Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kalera dantzara, dantza kalera

Dokumentuaren akzioak

Kalera dantzara, dantza kalera

Dantza Zortzigarren urtez jarraian, Erromeria Eguna ospatuko dute bihar Errenterian

Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/07/14

«Helburua betikoa izango da aurten ere: herri dantzen eta musiken inguruan jaialdi handia egitea, eta jende asko dantzan jartzea», azaldu du Jon Maia dantzari eta Ereintza talde antolatzaileko kideak. Dantza izan ohi da Erromeria Eguneko protagonista nagusia. Ez, ordea, bakarra, dantzaz gain, festarako beste bide batzuk ere eskainiko baititu Errenterian egingo den festak: pailazoak, txistulariak, dultzaineroak.

Goizean goizetik hasiko dira ekitaldiak. 10:00etarako diana joko dute Oarsoaldeko txistulariek herriko kaleetan , eta ordubete geroago dantzarako lehenengo parada izango dute hala nahi dutenek. Aiko taldea ariko da dantzarako jotzen eta «jendeari modu naturalean dantzarako gonbita egiten» Esmalterian. Ez dute dantzari afizionatuek beren burua ezertara behartu beharko, Aitor Furundarena eta Sabin Bikandi Aiko-ko kideek jakinarazi dutenez: «Euskal Herrian dantzatu izan diren dantzak proposatuko ditugu: txotisak, baltsak eta pasodobleak, besteak beste. Guk ez dugu jendea arnas estuka ikusi nahi. Eta errepertorio arrunta lantzen dugu».

Dantza ez ezik, musika ere ugaria izango da Errenterian egun osoan. Hala, Alkarkide txaranga, Juan Mari Beltran eta Astiazaran anaiak, Zubietako zanpantzarrak eta Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoak kalez kale ibiliko dira giroa alaitzen.

Eguerdi aldera, bazkaltzeko tenorean, herri bazkaria egingo da udal kiroldegian, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, 500 lagunentzako lekua izango da bertan.

Arratsaldean, berriz, herritarrek dantzan segitzeko aukera zabala izango dute. Agnes Perez maisu dela, kaleko jendea hainbat dantzatan trebatzen jarriko baitute.

Egunean zehar dantza nahikoa egin ez dutenek, izango dute azken aukera ere, gau partean Trikizio taldeak alaituko baitu erromeria.

Aurten, gainera, bigarrenez egingo da beteranoen soka dantza: «Iaz eman genion hasiera atal horri eta esperientzia ederra izan zen», aitortu du Mayak.

Ekitaldia: Erromeria Eguna Eguna: Bihar. Ordua: Goizeko 10:00etatik aurrera

Dokumentuaren akzioak