Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Nik grabatu nion Mauriziori lau bueltako Andre Madalen bat lau bueltak desberdin jota»

Dokumentuaren akzioak

«Nik grabatu nion Mauriziori lau bueltako Andre Madalen bat lau bueltak desberdin jota»

Juan Mari Beltran, «Orhiko xoria» diskoaren egilea eta herri musikan aditua

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/05/22


Hernaniko Musika Eskolan hogeita batgarren ikasturtean daude. Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa martxan jarri zutenetik Juan Mari Beltranek dultzaina eta txistua utziak ditu, baina txalaparta eta albokarekin jarraitzen du eta gero eta ikasle gazteagoak omen ditu. «Orain hogei urte, txalapartako matrikuletan 30-45 urte arteko ikasleak nituen. Orain 25 urtez behekoak dira denak. Emanal- dietan ere bereziki gazteak ikusten ditut. Lehengoan Eliseo Parra eta Alberto Jambrinarekin bat egin nuen Valencia de Alcantaran batzar batean, eta inbidia zidatela esaten zidaten, beti gaztez inguraturik nabilelako. Hogei urte barru ere jendea ibiliko da musika horren inguruan ekarpenak egiten. Orain Iker Goenaga eta Ibon Koteron ari dira hemen ekarpenak egiten; hots, forma eta erritmo berriak lantzen, neurri zailetan sartzen. Eta hemendik hogei urtera beste batzuk ibiliko dira», esan du Txalaparta Festan Biteri kultur etxera etorri den Ttakunpa taldekoei laguntzen dien bitartean. Goizean Bilbon bere hainbatgarren diskoa aurkeztu du: “Orhiko xoria”. Bertan, txistua, alboka, dultzaina eta beste herri instrumentu batzuetako maisuen pieza bakan batzuk interpretatu ditu, omenaldi gisa, eta Ipar Euskal Herriko bitxi batzuk ere sartu ditu, aniztasuna eta kolorea emate aldera.

­Txilibrin, Monttetarrak, Maurizio edo Gorrotxategiren piezak ekarri dituzu diskora. Zure maisuei omen egiteko modu bat al da?

Denak ezagutu nituen. Horien guztien sukaldeetan ordu asko pasatutakoa naiz. Baina ez ditut beren horretan interpretatu nahi izan, haiek tradizioarekin egiten zuten moduan nik ere neure barrutira ekarri nahi izan ditut. Tradizioa gauza bizi bezala hartzen zuten haiek eta hartu behar dugu guk. Disko honetan, beraz, musika egiteko modu libre bat ageri da. Nik ez dut ‘Bortian Ahuzki’ Pierre Caubet Lakarriko artzainak kantatzen zuen bezala kantatuko, berak ere ez baitzuen sekula berdin kantatzen. Leon Bilbaok ez zuen jotzen bere aitak bezala; Txilibrinek ez zuen jotzen bere aurrekoek bezala; Mauriziok askotan esaten zidan aitak bezala jotzen zuela, baina ez zen egia, beti berritzen ari zelako. Berak fandango bat jotzen zuenean, ez zituen sekula bi buelta berdin jotzen. Nik grabatu nion Mauriziori lau bueltako Andre Madalen bat laurak desberdin jota.

­Zer esan nahi du horrek zuretzat, interpretari izateaz gainera musika egiten zutela?

Ez zirela interpretari hutsak. Musika hori hartu eta jolastu egiten dute eta etengabe berritzen ari direla. “Baztango zortzikoa” bitan grabatu nion oso-osorik, eta batetik bestera alde handiak daude, baina hori bai, bietan “Baztango zortzikoa” da.

­Inoiz esan duzu Maurizio Elizalde XX. mendeko euskal musikari handienetako bat izan zela.

Berak seguru asko ez zituen gauzak horrela ikusiko, baina musika menderatu egiten zuen. Mauriziok grabatu dituen disko guztiak interpretatu ahala grabatuak izan dira. Nirekin bat grabatu zuen eta ez zuen pieza bakar bat errepikatu.

­Publiko ezberdina al zuten txistulariek, dultzaina-jotzaileek edo albokariek?

