Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Juanan Aroma: "Durangoko dantza taldeen argazkietan herriaren historia zati bat ikusten da"

Dokumentuaren akzioak

Juanan Aroma: "Durangoko dantza taldeen argazkietan herriaren historia zati bat ikusten da"

1887tik 1960ra Durangon egon diren dantza taldeen argazkiak batu ditu Juanan Aroma txistulariak.

Komunikabidea
anboto.org
Tokia
Durango
Mota
Albistea
Data
2010/10/15
Lotura
anboto.org

Zelan hasi zinen argazkiak batzen?
Durangon desagertu zen talde bateko lagun batzuk elkartu ginen, eta talde haren "Garbi Alaiak"en argazkiak batzea pentsatu genuen. Batzar batzuk egin genituen baina ez genuen asko aurreratu, eta nik heldu nion. Garbi alaiakekin hasi nintzen, baina apurka beste argazki batzuk ere lortu nituen, eta proiektua handitzea pentsatu nuen. Galdeketegi bat prestatu nuen jendeari galdetzeko ea zenbat pertsona zeuden taldean, zer errepertorio zeukaten... pertsona nagusienekin hastea pentsatu nuen, gazteengana jotzeko astia edukiko nuela pentsatuta.

Denboran nahiko atzera egin duzu azkenerako.
Bai, argazki zaharrena 1887koa da, eta neska-mutikoen talde bat agertzen da, ezkutuekin, makilekin eta ezpatekin. Artxiboetan aipatzen den talderik zaharrena 1.776.urtekoa da, baina haren argazkirik ez dago. Datu hori Iñaki Irigoienek eman zidan, Durangoko artxiboetatik jasota. Txistularien datu zaharrena 1556.urtekoa. Ordutik behintzat badaude txistulariak Durangon.

Dokumentazio lan handia egin duzu.
Bai, udaletxetako aktak asko jasota Iñaki Irigoienek. Topea 1960an ipini nuen, Garbi Alaiaken desagerpenagaz.Desagertutako taldeen historia bat gura neban egin.

Sorpresarik hartu duzu?
Sorpresa onak. Kolaborazioa oso ona eduki dut. Etxerik etxe ibili naiz eta oso laguntza ona eduki dut, eta pentsatu baino material gehiago egon da; Durangon talde piloa egon dira. Beti eduki du indarra dantzak, gerra aurretxoan, esaterako, lau talde zeuden Durangon. Dena agian ez nuen jasoko, baina egindako lana gerorako hor geratuko da. Beldur nintzen ostantzean desagertu egingo zirela. Bilduma polito geratu dela uste dut. Argazkiak ikusten dituenak Durangoko historia zati bat ikusiko du.

Txistulari ezaguna zara. Sanfaustoetan ere han ikusi zintugun, pregoian Jon Saroberi laguntzen.
Txapela bota behar zuela-eta, bai, eskatu egin zidan aurreskuaren hasierako zatia jotzeko. Askotan izan gara bikote; gehienetan, nik esango nuke.

Urte askotan zabiltza txistulari. Noztik?
Lehenengo orain dela 54 urte irten nintzen, 11 urtegaz "Garbi Alaiak"ekin.

"Garbi Alaiak"en zer oroitzapen daukazu?
Orduan sasoian ez zeuden gaur dauden aukerak gazteentzat. Mendia, futbola, eta futbolerako balio ez genuenak mendira-eta joaten ginen. Eta dantza taldeak. Jendea ezagutzeko eta bikoteak ezagutzeko bide bat zen. Nik behintzat oroitzapen ona dauka. Igari egiteko erreketara joaten ginen, eta punto.

Durangoko txistularien taldean ere bazabiltza buru-belarri.
Arduradun moduan kontzertuak antolatzen-eta, bai, banabil. Dantza taldekoei esan diet laster jubilatu egin behar naizela, eta eurek ezetz! Txistulariekin ere hor nabil, eta ea apurka-apurka gazteek ardurak hartzen dituzten.

Horrenbeste lekutan txistua jota, anekdota gutxi ez!
Beti gogoratzen naiz oraindik gaztea nintzela Mañarian egon nintzela jotzen. Beste txistulari bat zegoen beste nota bat sartzen zebilela, eta harek konfunditu egin ninduen eta ezpata dantan zebiltzala mutilak, arku dantza jotzen hasi nintzen. Zelako lotsa! Mutilak han geratu ziren, ezpatak airean... horrelako hankasartzeak tarteka bai, ezin dena ondo egin!

Dokumentuaren akzioak