Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kale egiten duten sortzaileak

Dokumentuaren akzioak

Kale egiten duten sortzaileak

Gaur hasiko da Umore Azoka Leioan, eta parte hartuko duten 50 konpainietako hamazazpi Euskal Herrikoak izango dira. Haietariko hamabik obrak estreinatuko dituzte

«Leioako Umore Azokak babesten ditu euskal konpainiak, eta euskal konpainiek ere babesten dute Leioako Umore Azoka». Joan-etorrikoa da harremana, Ana Lopez kale artisten azokako zuzendariaren hitzetan. Eta datuak aipatu ditu froga gisa: guztira, 50 dira gaur hasi eta igandean amaituko den jaialdian parte hartuko duten konpainiak, eta Euskal Herrikoak dira haietariko hamazazpi. Gainera, estreinaldiak eskaintzen izango dira gehienak Leioan, guztira, hamabi baitira beren lan berria bertan estreinatuko duten euskal taldeak. Jaialdia azoka ere badelako gertatzen da hori, Lopezen hitzetan. Izan ere, banatzaile eta programatzaile sorta biltzen du urtero azokak, eta beren piezak bertan estreinatzera animatzen ditu horrek sortzaileak. Dantza, antzerkia, zirkua, musika... Orotara, 170 emanaldi izango dira jaialdiko lau egunetan, baina esaldi bakarrean laburtu du antolatzaileen asmoa Lopezek: «Plaza on bat eskaini nahi dugu».
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/05/21
Lotura
Berria

Oinutsik atera da Igor Calonge dantzaria Umore Azokako antolatzaileekin ateratako argazki ofizialean. Cielo Raso konpainiako zuzendaria da bera, eta iaz Leioan estreinatutako Carnaval piezaren zati bat eskaini die kazetariei kameraren aurrean jarri aurretik, eta zapatak jartzea ahaztu. Bruto izeneko lana aurkeztuko du ostiralean Leioan. «Umore Azokan estreinatzeko prestatu dugu», aitortu du. Beñat Urretabizkaia dantzariarekin batera sortutako duo bat da pieza, eta, dioenez, suntsipena du xede. «Azken urteetan sortutako piezen bidez eraiki dudan lengoaia txikitzea izan da helburua, neurri batean. Gorputzaren mugak esploratzen saiatzen gara, eta, piezaren izenburuak dioen bezala, denbora batez aberearena egitea da ideia».

Bake une bat gerra betean. Lehen Mundu Gerra hartu du oinarritzat Gaitzerdi teatroak Out lana sortzeko, eta benetako gertakariak daude sorkuntza lanaren atzean. «Gabon gauean topa egiteko eten zituzten erasoak bi bandoek». Rosa Abalek dioenez, antzerki pieza bilakatu dituzte gertakari historikoak. «Kaleko piezak beti erreserbatzen ditugu Umore Azokan estreinatzeko». Gaur eta bihar jokatuko dute lehenengoz pieza berria. «Ikuskizun bilakatu dugu dokumentazio lan hori dena, eta era chaplindarrean eman dugu, umore garratz tanta batekin, baina argi azalduz XXI. mendean oraindik ere ezin gogorragoak direla gerrak».

Barrokoa eta rocka

Dantzaz konpainia lehenengoz izango da Umore Azokan etzi. Barrock pieza estreinatuko dute, eta Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen doinuak, Niña Coyote y Chico Tornado taldearen rocka eta ezinezko orrazkerak uztartuko ditu emanaldiak. Fernando Saenz de Ugarte konpainiako zuzendariak eman ditu azalpenak: «Gorte giroan hasten gara, rock eztanda bat dago gero, eta barrock-ean bukatzen da pieza».

Ametsen mundua du ardatz Hortzmuga Teatroak Leioan eskainiko duen Nola piezak. «Publikoari benetakoa izan den ere jakingo ez duen esperientzia bat eskaintzea da asmoa», azaldu du Guille Royo taldeko kideak. Emanaldirako propio sortu duten egitura bat baliatuko dute horretarako, eta mago eta mentalisten laguntza ere izan dute.

«Herri honen antzerki erreferente bat da Umore Azoka». Jaialdiaren azoka izaera nabarmendu nahi izan du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburu ordeak. «Festa da, jaialdia da Umore Azoka, eta bultzada profesional izugarria ere eskaintzen die parte hartzaileei. Eta hiru horiek batzea da jaialdi honen lorpen nagusia». Jaialdiko zuzendariak zehaztu duenez, aurten 150 profesionalek eman dute izena. Lopez: «Sortzaileek horregatik hartzen dute lanak estreinatzeko arriskua, kontratuak lor ditzaketelako».

Sektorearen osasuna

Euskal Herriko taldeekin, plaza berean izango dira hurrengo egunetan nazioartean sona daukaten kale artistak ere. Frantziako Cacahuete konpainiak, esaterako, aurrez 40 herrialde baino gehiagotan ehunka bider jokatuko duen L'enterrement de maman XXL pieza eskainiko du. La Gross B konpainiak zirku erraldoia emango du, eta bertan izango dira Marçel Gross clown kataluniarra, Vaiven Circo espainiarrak eta To R Mansion talde japoniarra ere.

Informazio gehiago eta egitarau osoa, webgune honetan: umoreazoka.org

Cielo Raso konpainiako dantzariak dira Umore Azokan pieza estreinatuko dutenetariko batzuk.

Cielo Raso konpainiako dantzariak dira Umore Azokan pieza estreinatuko dutenetariko batzuk. UMORE AZOKA

Dokumentuaren akzioak