Herritarrak elkartzeko parada eskaintzen dute kabalkadek. Trukerako guneak dira, euskaraz eraikiak usu, eta antzerkia, kantua eta dantza dituzte ardatz nagusi. Hain zuzen ere, bi emanen dituzte aurtengo udan: bat Irisarrin eta bertzea Armendaritzen (Nafarroa Beherea). Irisarrin, joan den aste hondarrean lehen emanaldia egin ondotik, bihar izanen dute bigarrena. Armendaritzen, berriz, agorrilaren 15ean eta 17an plazaratuko dute ikuskizuna.
Kabalkada bat baino gehiago, Xebastian Ihidoiri omenaldia egiteko ikuskizun bat karrikaratuko dute. David Ondartz taula zuzendariaren arabera, Ihidoi Ezterenzubin (Nafarroa Beherea) sortu zen, eta Armendaritzera lanera joan. Bertan instalatu, eta, 1989an, Elgarrekin euskal antzerki tropa muntatu zuen. «Antzerkia egiteko zaletasuna zabaldu zuen herrian. Garai hartan sortu tropak antzerki pieza batzuk ematen ditu oraino, Xebastianek [Ihidoi] sortu txinpartak bizirik dirauen seinale».
IKUSI GEHIAGO
1990eko hamarkadan abiatutako bidea omentzeko, beraz, Ihidoi ezagutu zutenengana joan da Ondartz. Familiako lekukotzak bildu ditu, eta antzerki tropa osatu zuten lehen kideekin ere egon. Fikziozko antzerki piezak idazteko usaia badu ere, egiazko pertsona bat omentzea erronka handia izan da Ondartzentzat, kontatu duenez. «Zaila da erran beharrekoaren eta erran behar ez denaren arteko muga atzematea protagonista egiazko pertsona bat delarik. Xebastian ez nuen ezagutu, baina ni ari naiz hari buruz idazten».
«Zaila da erran beharrekoaren eta erran behar ez denaren arteko muga atzematea protagonista egiazko pertsona bat delarik. Xebastian ez nuen ezagutu, baina ni ari naiz hari buruz idazten»
DAVID ONDARTZ Taula zuzendaria
Xebastian, mintza hadi! deitu dute ikusgarria. Ohiko kabalkadetan ez bezala, dantza, antzerkia eta musika elkarren osagarri dira, hari gorri bera duen istorio bat kontatu behar baitute armendariztarrek. Bertzela erranik, dantzak, antzerkiak eta musikak elkarrekin kontatu behar dute Ihidoiren bizia. Horrek bortz errepika orokor galdegin ditu, ohi baino gehiago, Ondartzen erranetan. Ihidoiren historia kontatzeko ez ezik, herria elkartzeko helburuz ere egin dituzte errepikak. «Errepika orokorrak bikainak dira. Goizean elkartu, eta eguerdian elkarrekin bazkaltzen dugu: horrek sekulako indarra ematen digu, gure buru xokoetan helburua baita biztanleak elkartzea».
Euskara ardatz
Helburu bera dute Irisarrin ere. Iban Darrieumerlou antolatzailearen arabera, 2022an hasi ziren kabalkada bat egiteko xedea aztertzen, biztanleak elkartzeko, bai eta euskara plazara ateratzeko ere. Erran du 2012an egin zuten kabalkada ikusirik herritarrak «biziki» motibatuak agertu direla. «Kabalkadan parte hartzeko izen ematea ireki genuelarik, jende andanak eman zuen izena, eta horrek pixka bat beldurtu gintuen!».
Gainera, kabalkada euskaraz osatzeko xedea ukan dute. Darrieumerlouri garrantzitsua zaio kabalkada euskaraz egitea, ez baitu uste euskararik gabe horrelakorik sor daitekeenik. Hala ere, zehaztu du Plazara kolektiboarekin saio batzuk egin zituztela euskaldunak ez diren parte hartzaileek euskarazko oinarrizko hitzak ikas zitzaten, eta ahalegina egin eta lehen hitza euskaraz izan dadin.
«Gure helburua lortu dugu. Azken errepikak kasik euskara hutsean egiten ditugu, eta gako garrantzitsuak bakarrik itzuli ditugu frantsesera»
IBAN DARRIEUMERLOUKabalkadako antolatzailea
Horren karietara, antolatzaileentzat ez da erronka ttipia izan, orotara berrehun pertsonak parte hartzen baitute kabalkadan. Formakuntza saioak «arrakastatsuak» izan dira, eta euskaraz aritzeko ahalegina egin du jendeak, Darrieumerlouk esplikatu duenez. «Gure helburua lortu dugu. Azken errepikak kasik euskara hutsean egiten ditugu, eta gako garrantzitsuak bakarrik itzuli ditugu frantsesera».
Kabalkada herriak sortu duenez, herriko gaiak aipatzen dituzte toberetan. Herriko anekdota frankorekin hasi, eta gai orokorragoak kritikatzeko eta salatzeko zirtzilkeriak plazaratuko dituzte. Hala ere, Darrieumerlouk nabarmendu duenez, ez dituzte ohiko toberak eginen, libertimenduetako antzerki eredua hartuko baitute eredu gisa. «Taula zuzendariak proposatu zigun libertimenduetako eredua hartzea antzerkiaren egiteko; orduan, guk ez dugu kabalkadetan ikusten den ohiko epaia proposatuko».
Tobera mustratik kabalkadara
Kabalkada, erritu kultural oro bezalaxe, aldatuz joan da denborak aitzina egin ahala. Peio Berterretxek, Donapaleun (Nafarroa Beherea) kabalkadei buruz eman hitzaldi batean, industriaren aitzineko «ekoizpen» gizartean kokatu zituen tobera mustrak. Xaribari mota bat dira, komunitate «ia autarkiko» baten ekoizpen kulturalari lotuak. Izan ere, herritarrek elkarren beharra zutenez bizitzeko, elkarren arteko harremanek zituzten ekoizpen kulturalak baldintzatzen.
Horren ondorio dira tobera mustrak, eta herrian gertatu eskandalu baten harira egiten zen eguneko «kondena gorena». Plazan egiten zen epaiketa, ardura gazteek eramanik eta usu herriko bigarren ezkontzen aferei loturik. Errate baterako, ohikoa zen tobera mustra bat egitea gizon zahar bat emazte gazte batekin ezkontzen zelarik.
XIX. mendean, Ipar Euskal Herrian industrializazioa berriz hasi zelarik, herrietako bizimoldea aldatu zen, eta, beraz, toberak ere bai. Hain zuzen ere, 1910eko Hazparneko (Lapurdi) toberetan fikziozko gai bat hartu zuten mintzagai lehenengo aldiz. Jatorrizko azken tobera mustra 1937an egin zen, Irisarrin, eta geroztik, 1960ko hamarkadan, abertzaleek «kontrabotereko» tresna gisa hartu zuten, toberak kontzientziazio tresna bilakatuta.
Gaur egungo egoera bertzelakoa da. Berterretxek, Lekorneko kabalkadako gazteen helburuak aztertu dituen heinean, ondorioztatu du nagusiki herri dinamika sortzea dela kabalkadaren helburua, baita herritarrek elkar ezagutzea ere. Haren arabera, kabalkadak egiteko garrantzi ertaineko motibazioen artean dira Euskal Herriko ekitaldi kultural bat izatea eta euskara gehiago erabiltzeko parada izatea.