Dokumentuaren akzioak
Kabelinatxe dantza taldekoek gonbidatuekin ospatuko dute euren eguna
Kabelinatxe Eguna ospatuko dute zapatu honetan (martxoak 18), 17:30etik aurrera, Nabarnizko frontoian.
Kabelinatxe Dantza Taldekoek zapatuan gonbidatuak izango dituzte dantza-lagun; hain zuzen ere, bertako dantzariekin batera, Ibarruriko Basotxoritxu eta Artie Dantza Taldekoak ariko dira dantzan. Gainera, jaialdian EinGO Eskolako musikariek ere parte hartuko dute.
Dantzari Dantzagaz hasiko dute saioa; Banangoa, Ezpata Joko Txikia eta Txotxongilo izango dira arratsaldeko lehenengo dantzak. Gero, Uztai Handi egingo dute, eta jarraian, umeek Olagueko Esku Dantza eta Gipuzkoako Makil Txiki egingo dituzte. Amaitzeko, denek batera, Polka eta Mahai Gaineko dantzatuko dituzte. Dantzaldiak 19:00ak aldera arte iraungo du, eta, jarraian, EinGO eskolakoek lagunduta, triki-poteoan batuko dira. Gauean, berriz, Nabarniz Jatetxean afalduko dute.
50 bat dantzari elkartuko dira frontoian: “Herri txikietako dantza taldeak gara; Kabelinatxetik hamalau bat dantzari, Artietik 20 bat eta Basotxoritxutik dozena bat egongo dira. Dantza talde txikiak dira, eta elkarlan modukoa da. Aurreko batean Ibarrurikoekin ere batu ginen, eta Ajangizekoekin ere bai. Beti saiatzen gara beste dantza talde txiki batzuekin batzen eta egun hau ospatzen, elkar-laguntzeko edo babesteko modu bat da”.
Hamabigarrena. Nabarnizko eta Ereñoko herritarrek 2009ean dantza taldea sortu zutenetik ospatzen dute Kabelinatxe Eguna (2020an eta 2021ean pandemiagatik ez zuten ospatu). Aurtengoa hamabigarrena da, eta azkenengo urteetan eskualdeko dantza talde txikiekin ospatzen dute: “Martxoan, Aitaren Egunaren bueltan ospatzen dugu beti, eta 2020an, dena prest eduki arren, bertan behera utzi behar izan genuen. Iaz, ez ginen arriskatu, eta guk bakarrik ospatu genuen”.
Kabelinatxe Dantza Taldekoek herriko zein inguruko bizilagunei zapatuan frontoira hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete, eta, era berean, dantza taldean ere kide berriak pozik hartuko dituztela gogoratu dute: “Nabarnizko eta Ereñoko umeak dantzara etortzera animatu nahi ditugu; ez da bakarrik dantza, herri txikietako dantza taldeetan dagoen gauza polita da denok elkar ezagutzen dugula, ume zein nagusi gutxi daude, eta horregatik denek egiten dituzte ia dantza denak”.
Giro “oso polita” daukatela azpimarratu dute: “Familia bat egiten duzu, eta oso polita da. Etortzea eta probatzea nahi dugu, behintzat entsegu pare bat. Gainera, dantzak gure kulturaren parte dira. Elai Alai eta Foruko dantza taldeekin berba egiterakoan esaten digute eurei ere kostatzen zaiela jende berria topatzea. Nabarnizko umeek dena Gernikan egiten dute, eta halako dantza talde bat ateratzea ez da erraza izaten. Jendea etortzea kostatzen zaigu, eta halako egunak herriko jendea animatzeko ere egiten ditugu, Nabarnizko eta Ereñoko umeak animatzeko, eta ikusteko zer den dantza taldea, ez dela bakarrik jaietan dantzatzea, gure eguna, dantza taldeko eguna ere badaukagula erakusteko da. Denok batera jai polita egiten dugu”.
Dokumentuaren akzioak