Dokumentuaren akzioak
Kalabazek argiztatzen zuten Euskal Herria ere
Eibarren Arimen Gaua ospatzen. Argazkia: Marta Vitores - Dantzan.eus
Baziren Euskal Herrian garaiak ezen kalabazen eta arbien barrenak hustu eta kandelekin argiztatzen ziren. Halloween gaua honaino ere iritsi aurretik, eske errondak, mozorroak eta ikarak jada ohikoak ziren. Duela ez askora arte, bazen errotuta beste ospakizun bat: Arimen Gaua.
Orduko Arimen Gauak bazuen egungo Halloween festarekin antzekotasunik: kalabazak eta arbiak husten zituzten, begi- eta aho-zuloak eginda, kandelekin argiztatzeko. Bideetan eta gune ilunetan jartzen ziren horiek, jendea beldurtzeko. Gazteak ere eskean ateratzen ziren, lau trapu zaharrekin egindako mozorroekin, goitik beheraino estalita.
Eskean irteteko abestiak ere baziren, herri bakoitza harenarekin. Mutrikun, esaterako, "Xesteroren kontra, arimen alde" abesten zuten –Mutrikuko ehorzlea omen zen Xestero–. Nafarroan ere baziren bestelako abestiak: "zingila, mingila kurriskarina, ireki ezazu armairua" edo "aingeruak gara, zerutik heldu gara eta ogia nahi dugu".
Ospakizunak, baina, ez zuen luzaroan iraungo euskal ohituretan. Oier Araolaza antropologoak arrazoia kaleetako argiztapenean zela azaldu du: "Argiztapena zabaldu eta normalizatu ahala, zentzu guztia galduko du festa honek". Herri txikietan eta hirietako auzo batzuetan, baina, hainbat gaztek "kontzientzia oharkabean" kalera ateratzen jarraitu zutela gehitu du. 80ko hamarkadara arte iraun zuen Arimen Gauak.
Hemengo ohitura galdu bitartean, Ameriketako Estatu Batuetan indarra hartzen zihoan Halloween gaua. Araolazaren arabera, arrazoi ekonomikoen eskutik "kanpaina komertzial" bihurtuz joan zen. XXI. mende hasieran hona iristerako, eredu kontsumistarekin lotutako festa zen jada.
Mozorroetan jarri du azpimarra Araolazak, desberdintasun ugari baitaude euskal ereduaren eta estatubatuarraren artean: "Mozorroaren oinarrizko ideia da anonimotasuna, zu zeu desagertzea eta zure ordez beste zerbaiten rola jokatzea. Erosten diren mozorroekin ez du horrela funtzionatzen; hain zuzen ere, zerbait erostearen helburua da erakustea zeu zarela mozorro politena, ederrena, bitxienarekin atera dena. Inork ez bazaitu ezagutzen, lau trapu zahar jantzita nahikoa da".
Ohituretara itzultzea
Halloween gaua iritsi aurretik, Mutrikun egin zuten lehengo ohiturak berreskuratzeko ahalegina. "Euskal Herrian ez zuen inork ospatzen. Mutrikun salbu, bazuten-eta festa haiena zenaren kontzientzia", adierazi du Araolazak. Gaba Beltza izen pean ekin zioten mutrikuarrek urriaren 31n kalabazak husteari.
Azken horixe da Euskaltzaleen Topagunearen asmoa, lehengo ohiturak berreskuratzea. Herri ugaritako elkarteekin batera, Gau Beltza antolatzen hasi ziren orain urte batzuk. Araolazaren ustez, festa honek herri mailako antolaketa eskatzen du: "Arrakasta izango duen? Nik uste dut herri batzuetan baietz, baina hori landuko duen eragilerik ez denetan umeak Halloween yankiaren menpe geratuko direla, eta festa era amerikarrean ospatzen bukatuko dutela".
Bien bitartean, euskal festa berreskuratzearen aldekoek hemengo ohiturei eutsiko diete. Eske errondekin bezala, esaterako. Ingelesezko trick or treat beharrean, herri bakoitzean bere abestia berreskuratu dute. Azken finean, Araolazak esan bezala, euskal kultura mantentzeko ardura da garrantzitsuena: "Ospakizuna horiena da gurea beste, baina kontziente izan gaitezen zertan ari garen. Hemen, han bezala ere, egiten zelako".
Eibarren Arimen Gaua ospatu zutenekoa. Argazkia: Marta Vitores - Dantzan.eus
Jatorri ezezaguna
Ezinezkoa da jakitea zehazki noiz arte egin behar den atzera Arimen Gauaren jatorria ezagutzeko. Antzina, gaurko egunaren bueltan hasten zen negua –bi urtaro bereizten zituzten: uda eta negua–. Hotza iristearekin batera, eguzkiarekin, naturarekin edota heriotzarekin lotutako errituak urtaro osoan zehar ospatzen ziren; mundua ulertzeko zeremoniak ziren. Arimen Gaua zen horien guztien artean lehena.
Iragan urruneko iturrien faltan, orduan kalera irteten zirenen lekukotzak dira Arimen Gaua nola ospatzen zuten jakiteko modu bakarra. Ahotsak.eus proiektuak adinekoei egindako elkarrizketetan badira ospakizuna azaltzen den pasarteak –herrian herriko euskalkiak biltzeko proiektua da–. Gaztetako kontuez hitz egin bitartean, bat baino gehiago gogoratzen da azaroko gauez. Hala dio Maria Zabala elduaindarrak: "Garrasika behetik gora, neska horiek: 'Etsaia lurrean, izugarrizko begi handiekin!' Zer ote, eta kalabaza handi bat begi-zuloekin. Jo ostikoz eta bota nuen. 'Honekin ikaratu al zarete?'".
Karmele Esnal oriotarrak ere gogoratzen da kaleetan jartzen zituzten kalabazez: "Halloween? Beno, hori gure herrian egiten zen. Mutilak gauean kalabazak husten zituzten, egiten zizkioten begiak eta sudurren zuloak eta. Kandela bat sartzen zioten piztuta eta emakumeak errosariotik jaisten zirenean kale estu batean jartzen zizkioten horiek". Bermeon ere, Jesus Gangoiti ibilia da Arimen Gauan: "Baten bat etortzen zenean kaletik, aldarrika hasten zen, arraroa da-eta arima bat ikustea. Gero kontua izaten zen ikustera joan eta kalabaza mandoa zela, kandela barruan zuela".
Dokumentuaren akzioak