Dokumentuaren akzioak
Kalabaza, mamu eta sorgin
Orain ez dago sorgiñik. Orain sorgintza bakarrik dago. Baiña, leen, sorginkeriarik gabeko jendea giñan; sorgiñak izaten ziran jendea beldurtzeko. Gaiñera, gaurko sorginkeriei 'magia' deitzen zaie. Baiña ez noa bide ortatik.
Umeak giñanean, 'zamoa' esaten ziguten beldurtzeko:
- Zintzo ez bazabiltzate, zamoak eramango zaituzte.
Esaiezu ori gaurko ume koskorrei. Parre ederra egingo dizue. Baiña iñuxentetasunak ere beti balio izan du, ordea, zerbaitetarako.
Kalabazak ere ez ziran, ba, txaalak gizentzeko bakarrik, pendizean zintzilik zeuden lekutik igitariarekin moztuta eramanda. Ez orixe. Ezta ere erromerian eta neska laguntzera abiatu eta neskek ematen zizkiguten aietarako bakarrik ere. Baita mendian bide inguruan jarri eta jendea beldurtzeko ere. Baziran, ba, esaten zutenak:
- Jai-gauean parrandatik etxera joaten beldurtuko ote gera, ba?
Oiek mutil koskorren kontuak dituk.
Eta mutil koskorrek entzun egiten genituen orrelako arropuzkeriak. Bada, gaiñera, esaera: mutikoen bistan ez da edozer esan bear. Baiña mutilzaarrak-edo ziran aiei, bost ajola mutikoengatik. «Ago, ago pixka bat!».
Eta, normalean, mutilzaarrak edo ezkongabeak izan oi ziran igande-gauetan goizaldera etxeratzen ziranak. Aiako gure Urdanetan ala ziran beintzat.
Nioena: gu, mutil gazteak, begiak argi eta belarriak garbi. Eta arroputzei, «kontuz ibili adi!».
Baiña nola prestatu kalabaza, parranderoak beldurtzeko moduan? Ura ere arte-lana zan.
Leenengo, kalabaza eduki bear zenuen. Eta urte guztian ez ziran izaten kalabazak soro-barrenean pendizetik zintzilik. Beraz, udaberrian alperrik pentsatzea zan norbait beldurtzeko trikimaillua. Kalabazak udazken aldera izaten ziralako, dezente aziak eta koloretuak. Borobillak eta ganadu-janariak. Ez orain dendan ikusten diran kalabaza luxe oiek.
Nola prestatu, sanmartiñetan norbait beldurtzeko? Zuztarra arrasean moztu eta jarri tente. Atzetik edo alde batetik, eskua sartzeko adiñako zuloa egin. Eta barru guztia ustu, eskurik txikienak zituen mutikoren batek. Orretarako, auzoko Joan Txiki izaten genuen. Mutikoen taldean, beti izaten da norbait egokia eta ingeniaritza menderatzen duena. Eta guk, Joan Txiki.
Ondoren, aurrean goialdetik, bi begi-zulo egin. Triangelu antzeko sudurzuloa, berriz, sukaldean zegoen kutxillo txikienarekin. Tresna berarekin, aoaren zuloa ere. Zertarako au guztia? A eta begi-zuloak, aroztegiko taratuluarekin, borobil-borobil.
Zertarako? Barruan argia jarri eta gizakiaren burua irudikatzeko. Baiña zer argi, bi edo iru orduan piztuta irauteko? Bi aukera genituen. Bat: Santu guztietan eta animen egunean, sukaldean piztuta egoten zan kandela motz lodia. Ura etxe guztietan egoten bait zan jasota orduan. Pentsa nolako fededunak giñan, naiz eta prest egon edonor beldurtzeko. Baiña ori dana onartzen zuen orduko gure erlijioak. Bagenekien, bai, zertan genbiltzan.
Baiña nola jarri kalabaza, gauean bide bistan norbait beldurtzeko moduan? Ori erraza zan. Orduan baserri guztietan izaten ziran iltze entenga aundiak. Eta iltze normalak geiago. Egur-ool puskak ere bai, ool aundia eta ederra baiño seguruago. Iltzea sartzeko maillu zaarren bat ere egoten zan bazterren batean, aitonak jasoa.
Ba, leenengo, metro bat baiño luzeagoko egur-esolaren punta zorroztu aizkorarekin. Eta goia berdin moztu, ool puska entengarekin josteko. Jakiña: iru-lau iltze oolak, gora begira zituela, gero kalabaza gaiñean sartzeko. Orduan, sartu esola lurrean, eta zazta kalabaza iltze-puntetan, oolaren gaiñean. Eta atzeko esku-zulotik sartu zerura joateko animei pizten zitzaien kandela motza.
Animak zeruratzeko balio bazuen, parranderoak beldurtzeko ere balioko zian. Zer arraio gero!
A, eta aaztuta det bigarren aukera argiarena. Ori zan 'linterna' esaten genion esku-argi bat, piladuna. Gaur ere badaude. Baiña bereala baztertu genuen linterna jartzearena. Bai, ba. Ordurako amabost-amasei urte bagenituen, eta neska laguntzea ere linternadunek lortzen zutela oartuta geuden. Beraz, ez zuen merezi, mutilzaar parranderoak beldurtzeagatik, pilak gastatu eta neska laguntzeko aukera galtzerik. Orrela, geroni ere mutilzaar geratzeko arriskuak bait zetozen.
Leku-prestaketa au guztia maiatzaren erdirako eginda genuen Joan Txikik eta biok. Baiña udazkena arte kalabazarik ez. Sanmartiñetako festetarako bait genuen, pekatu pentsatua. Uraxe zan bi sufrimendurekin bizitzea. Bat, denbora luze zijoalako; bestea, isilik eduki bear kontua.
Bien bitartean, mutilzaar aiek musean ere aixa irabazten ziguten gazteoi. Batzuetan, tranpa eginda, gaiñera. Guk geure artean: «Ondo ari zerate. Etorriko dituk sanmartiñak!».
Etorri ziran, bai, sanmartiñak. Bitartean, ondo erabakia geneukan nori jarri. Eta gerok nundik begiratu edo zaindu ere bai. Eta kalabaza, garbituta leortzen zapian.
Baiña ez pentsa Patxi xaarrari jarri bear genionik, e? Ark ez zigun musean tranparik egiten. Ark bere koartillotik ardo-tragoxka ere eman oi zigun gazteoi. Jendeak aitzakiak eman bai, baiña Patxi xaarra gizona zan.
Ala ere, ez naiz ausartzen kalabaza nori jarri genion esaten. Ziur nago bestela norbaitek esango didala:
- Zuek al ziñaten gure osaba Joxe galtzetan pardelarekin bialdu zutenak?
Ondoren ere, ondo isilik gorde genuen kontu au. Ea noiz arte: gaur arte.
Irurogeitaka urte pasa eta gero, ez aal dit iñork kejarik botako. noski. Zenbat San Martin pasa diran geroztik!
Dokumentuaren akzioak