaren poztasuna azaltzea: bakarlari edo bikoteen dantzak, talde txikien eta handien irudiak tartekatuz. Balet arina, indartsua eta ia bortitza, izan zen izadiaren alaitasuna adierazteko.
Musikari lotuago sumatu genituen dantzarien ibilbideak Berliozen Sinfonia Fantastikoa-n: maitemindua dagoen artista eta maitalearen artean taldearen figurazio oparoak garatu zituzten. Gustatu zitzaigun dantzaren etengabeko parada mutur batetik desagertu eta bestetik ageri ziren musika osoaren barrena partaideen keinu desberdinekin. Gure ustez, dantzaren tentsioa jaitsi egin zen hurrengoaren pas á deux nekazal mundua irudikatzen duen eszenan. Berriro berpiztu egin zen Urkamendirako martxa-n mutilen militar-itxurako dantzaldian, gailurrean bukatzeko Akelarre gau bateko ametsean non talde osoak multzo biribil bat eginez mutilaren gorpua goian altxatuta maitasunaren jainkoari eskaini zionean.
Dokumentuaren akzioak