Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kaleko arteentzako etxea

Dokumentuaren akzioak

Kaleko arteentzako etxea

Maiatzaren 15etik 18ra egingo dute kale arteei eskainitako XV. Leioako Umore Azoka, eta 45 emanaldi eskainiko dituzte

Hemezortzi estreinaldi erabateko izango dira jaialdian, guztira; sekula baino gehiago
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2014/05/08
Lotura
Berria

Kaleko arteei etxe bat eskaintzea. Hori izan zen Leioako Umore Azoka abiatu zuen asmoa, eta asmo horrek berak bultzatzen ditu oraindik ere antolatzaileak egun. 15. aldia izango dute aurtengoa, maiatzaren 15etik 18ra, eta urteekin lortutako oihartzuna nabarmendu dute Leioako Udaleko ordezkariek. «Erreferentziazkoa da Umore Azoka kaleko arteen osasun egoera ezagutzeko». Datu bat ere eskaini du, gainera, Ana Lopez Asensio jaialdiko zuzendari artistikoak iritzi hori indartzeko. «Gero eta talde gehiagok aukeratzen dute Leioa beren lan berrien estreinaldia egiteko». Azokan egoteko 300 eskari izan dituzte, guztira, eta 43 konpainiaren 45 emanaldi hautatu dituzte, azkenean. Eta estreinaldiak izango dira pieza horietariko asko: 18. Sekula baino gehiago. Eta horregatik erreferentzialtasunari buruzko aipamena.

«Erakusleiho eta agertoki erraldoi bilakatuko dugu hiria lau egunez». Lopez Asensiok azaldu duenez, bikoitza baita asmoa: aldi berean nahi dute agertokia eta erakusleiho Umore Azoka. Erdiz jaialdi eta erdiz azoka. Eta merkatua bultzatzeko indar berezia egin nahi izan dute aurten. Profesionalentzako karpa bat jarriko dute horregatik Jose Ramon Aketxe plazan. Topagune bat eskaini nahi diote jaialdietako ordezkariei, konpainiei eta banatzaileei.

Lehenengoz kalean

Euskal Herrian sortutakoak dira Umore Azokan estreinatuko diren 18 piezetariko zortzi. Irakurriz izeneko kontortsionismo pieza estreinatuko du, adibidez, Shakti Olaizolak. Nola pieza eskainiko du aurten 25 urte betetzen dituen Hortzmuga konpainiak. Errekalde plazan jokatuko du lehenengoz Kukai dantza taldeak Nestor Basterretxea artistaren Akelarre eskulturan oinarrituta Gelajauziak pieza, eta Marierrauskin pieza eskainiko du estreinakoz Borobil Teatroak. Absurdutik gertu arituko dira Trapu Zaharra konpainia eta Kolectivo Monstrenko taldea beren saio berrietan, Malas Compañias eta Ganso & Cia taldeek ere estreinaldi bana eskainiko dute, eta elkarrekin sortutako Llumeru pieza aurkeztuko dute Factoria Norte eta Gaupasa konpainiek.

Baina kanpoko konpainiek ere aukeratu dute Leioa beren piezak aurrenekoz frogatzeko. Despistats estreinatuko dute, adibidez, Toti Toronell eta Pepa Planak, Cantare Volare lana egingo du Circo Delicia taldeak, zientzia fikzio ukituko Tempus ikuskizuna eramango du Visitants talde valentziarrak hiriko kaleetara, eta dantza, arte plastikoa eta flamenkoa uztartzen dituen Obligaciones lana eskainiko dute Toni Aprisi konpainiak eta Arden Producciones taldeak elkarlanean.

Hiri osoa agertoki

Definizioz kalea da kale arteen agertokia, eta hiri osora zabalduko dute horregatik Umore Azokaren eskaintza. Hamasei gunetan 26 agertoki prestatuko dituzte, eta 40.000 ikusle espero dituzte bertan antolatzaileek. Aurten, gainera, Ikea etxean ere eskainiko dituzte ikuskizunak lehenengoz.

Sariak sariago

Lau sari izango ditu aurten Umore Azokak, eta orain arte baino sariago izango dira, gainera. Bi eman dituzte orain arte: kale ikuskizunik onenarena eta Euskadiko kale ikuskizunik onenarena, hain zuzen ere. Baina beste bi berri ere emango dituzte aurten: publiko guztientzako umorezko ikuskizunik onenarena izango da bata, eta gora bidean den ikuskizun edo artistarik onenarena bestea. Orain arte, garaikurra jasotzen zuten sarituek, baina gehiago izango dute aurten. Zaragoza Cultural jaialdian (Espainia) emanaldia eskaintzeko aukera izango dute ikuskizun onenaren eta Euskadiko ikuskizun onenaren saria jasotzen dutenek. Bartzelonako MAC Festival jaialdian parte hartzeko kontratua izango du publiko guztientzako piezarik onenaren saria jasotzen duenak, eta hurrengo pieza sortzeko egonaldi artistikoa egiteko aukera izango du gora bidean den artista edo talderik onenak.

Jaialdia amaitzean jakinaraziko dute saritutakoen zerrenda antolatzaileek, eta maiatzaren 16an Mendibile Jauregian egingo den harrera ekitaldi ofizialean banatuko dituzte iazkoak.

Pailazoen erretratuak

Gertu dituenak irudikatu ditu Toti Toronellek bere margolanetan. Pailazoa da bera, eta pailazoak erretratatu ditu Umore Azokak iraun bitartean Kultur Leioan izango den erakusketarako. Izan ere, ekitaldi paralelo sorta antolatu dute antolatzaileek, eta, erakusketaz gainera, tailerrak, ikastaroak eta aurkezpenak ere izango dira, adibidez.

Algortako Bertsolaritza Eskolak Bertsoklown lana eskainiko du 17 eta 18an, bestalde, eta Leioako Musika Bandak kontzertu ibiltaria eskaini egun horietan.

Urteurrena ospatzeko

Horman ospatuko dute Umore Azokaren 15. urteurrena. Bideo proiekzio berezia egingo dute Kultur Leioa eraikinaren paretetan aurreko urteetako kartelen irudiekin. Gauerditik aurrera egingo dituzte saio horiek, eta mapping teknika erabiliko dute irudiak ikusgarri egiteko.

Egitarau osoa ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.umoreazoka.org

Shakti Olaizola artistak Leioako Umore Azokan estreinatuko duen Irakurriz ikuskizunaren aurrerapen bat eskaini zuen atzo Bilboko Rekalde arteoan. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak