Dokumentuaren akzioak
Juri Grigorovitxen baleta, Euskaldunan
'La Bayadere' eta 'Intxaur hauskailua' obren lau saio eskainiko ditu errusiar koreografoak asteon
Bukaera tragikoa duen maitasun istorio bati buruzko kontakizuna da La Bayadere, eta umeei zuzenduriko Gabonetako ipuina Intxaur hauskailua.
Munduko koreograforik onenatzat dute aditu askok Grigorovitx. Moskuko Bolshoi antzokiko koreografo nagusia izan zen errusiarra, 1964. urtetik 1995. urtera bitartean, eta bere zuzendaritzapean iritsi zen Bolshoi Balet konpainia arrakastaren gailurrera. Konpainiarekin taularatutako Loti ederra, Intxaur hauskailua, Espartaco eta Ivan ikaragarria obren bidez ukitu berritzailea eman zien Errusiako dantza klasikoei. Grigorovitxen eskutik, 90 bira egin zituen Bolshoik; mundu osoko maila goreneko antzokietako oholtzetan aritu zen.
1995. urtean, Bolshoi antzokiko zuzendaritzaren politikarekin desadostasunak zirela medio, ordura arte zuzenduriko konpainia utzi zuen Grigorovitxek. «Ez nuen nik bakarrik alde egin, orkestrako zuzendariak eta zuzendaritzako kide batzuek ere alde egin zuten», dio. Harrezkeroztik bere konpainia propioa zuzentzen du: The Juri Grigorovitx Theatre of Ballet. Eta oso gustura dago. Balet eskola bat ere zabaldu du, «etorkizunean dantzari bikainak izango direnak trebatzeko». Grigorovitxen ibilbidea ezagutzen dutenek zalantzarik ez dute dantzari bikainak aterako direla eskolatik.
Grigorovitx estiloa
Grigorovitx estiloaz mintzo dira adituak. Koreografo errusiarrak horrela definitzen du: «Teknika hertsiki zaintzen dut; Errusiako balet klasikoaren tradizioaren aldeko apustua egiten dut». Edozein dela gaia, krisiaz aritzea ohitura bihurtu den aldartean, Grigorovitxek baletaren krisiari buruz hitz egiterik ez dagoenik iritzi du: «Beste jarduera artistiko batzuetan jazotzen denez, sasoi onak eta sasoi txarrak ditu baletak. Batzuetan moteldu egiten da, besteetan, aldiz, suspertu».
Dokumentuaren akzioak