Dokumentuaren akzioak
Kalean da hitz eta irudiekin gure festak aztertzen dituen liburua
Elkarrek argitaratu du Euskal Herria eta Festa liburua, eta oso ibilbide luzea izan du. Santiago Yañiz argazkilariak eta Juan Antonio Urbeltz kultura tradizionalean adituak erronka gogoz hartu zuten duela bi urte. Emaitza atzo aurkeztu zuten Bilboko Euskal Museoan, eta han zabaldu dute, aldi berean, beren lanaren erakusketa bat.
Erakusketan 73 argazki eta Lanzko inauterietako hiru irudi ikus daitezke, bost ataletan banatuta. Euskal Herrian urtearen buruan ospatzen dituzten herri jai adierazgarrienen irudi bilduma da. Azaroaren 14a arte egongo da zabalik.
Urbeltz eta Yaniz nor bere alorrean elkartu egin dira, tesi iraultzaile baten bidez eta argazki eder eta zirraragarri batzuen bidez, euskal festen ikuspegi guztiz bizia emateko, inor epel utziko ez duena. «Idazlearen eta argazkilariaren arteko sinbiosi perfektua da, euskal herri festei buruzko erreferentzia, lehena eta geroaren mugarri izan daitekeena», esan zuen atzoko aurkezpenean Olatz Osa Elkarrekoak.
Juan Antonio Urbeltzek berak esan zuen espero duela liburu horrek eztabaida sorraraztea. «Testu honetan bertan behera botatzen dut festaren zentzu tradizional guztia», aipatu zuen. Bere ustez, orain arte oso irakurketa erraza eta erratua egin dute festen zentzua aztertzean. «Betidanik, hemen eta mundu osoan, kezkak plazaratzeko erabili du festa jendeak. Intsektuak uxatzeko erabili ditu baserritarrak inauteriak. Mozorro hitzak bi esangura ditu, eta bata intsektua da. Lagun bat mozorrotua, lagun intsektatua da». Era berean, teoria horri jarraituz, ezpata dantza ez da gerra dantza bat, baizik eta «habearen hilzoria sinbolizatzen duen dantza».
Santiago Yañizek, berriz, emandako teoriak eskertu zizkion Urbeltzi. «Festaz festa ibili naiz era intuitibo batean. Berriemaile bat bezala joan naiz jaietara. Hasieran ez nekien ezer. Apurka-apurka joan naiz ikasten, eta, orain, Urbeltzen jakinduria erakarpen handia izan da niretzat».
Dokumentuaren akzioak