Joan den zapatuan Seguran jokatu zen Euskal Herriko 47. Dantza Askatu Txapelketa irabazi zuten Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrek. Zazpi aldiz aurkeztu dira txapelketara, eta azken bost urteetan hiru garaipen lortu dituzte.
Azken bost urteetan, hiru aldiz irabazi duzue. Zelan sentitzen zarete?
Oso pozik gaude. Oraindik sinistu ezinik. Nork esango zigun guri dantzan hasi ginenean egunen batean hiru Euskal Herriko Txapelketa irabaziko genituenik.
Lorpen hau nori eskaini diozue?
Gure atzetik, txapelketaz txapelketa guri jarraika ibili diren guraso, familia eta lagunei. Eta nola ez; bikote hau sortu duen Maite Lazkano irakasleari.
Iazko irabazleak izanda, presio gehiago zenuten irabazteko?
Inguruko jendeak egiten dituen iruzkinengatik, agian, presioa bai, baina beti ateratzen gara ahalik eta ondoen egitera nahiz gure buruarekin gustura geratzera. Gero hortik datorrena ongi etorria izaten da. Helburu nagusia ez da irabaztea, baizik eta ondo egitea.
Zapatuko dantzaldia ikusi baduzue, badago zerbait hobetzerik?
Bai, ikusi dugu. Normalean gurasoren batek telefonoz grabatzen du. Ondoren, ikusten dugu bideoaakatsak, gauza onak edota egindako aldaketak nola geratzen diren ikusteko. Nahiz eta irabazi, beti ikusten dira akatsak edo hobetzeko gauzak, eta horretan zentratzen gara txapelketatik txapelketara hobetzeko.
Nolakoa izan da txapelketako astea?
Txapelketako astea beti da berezia. Konturatzen zara denboraldi hasieran urrun ikusten duzun data bat iristear dagoela. Jendea galdezka hasten da aste horretan al den, zer moduz gauden, animoak ematen dizkizute... Horrez gain, bestela, astea normal igarotzen da; ikasketekin eta entsegu batzuk egiten.
Euskal Herriko Txapelketak puntu kritikoa izan zuen.
Lehen bikote gehiagok hartzen zuten parte, eta urte batzuetan dezente baxua izan zen parte-hartzaile kopurua. Orain, poliki-poliki badoa gorantz, eta gainera, gaztetxoen mailako txapelketetan nahiko bikote daude jarraipena emateko.
10 urte elkarrekin dantzan. Aldatu duzue dantzatzeko era?
Lehenengo txapelketetan, errazagoak ziren pausoak sartzen genituen, hain teknikoak ez zirenak. Urteak pasa ahala joan gara zailtasun handiagokoak sartzen; gure indarguneak nabarmentzeko pausoak sartzen. Azkenean, dantza gure indaguneetara moldatzen da. Gehien bat saiatzen gara nabarmentzen puntak eta gure arteko elkar-ulertzea. Dantza parean egiten dugu, eta uste dugu nahiko eleganteak garela dantza egiteko orduan. Saiatzen gara pauso berriak sortzen eta horiek entseatu eta pauso horiek jendaurrean erakusten.
Euskal Herriko Txapelketan parte hartu duzuen Debagoieneko bikote bakarra izan zarete. Bailaran ze egoeratan dago dantza askatua?
Tradizio handia izan duen modalitatea da, eta horren adibide garbia dugu, Bergaran bertan, gure aurretik oholtzan eta txapela buruan izan duten hamaika dantzariren kasua. Azken urteotan gu bakarrik egon izan garen arren, eskualdean euskal dantzak bizirik daudela agerikoa da. Hori erakusten dute herriz herri dantza-taldeei bizia ematen dieten dantzariek. Hortik txapelketetara dagoen jauzia azken urteotan ikusi ez dugun arren, euskal dantzak bizirik dirauen bitartean beti egongo da hazteko eta hedatzeko aukera. Gogoa badago, egitera bultzatu nahiko genituzke dantzari horiek guztiak. Esperientzia probatzea beti aberasgarria delakoan gaude.
Datorren urtean jarraituko duzue?
Oraindik ez dugu berbarik egin elkarren artean datorren urteari buruz, baina dena ondo joaten bada, uste dugu hamar urteko ibilbideari jarraipena emango diogula.