2014az geroztik, Manuel Lekuona saria ebazteko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da bozketa bidez, eta Eusko Ikaskuntzaren bazkideena ere biltzen da. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza. Aurten, epaimahai hori, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen, Eresbil-Musikaren Euskal Artxiboaren, Barandiaran fundazioaren, Euskal Kultur Erakundearen, UN Etxearen, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskarabidearen ordezkariek osatu dute, Eusko Ikaskuntzakoekin batera. Beltran saritzea dela eta, epaimahaiak azaldu du haren lana «dibulgazio multidimentsionala» izan dela: «Txikitik unibertsalera joan da. Izan ere, instrumentu familia desberdinak Europako ingurune kulturalean barneratzen eta kokatzen laguntzen du».
Epaimahaiaren iritziz, «ondareari abangoardiako itxura ematen» asmatu du Beltranek, «eta prestigio gabeko musika tresnei merezi duten errekonozimendua ematen»
Era berean, epaimahaiaren iritziz, «ondareari abangoardiako itxura ematen» asmatu du Beltranek, «eta prestigio gabeko musika-tresnei merezi duten errekonozimendua eman». Pozik agertu da saritua: «Sorpresa bat izan zen hautagaia izateko deitu zidatenean, eta sorpresa are handiagoa erabakia jakin dudanean». Haren ibilbide profesional osoari egindako aitortza da Manuel Lekuona saria, eta Beltranek azpimarratu nahi izan du ez dela bakarrik egindako bidea: «Musikan, eskoletan, landa lanetan, beti lagunen presentzia izan dut, eta hau denentzako errekonozimendua dela uste dut».
Beltranek Etxarri Aranatzen (Nafarroa) ekin zion musika ibilbideari, klarinetista eta txistulari gisa, eta, 16 urterekin, Argia Donostiako euskal dantza taldean sartu zen. Irakasle gisa, Hernaniko (Gipuzkoa) Musika Eskolan eman zituen lehenengo pausoak, alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakasten.
1960ko hamarkadan, musika herrikoiari buruzko materialak biltzen hasi zen. Desagertzear zeuden instrumentuak berreskuratu, eta haiek aztertu izan ditu Beltranek, eta beste horrenbeste egin du galdurik zeuden euskal musikaren errepertorioko konposizio askorekin ere. Bilduma partikular hori Soinuenea-Herri Musikaren Txokoaren ernamuina izan zen; 2002. urtean zabaldu zuen folklore tradizionalaren inguruko dokumentazio, sustapen eta topaketa zentroa, Oiartzunen (Gipuzkoa). Egindako lan guztiaren harira, hurrengoa esan du Beltranek: «Kontuz ibili behar gara askotan, pasioaren eta obsesioaren arteko muga txikia baita».
«Musikan, eskoletan, landa lanetan, beti lagunen presentzia izan dut, eta hau denentzako errekonozimendua dela uste dut»
JUAN MARI BELTRAN2024ko Manuel Lekuona sariduna
Euskal Herrian, bere esparruan bakarra da museo hori, eta jarduera garrantzitsu asko eramaten ditu aurrera bertan: instrumentuak, partiturak, diskoak, ikus-entzunezkoak eta grabazioak bildu ditu Beltranek han, etnomusikologian espezializatutako liburutegi batekin batera. «Nire ibilbidearen azken geltokia da Soinuena. Topagune bat da, bilgune bat, erakusleiho bat, artxibo bat... nire ibilbidearen erremate bat, baina aldi berean abiapuntu bat ere bada».
Hainbat ekitaldi antolatzen dira urtean zehar Soinuenean. Bisita gidatuak, musika klaseak, kontzertuak, dibulgaziorako jardunaldiak... «museo bizi bat» da Beltranen ustez. «Ez dio txarrik egingo sari honek Soinueneari». Bisita gidatuen bidez haren ikerketen transmisioa gauzatzen dela uste du sarituak. Askotan harrituta gelditzen da haurrek izaten dituzten erantzunarekin: «Intxaur batekin egiten dugun soinuak zirrara sortzen die, besteak beste, eta halako momentuak izugarriak dira guretzat».
Erlazionatuta
Beltranek herri musikari eta folkloreari buruzko azterlan ugari garatu ditu Euskal Herrian eta nazioartean, eta musika tresnen familiak Europako kultura ingurunean integratzen eta modu globalean ulertzen lagundu du. Horrekin batera, musika tradizionalaren eta garaikidearen arteko zubiak eraikitzen inplikatu da. «Gauza askotan ibilitakoa naiz, eta niretzat benetako saria horietan aritzea izan da».
1967. urtean hasi zen lehen aldiz musika biltzen; kasu horretan, grabatzen. «Barkoxeko [Zuberoa] maskaradan nintzela Pierre Ager atabala jotzen grabatu nuen, txirula batek laguntzen zion bitartean. Hura izan zen nire lehen aldia artxiboa osatzen». Gaur egun, bere lana egiten jarraitzen du Beltranek, baina atzera begira jarriz, bere ibilbidea «abentura bat» izan dela adierazi du.