Bakoitzak bere ingurua eta giroa zuen, noski. Baina instrumentu bakoitzaren baitan ere inguru ezberdinak ziren. Maurizioak kaletar giroan jotzen zuen, baina baserritar giroko musika ekartzen zuen. Elizagatarren txistua, bestalde, hirikoagoa zen, joerak eta bariazioak hirikoak zituzten, eskolatik gertuagoa Mauriziorenak baino. Gauza bera gertatzen da beste instrumentu batzuekin ere. Baina, joerak joera, oso maila altua zuten, oso musikari onak zirela, profesionalak zirela, ez diru aldetik, baina bai ofizioz. Nik askotan esan dut Leon eta Txilibrin albokak egiten hasten zirenean ere erabat profesionalak zirela. Bazekiten alboka horiek horma batetik zintzilik egongo zirela bere aldi osoan, baina, hala ere, probatu eta afinatu egiten zituzten saldu aurretik. Etxe horietatik ez da funtzionatzen ez zuen albokarik atera. Euskal etxeren batean zintzilik egoteko zirela esaten zioten Txilibrini, baina horrek, hala ere, jotzeko zirenak bezala egiten zuen alboka hori.

­Zure disko berrian bakoitzetik pieza bat hartu eta zeureganatu egin duzu. Horrek kolorea ematen dio diskoari.

Oso gauza ezberdinak daude. Txistulari zaharren errepertoriotik “Kontradantza” bat hartu dut eta horren ondoan “Baztango ioia” jarri dut eta hori bitxi bat da. Ez du zerikusirik gaurko musikaren neurriekin. Hau zer konpasetan dago? Galdetzen duenari, konpas askotan dagoela erantzun behar zaio. Oso pieza konplexua da. Garai batean, beharbada dantzatu egingo ziren pieza horiek, baina gaur ezin dira dantzatu.

­Aita Donostiari edo Agiñako harrespilei ere eskaintzen diezu pieza bat.

Gure musika zaharraren biltzaile handienetakoa izan zen Aita Donostia, eta, aldi berean, abangoardista musikagile moduan. Oteizak monumentu bat jarri zion Agiñan, eta harri horiek kantuan jarri ditut, harrian txalaparta joaz. Harriaren hotsa entzuten da. Orhitik abiatu, Ahuzkin geratu eta Agiñatik barrena egiten du bidaia diskoak. Hegaldi bat da, baina lurra hartzen du tarteka, Zuberoako Muneinak jotzeko, Urola aldean Monttetarren pieza bat jotzeko, Zegaman Gorrotxategiren martxa jotzeko edo Arratian Txilibrini omen egiteko.

­Zuberoako Muneinen kasuan 1913ko bertsio bat ere entzun duzuela diozue diskoari buruzko informazioan.

Rudolf Trebitsh austriarrak egin zuen grabaketa, eta jatorrizko grabaketa hori Austrian entzun genuen argizariko disko batean, baina guk 68ko maskarada bateko bertsioa jo dugu.

­Zu garai horretan hasi zinen euskal folklorea aztertzen ere.

Nire lagun batek bazuen Philips markako grabatzaile handi bat hamar bat kilokoa maleta batean erabiltzen zena, eta maskarada batera joan ginen grabatzera. Hor hasi ginen folklorea beste modu batera ikusten. 66an 19 urte nituen eta Argia dantza taldean nenbilen. Urbeltz orduantxe hasi zen eta Oteiza entsaio guztietara etortzen zen eta hark ireki zigun leihoa. Hari esker hasi nintzen abentura honetan sartzen. Deskubritu genuen folklorea tradizio bizia zela. Dantza eta musika ikusteko modua erabat aldatu zen. Orduan ohartu ginen bertsio guztiek dutela balio bera. Musika aztertzen hasi ginen eta Bartok hartu genuen erreferentzia bezala, Bela Bartok. Abangoardiako musikagile izanik ere, 35.000 doinu zahar bildu zituen herri musikan. Herri musika interpretatzen den unean bakarrik existitzen zela zion Bartokek.

­Noiz emango duzue diskoa zuzenean?

Taldean sei gara, grabazioan Zohar Fresco israeldarrak lagundu bazigun ere, Noa kantariarekin aritzen denak. Hirurekin ere ematen ditugu emanaldi batzuk. Larunbat honetan joko dugu Oñatiko Mundumiran eguerdian, eta arratsaldean, Gizaburuagan. Hilaren 24an, Hernanin izango gara. Kataluniako jaialdi batera goaz ondoren, eta beste hainbat hitzordu etorriko dira gero. -

Dokumentuaren akzioak