Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kaia, Donostiako lehen erraldoi arrazializatua

Dokumentuaren akzioak

Kaia, Donostiako lehen erraldoi arrazializatua

Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/03/22
Lotura
Irutxuloko Hitza

Kaia erraldoia

Joan den ostiralean Amara Berrin aurkeztu zuten Kaia erraldoia.Sara Ibarguren

Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta horren harira, aste hau Diskriminazioaren Aurkako Astea ere izan da. Amara Berrin, Amak Contra El Racismo elkarteak hirugarrenez antolatu ditu arrazakeriaren aurkako jardunaldiak. Jardunaldi horien bidez, arrazakeriak ikastetxe barruan eta kanpoan nola eragiten duen aztertzen dute, arlo pedagogikoan, didaktikoan eta praktikoan. Urtero egitasmo desberdin bat lantzen dute, eta aurtengoa oso berritzailea izan da, hiriko lehen erraldoi arrazializatua sortu baitute.

Kaia izena du, eta dibertsitatea aldarrikatzera etorri da. «Tradizio euskaldunak kanpotik datozen beste errealitate mota batzuekin elkartzea erabaki genuen. Konturatu ginen erraldoiek erro eta identitate handia dutela Euskal Herrian, eta, gainera, haurrei asko gustatzen zaizkiela. Baina konturatu ginen hemengo erraldoiak zuriak direla, eta beste fisionomia, kolore eta estilo bat dutela biztanleria arrazializatua kontsideratzen den horrekiko. Beraz, pentsatu genuen garrantzitsua zela estetika horiek zabaltzea, eta horrela bururatu zitzaigun hegoaldeko haur bat sartzea erraldoien talde horretan. Haur horrek kolore iluna, marroia edo beltza du», azaldu dute Amak Contra El Racismoko kideek.

Erraldoia eraikitzeko prozesuaren %70 modu boluntarioan egin dute Amak Contra El Racismokoek. Dena material birziklatuekin egin dute, eta ordaindu beharrekoa Amara Berri ikastetxeko guraso elkarteak ordaindu du. Gainera, Amara Berri ikastetxeko haurrek ere hartu dute parte panpinaren sorkuntzan, buztinezko aurpegia beraiekin egin baitzuten. Arropak eta ileordea sarritan aldatuko dizkiote Kaiari, haurrak hainbat identitate irudikatuko dituelako.

Palestinako haur bat

Hasiera honetan, Palestinatik ihesi etorri den haur bat irudikatu nahi dute panpinarekin. «Pentsatu dugu une honetan garrantzitsuena dela beraren bidez haurrei azaltzea Palestinako genozidioa zer den. Momentuz, Amarako ikastetxe guztietan aurkeztuko dugu erraldoia», azaldu dute.

Palestinako genozidioa haurrei azaltzeko asmoz, Kaiaz gain, ipuin bat ere sortu eta idatzi dute Amak Contra El Racismokoek: Kaia eta kare magikoak. «Ipuin hau euskaraz eta gaztelaniaz idatzi dugu, baina ikastetxeetan, printzipioz, euskaraz kontatuko dugu. Ipuina Amara Berriko guraso elkarteko ama batek kontatuko du ikastetxeetan, eta haurrei azalduko die zein egoera bizi izan duen Kaiak Palestinatik atera zenetik Donostiara iritsi zen arte. Horrekin batera, Kaiak eta bere amak ibilbide horretan izan dituzten zailtasunak eta beldurrak kontatuko ditu», esan dute.

Egitasmo honen bidez, historikoki Euskal Herrian «ahotsik izan ez dutenengana» gerturatu nahi dute: «Euskal Herrian beti pertsona zuriak egon direnaren ideiarekin apurtu nahi dugu. Euskal Herrian kolore askotako jendea egon da, baina kolore nagusia (zuria) ez zeukatenak isilduak eta ezkutatuak izan dira, eta ez dute ahotsik izan. Kaiak migrante horien belaunaldi berriak ere irudikatzen ditu, gizartean irudikatuta egon behar direnak».

Lehenengo erraldoi arrazializatua

Amak Contra El Racismokoek azaldu dutenez, Donostiako lehenengo erraldoi arrazializatua da Kaia. «Zergatik izan behar da bera, Donostian beti egon izan bada azal iluneko jendea?», adierazi dute. Hala ere, Amara Berriko bizilagunen eta Amara Berri ikastetxearen ekimenez, mundu ikuskerak aldatzeko urratsak egiten ari dira. «Amara Berri ikastetxean, adibidez, garrantzia ematen zaie dibertsitateari eta atzerritarren seme-alabei, eta ez dute dibertsitate hori ezkutatzen», adierazi dute. Elkartetik azaldu dutenez, Donostiako ikastetxeetan, Katalina de Erauso eta San Jose ikastetxeetan kenduta, atzerritar jatorria duten ikasleen batez bestekoa %20-%25 da: «Gehienak hemen jaio dira, baina arrazializatuak izaten jarraitzen dute, eta beraien identitatea zalantzan jartzen du jendeak. Kaia horren errepresentazioa da».

Hori dela eta, erraldoi honek arrazakeriaren inguruko eztabaida zabaltzen eta mahai gainean jartzen lagunduko duela uste dute. «Garrantzitsua da horrelako proiektuak sortzea, hemengo haurrek beste errealitate batzuk uler ditzaten, eta kanpoko haurrak ere modu duinean eta esanguratsuak irudikatuta sentitu daitezen. Izan ere, kanpotik etortzen diren haurrek ez dituzte gertutasun kodeak aurkitzen gizarte honetan. Ezta hemen jaio diren baina kanpoko gurasoak dituzten haurrek ere, atzerritartzat jotzen baitituzte sarritan. Beraz, ez dira eguneroko bizitzan irudikatuta sentitzen, eta Kaiak bitarteko bat izan nahi du errealitate hori berregituratzeko», azaldu dute.

Ongietorri beroa

Kaia joan den asteko ostiralean aurkeztu zuten auzoan. Arratsaldean, Amara Berri ikastetxetik atera zen gainerako erraldoiekin batera, dultzaineroen musikarekin dantzan. Sekulako harrera egin zioten gurasoek zein haurrek, eta hemendik aurrera, «auzotar bat gehiago» izango da, auzo bizitzan parte hartuko duena.

Gainera, igandean egin zuten Palestinaren aldeko manifestazioan ere hartu zuen parte Kaiak, eta aste honetan, hiriko hainbat ikastetxetan aurkezten hasi dira. Asteazkenean, Loiolan izan zen, Haur Hezkuntzako 3 eta 4 urteko haurrekin, eta atzo Amara Berri ikastetxean aurkeztu zuten ofizialki. Hemendik aurrera, auzoko ikastetxe guztietara eramango dute, eta momentuz, Lehen Hezkuntzako 1.400 haurrek ezagutuko dute Kaia eta bere istorioa.

Ordea, Amak Contra El Racismokoek adierazi dutenez, gonbidatzen badituzte prest daude Kaiarekin hiriko beste edozein ikastetxera joateko ere, «erraldoia lanabes didaktiko eta pedagokiko bat delako, zeinaren bidez, arrazakeriaren eta aurreiritzien gaia landu daitekeen, komunitatea egiteko helburuarekin».

Dokumentuaren akzioak