Dokumentuaren akzioak
Juantxo Arregik omenaldia jaso zuen Adunako Axeri Dantza berreskuratzen egindako lanagatik
Adunako Axeri Dantza Taldeak Andoaineko Juantxo
Agirre omendu zuten eta plaka bat eman zioten oroigarri gisa. Agirrek
Adunako taldeari erakutsi zion herrian jada galduta zegoela dantza
tradizioa. Urte askotan eta aurten ere, herriko taldearekin batera
parte hartu du ekitaldian.
Dantza berreskuratzea
Axeri
Dantza Gipuzkoako hainbat herritan dantzatzen zen herriko jai
garrantzitsuenetan. Hala ere, piskanaka galduz joan zen eta XX. mende
hasierarako Andoainen eta Adunan bakarrik mantentzen zen. Herri hauetan
dantza eta bere musika oso ondo menperatzen zituzten pertsonak zeuden
gerora laguntza handia eskeiniko zutenak bere berreskurapenerako, hala
nola, Inazio Aizpurua eta Bixente Olano Andoainekoak eta, Faustino
Sorondo eta David Zabala Adunakoak.
Gerra Zibilarekin batera,
1930. hamarkadan, guztiz galdu zen dantza hau ekitaldi bezala. 1974
urtean, hala ere, Andoaineko Lizar Makil Dantza taldeak Axeri Dantzaren
berri izan zuen Bixente Olanoren bidez. Momentu honetatik aurrera
Inazio Aizpurua txistulariarekin harremanetan jarri ziren eta honek
doinua eta dantza erakutsi zizkien. Dena dena, ez zen nahikoa izan eta
koreografia osatzeko Faustino Sorondo eta David Zabalarengana jo behar
izan zuten.
Honela, 1975 urtean lehenengo aldiz dantzatu zen
berriro Adunan Axeri Dantza, Lizar Makil Dantza taldearen eskutik.
Dantzaren muina mantendu egin zen, aldaketa bakarrak janzkerari eginez.
Hasieran dantzari bakoitza nahi zuen bezala joaten zen, batzuk oso
dotore eta besteak ez hain dotore.
Horregatik guztiek
alkandora txuria, horren gainean blusa gorriak eta galtza ilunak
eramatea adostu zen, baita buruan koloretako zapi bat. Gainera
gutxieneko partaidetza zazpi dantzari izatea erabaki zen. Ordutik
nahiko jarraian mantendu da ekitaldi hau herriko jaietan. Azken
urteetan herriko gazteek osatutako talde batek dantzatzen du.
Dokumentuaren akzioak