Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kaletik agertokira

Dokumentuaren akzioak

Kaletik agertokira

Hip-hop doinuak eta 'break dance'-a dira oinarri 'Klonk' ikusgarrian

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/07/15

Hip hopa kaleko artea da, eta break dance dantzariei buruz esaten da dantzari urbanoak direla. Kasu honetan, Klonk ikuskizunka kaleko arte hori agertokietara eraman du. Logela eta Addictos taldeek elkarrekin sortutako ikuskizuna da, eta giza klonazioari buruzko gogoeta egiten du.



Logela taldea Elorrioko hiru gaztek osatzen dute (Imanol Garaizabal, Gorka Molero eta Ander Garaizabal). Haien helburu nagusia produktu digitalak sortzea da, eta horietan oinarrituta, lan horiek oholtzara eraman eta zuzeneko ikuskizunak sortzea. Modu horretan landu dituzte, esate baterako, Belarritakora sartu ikuskaria Non Demontre rock musika taldearekin, Link Concert musika klasikoaren eta elektronikoaren arteko uztartzea, Ohe handi bat ikuskizuna...



Besteak beste, Logelako kideek 2003. urtean Break On Stage dantza lehiaketa antolatzeari ekin zioten Elorrion. Sariketa hori break dance eszenikoan oinarritzen da eta dagoeneko nazioarteko mailakoa bihurtu da.



Hain zuzen ere, Logela eta Addictos taldeek 2003. urteko txapelketan ezagutu zuten elkar. Adicctos garaile gertatu zen urte horretan, eta Imanol Garaizabalek dio Logelaren arreta ere bereganatu zutela: «Haien jarduteko modua oso profesionala iruditu zitzaigun; interes handia eta lanerako jarrera ona zutela iruditu zitzaigun eta gurekin lan egiteko proposamena egin genien».Elorrioko hirukoteak ordurako bazuen ikuskizun posible baten gidoia. Klonazioaren ideia zuten eta horretan oinarrituta hasi ziren ikuskizuna sortzen.



Addictosen nahia hasieratik Espainiako eta inguruko break dantzari onenak talde berean biltzea izan da. Helburua lortu dutela diote, eta horren lekuko dira nazioartean lortu dituzten sariak eta aipamen bereziak.Lanerako, ordea, antolamendu horrek asko zailtzen du guztia. Hala, Logelako mutilek joan-etorri ugari egin dituzte Zaragozara: «Talde guztia elkartzeko entseguak Zaragozan egin genituen, hori hartu dugu erdigune bezala. Azkenean, Elorrioko Arriolan eman genizkion ikuskizunari azken ukituak».Uda honetan Euskal Herrian zenbait emanaldi eskaini dituzte. Elorrion, Donostian, Azpeitian, Bilbon... Aurki, Tarregako Antzerki Feriara ere joango dira, eta han emanaldi kopuru dotorea lortzeko itxaropena dute taldekideek.



Giza klonazioa «Klonk azken garaiotako aurkikuntza garrantzitsuenari buruzko gogoeta da; giza genomaren kodifikazioari buruzkoa. Aurkikuntza horrek sorkuntzaren alorrean ikuspegi berri bat irekitzen du, eta nabarmentzekoa da genetika manipulatzeko duen gaitasuna». Logelako kideen esanetan, aurkikuntza horrek aukera asko ematen ditu: «Batzuk benetakoak dira, besteak ez, eta beste batzuk dagoeneko gertatzen ari dira». Klonk-ek urrunago heldu nahi du, gizakiaren aro berri horren alderdi onak eta txarrak azaldu nahi ditu.



Ikuskizunaren kontakizuna liburutegi batean abiatzen da. Gazte bat han ikasten ari da agertokiaren atzealdean kopiatzaile handi bat duela. Une batean, ikaslea jaiki eta kopiak egiten hasten da. Oharkabean bere eskuaren kopia bat egiten du, eta esku hori oholtzan agertzen da. Gaztea harekin dantzan hasten da, eta benetan une dibertigarria igarotzen du. Dantzaria horrela konturatzen da zientziak ematen dizkion aukerez, eta gorputzeko beste atalak kopiatzeari ekiten dio, orduan. Makinak dantzari multzoa sortzen du, eta horiek etengabe dantzatzen dute ikuskizun osoan. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, indarra galtzen dute, gainbehera egiten dute.



Kontakizuna bi planotan adierazita azaltzen da ikuskizunean. Batetik, oholtza gaineko break dantzak daude, eta bestetik kopiagailuan eta atzean ipinitako zikloraman gertatzen den guztia: «Bi proiekzio handi egiten dira, bata kopiatzeko tresnan eta bestea atzeko pantailan. Kontakizuna laguntzeaz gain, irudiok interaktibitatea sortzen dute dantzariekin, benetako mugimenduak zein proiekziokoak tartekatu egiten baitira askotan».

Dokumentuaren akzioak