Dokumentuaren akzioak
Kabalkada-Zintzarrotsa Urruñan
Kabalkada-Zintzarrotsaren irudimenezko eleak dituzu. Agerraldia ekaineko 7an (20:30) eta 15ean (17:00) ikusi ahal izanen duzu bertako pilota plazan.
Kabalkada-Zintzarrotsaren arizaleek bi errepika egin dituzte maiatzean.
Egitasmoa orain bi urte abiatu zuten, herriko Hazia eta Berttoli elkartearen eskutik.
Urruñan gogoratzen den azken Kabalkada 1947koa da. II. Mundu Gerraren ondorenean jokatua. Andre Zugazti urruñarrak 17 urte zituen orduan: “Dantzariak Lekornetik heldu ziren” kontatu digu. Erran nahi baita, bertze herrietan, bertze izenez naski, gisa bereko agerraldiak egiten zituztela.
Halaxe egin gaur egun ere. Irisarri, Itsasu, Lekorne edota Baigorrin, konparazione, antzekoak egiten dituzte: “Batzuek Tobera erraten dute, eta guk Zintzarrotsa. Printzipio bera da” erran digu Gerard Urrutiak. Bera dugu Kabalkada honen eragileetako bat. Nagusia, beharbada.
Zeline Duperou antolatzaile eta dantzariak azaldu digu urruñarren asmoa: “Herritarrek herritarrei ikusgarri bat eskaintzea, herritarren harremanak sustatzeko moldea ere bada Kabalkada”.
Tobera eta Zintzarrotsaz bertze, Astolasterra, Galarrotsa, edota Karrusa izenez ezagutuak dira Kabalkadak. Erdi Arotik heldu den usaia da. Europa osoan egin ohi zen agerraldia da, Charivari izenez ezagutua. Euskal Herrian, zorionez, bizirik dagoena.
Kabalkadek herritarren arteko gatazkak –senar-emazteenak, alargunen arra-ezkontzak…– plazaratzen zituzten iraganean. Gaur egun, herria ukitzen eta hunkitzen dituen gai sozialak epaituak izaten dira, inauteriaren printzipioaren zentzuan.
Gure irudimenari leku egin diogu berriz ere. 60 dantzarik hartu dute plaza, zaldizkoek lagundurik. “Kaskarotak, kadrile berriak, muxikoak, fandangoak, baltsak edota makil eta mazurka dantzariek kolorez bete dute plaza, musikarien nota ozenak entzuten ditugu. Kantariek eta bertsolariek doinu bereziko eleak abesten dituzte.
Jauntxoak eta herritarrak aharra pizten edo elkarri mokoka ikusi ditugu engoitik. Jujea, uxera (prokuradorea) eta abokatua epaiketan ari dira buru-belarri. Hara, laguna, jokoan diren gaiak ezagutu nahi izatera, Urruñako plazara bertaratu behar duzu.
Gerard eta Zeline-kin batera, Arantxa Duperou jostuna, Joseba Aurkenerena idazlea, Fred Iturria musikaria, Joxemari Ostolaza kantaria, Sustrai Colina eta Odei Barroso bertsolariak ikusi ditugu han-hemenka.
Ez dira izen eta herritar bakarrak, ez horixe. Filipe Aramendi eta Mixel Etxeberri ere ikusi eta entzun ditugu, “antzezleak” izan gabe antzez jokoan bikain ari.
Funtsean, izenik gabeko herritarrak ari dituzu plazan, kultura bizitzeko molde bat eta Urruña herria biziarazten dituztenak.
Dokumentuaren akzioak