Noiz murgildu zinen dantzaren munduan?
Beti esan izan didate ama dantzari ona izan zela, eta hura hil zenean harra piztu zitzaidan. Egun batean, gainera, emazteak esan zidan dantza eskola batean izena eman zuela. Niri ere gustatuko litzaidakeela erantzun nion, eta azkenean, izena ematea erabaki nuen. Hainbat eskoletan aritu naiz, baina 2015ean hasi nintzen Azpeitiko Dantzaki eskolan. Guztia berria zen niretzat, eta hasiera batean asko kostatu zitzaidan arren, dantza erakustaldietan parte hartuko al nuen galdetu zidan Ines Izagirre dantza bikotekideak; baiezkoa emanda hasi ginen erakustaldietara joaten. Pandemia iritsi baino urtebete lehenago, berriz, Euskadiko Retro Dantzen Txapelketan parte hartu genuen, eta oso ondo atera zitzaigun. Gustura amaitu genuen; salsa dantzan lehenak izan ginen, eta bigarrenak, bachatan.
Duela gutxi, Senperen (Lapurdi) jokatu zenuten Frantziako Retro Dantzen Txapelketan sariak lortu dituzu. Nola joan zen txapelketa?
Oso urduri egon nintzen egun hartan, orain arte egon naizen urduriena, beharbada; ez dakit Frantzian zelako edo zergatik nengoen horrela. Halere, lehen postua lortu genuen bachatan. Salsa dantza, ordea, ez zitzaidan behar bezala atera. Zeozer txukundu genuen amaieran, eta hirugarren postua lortu genuen.
Txapelketa gehiagotan ere parte hartu izan duzu, ezta?
Euskadiko eta Kantabriako txapelketetan parte hartu ohi dugu normalean, baita Frantziako txapelketan ere. Aurten, Madrilgo txapelketa antolatzekoak dira, eta hara ere joan nahi dugu, nahiz eta ez dakigun parte hartzerik izango dugun. Txapelketaz txapelketa ibiltzeko asko bidaiatu behar denez, afizio garestia bihurtzen da dantza. Horregatik, inguruan ditugun txapelketetara joan ohi gara.
Zer egiten zaizu zailena dantzatzean?
Zeuk nahi duzunaren araberako zailtasuna du dantzak. Dantzatzea, berez, ez da zaila. Duela gutxi, lagun batek esan zidan lotsatu egiten zela gu guztion aurrean dantzatzen, gu beste maila batean ikusten gintuelako. Orduan, zekiena dantzatzeko esan nion, eta egiten zuenaz gozatzeko. Erakustaldietan eta txapelketetan koreografiak oroitzea egiten da zailena. Aldiz, koreografian zilipurdiren bat egitea, zer esanik ez, gehiago kostatzen da.
Txapelketak irabazteko lan asko egin behar da aurretik, eta zuek, gainera, koreografiak lantzen dituzue. Zer moduz moldatzen zara koreografiak prestatzen?
Ezagutzen ditugun pausoak oinarritzat hartuta, geuk prestatzen ditugu koreografiak, beti ere eskoletan ikusitako eta gustatutako irudiak aintzat hartuta. Lehen urteetan, oinarrizko koreografiekin aritzen ginen, baina txapelketetan parte hartzen hasi ginenean, koreografia berriak sortzen hasi ginen. Koreografiak prest ditugunean, astean bi edo hiru aldiz egiten ditugu entseguak. Txapelketa eguna gerturatzen denean, berriz, laugarren bat ere egiten dugu. Gainera, madrildar batzuek klase partikularrak ere ematen dizkigute. Horiek gure koreografiak zuzentzen eta fintzen dituzte, gure dantza ikusgarriagoa izan dadin.
Zein da dantzarekin lotuta duzun lehen oroitzapena?
Oroitzapen oso txarra da. Ikasturtea hasita zegoen ni dantzan hasi nintzenerako, eta ez nintzen ohartzen egiten nuenarekin. Uztekotan egon nintzen, dantza niretzat ez zela pentsatuta, baina hastapen mailan zeuden ikasleen talde batean sartu ninduten. Orduan gustatu zitzaidan dantza.
"Dantzak asetu egiten nau; hein batean, dantzatzea baino gehiago da dantza"
Zer esanahi du zuretzat dantzak?
Gaur egun, ez nuke ulertuko nire burua dantzarik gabe. Kirola egiteaz gain, jende asko ezagutzeko aukera izan dut. Dantza soziala ere egiten da inguruan, eta horietan parte hartzeko joera dut. Hau da, egun eta ordu jakin batzuetan dantza jartzen dute, eta beste dantza eskoletako jendea ezagutzen da saio horietan. Dantzak asetu egiten nau; hein batean, dantzatzea baino gehiago da dantza. Musika jarri orduko oinak mugitzen zaizkit.
Ba al duzu dantzari lotutako anekdotarik?
Behin, Urrestillan nuen erakustaldi batean zuri gelditu nintzen; ez nekien zer egin behar nuen, ez nekien zer mugimendu egin behar nuen segidan. Koreografiak bi edo hiru minutukoak izan ohi dira, baina une hura nire bizitzako tarterik luzeena izan zen, ez nekien non sartu.
Dantza eskola bateko kidea zara. Zergatik uste duzu jendeak dantza eskoletan izena eman beharko lukeela?
Guztiek probatu beharko lukete dantza. Kirol konpletoa da dantza, eta garapen fisikoaz gain, mentala ere lantzen da; izan ere, dantzatokian zaudenean oinak eta eskuak non jarri pentsatzen egon behar izaten da. Halaber, arazo guztiez ahazten da dantza eginda, eta sozialki harremantzen ere laguntzen du. Horregatik, uste dut jendeak gutxienez proba egin beharko lukeela. Gizonak dantzara animatuko nituzke, dantzan beti baitago haien falta.
"Dantzatzean gozatzeari utziko banioke, dantza utziko nuke"
Jendaurrean aritzeko beldurrak gainditzea garrantzitsua da. Izaten al duzu beldurrik dantzatokian sartu aurretik?
Dantza egin aurreko uneak eta ondorengoak ederrak dira. Halere, dantzatokira sartu eta dantzatzen hasi aurretik, nire buruari galdetzen diot dantza ondo aterako al den edo pauso guztiak oroituko al ditudan. Guztia ondo ateratzen ari dela ikusten dudanean, une ederra pasatzen dut. Gozatzen duen horietakoa naiz, eta dantzatzean gozatzeari utziko banioke, dantza utziko nuke.
Amaitzeko, nolakoa izango da dantzaren etorkizuna?
Urtetik urtera gehiagora doa; gero eta jende gehiago ari da dantzara animatzen. Gazteak ez dira dantzara animatzen, are gehiago inoiz dantza egin gabeak badira. Adin batetik aurrera, ordea, jendea animatu egiten da. Probatzen duenari gustatu egiten zaio.
Juan Carlos Garcia, Gaztanenea parkean. (Andoni Elduaien)