Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Julio Bocca: «Unerik onenean nagoela erretiratuko naiz»

Dokumentuaren akzioak

Julio Bocca: «Unerik onenean nagoela erretiratuko naiz»

Ekitaldi onenen bilduma eskainiko du gaur dantzari argentinarrak Donostiako Kursaal auditorioan

Egilea
Arantzazu Muñoa
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/10/10

Nine sinatra Songs eta Cruz y ficción obrak interpretatuko ditu dantzari argentinarrak. Cecilia Figaredorekin batera lehena eta Victoria Balanzarekin bigarrena. Programa askotarikoa eta garaikidea eskainiko du: «Ikustean oso erraz ematen du denak, ezertan ez garela ari dirudi, baina dantzariarentzat oso lan konplexuak dira», dio Boccak.

Nazioarteko azken bira ari da egiten dantzaria, eta, abenduaren 22an Buenos Airesen aire librean egingo duen emanaldiarekin, 40 urte bete berritan, agur esango dio behin betiko dantzari: «Unerik onenean nagoela erretiratuko naiz, eta agian horregatik ere bada erretiratzeko garaia. Taula gaineko emanaldien oroitzapen onarekin utzi nahi dut jendea».

Erretiratzen denean, denbora batean, behintzat, ezer egin gabe egon nahi du Boccak: «Abenduaren 22tik aurrera, hasteko etxean egon nahi dut; inolako ordutegi eta betebeharrik izan gabe. Goizean jaiki eta une horretan zertarako gogoa dudan ikusi nahi dut». Dena den, badaki 1990ean berak sortutako Argentinako baleta edota fundazioa hor izango dituela gero ere. Koreografiak sortzen inoiz ez litzatekeela ariko aitortu du, horretarako «berezko dohaina» behar baita. Etorkizunera begira jarrita, zuzendaritzan ikusten du bere burua: «Hori da gehien gustatzen zaidana, profesionalekin lan egitea. Nik uste dut ezer egin gabe nagoen denbora horretan 'eta orain zer?' galdetzen diodanean neure buruari, alderdi horretatik bideratuko dudala bizitza».

EGINDAKOAREKIN HARRO. Bere ibilbidean denbora asko Argentinako baletari eskaini ziolako, dohainak ez zituela ahal bezain ongi garatu esan izan du batek edo bestek. Ordea, gustura dago egin duena egin duen bezala egin duelako: «Produkzio eta konpainia handietan lan egin nezakeen, baina nik beste bide bat hautatu nuen. Beste era bateko jendearekin lan egiteko modua izan dut, eta gauza berriak egiteko aukera eman dit horrek».

Puntu gorenera iritsi denean utziko du baleta. Erabakia orain dela urtebete hartu zuen, eta ordutik bateko eta besteko taulak agurtzen dihardu. 2007ko abenduaren 22a gerturatzen ari den heinean, geroz eta seguruago sentitzen da erabakiarekin: «Oso beteta eta ongi sentitzen naiz neure buruarekin. Gainera, ekitaldiak oso ongi daude, baina aurrekoa eta atzekoa geroz baino geroz gutxiago jasaten dut: eskolak, entseguak, bidaiak... Ez nago triste, banoalako. Izan ere, egin dudan guztia nahi nuen bezala egin dut. Etapa bat itxi eta beste bat hasiko dut orain. Uste dut puntu gorenera iritsi naizela-eta harro nago nire karreran egin dudanaz. Eta berriz egin beharko banu, egin dudan bezalaxe egingo nuke».

Balet klasikoarekin hasi zen Bocca, baina beti saiatu izan da bere lanetan berrikuntzak sartzen eta aurrekoek egina hobetzen: «Lasai asko jarraitu ahalko nukeen Don Kixote egiten eta nire karrera aurrera atera. Baina gauza gehiago eta berriak egin nahi izan ditut. Saiatu naiz eroso zitzaidan horrekin bakarrik ez geratzen».

Dantzaria bera baino gehiago, jendeak dantza gogora dezan gustatuko litzaioke Boccari. Haren ustez, baletaren erronka belaunaldi berriek lehengoek egin zutena gainditzea baita: «Nik Varyshnicov eta Nuriev gainditu beharra neuzkala sentitu nuen. Nik bide eta helburu bat markatuta utzi dut. Atzetik datorren jendeak hori gainditu behar du, beti hobetuz joateko».

Argentinako dantzariaren ustez, dena den, belaunaldi berrien egitekoa ez da erraza izango. Jaialdiak orain ere badaudela dioen arren, haien kalitatea txikitu egin dela uste baitu.

«Ez nago triste banoalako; oso beteta sentitzen naiz egin dudan guztia nahi nuen bezala egin dut eta»

JULIO BOCCA

dantzaria

Dokumentuaren akzioak