Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Juan Antonio Urbeltz: «Izurritea uxatzeko asmoz egiten zen erritoa dira inauteriak»

Dokumentuaren akzioak

Juan Antonio Urbeltz: «Izurritea uxatzeko asmoz egiten zen erritoa dira inauteriak»

"Los bailes de espadas y sus símbolos" liburua plazaratu du, Pamiela etxearekin

Egilea
Edurne Elizondo
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2000/10/31

Juan Antonio Urbeltzen liburuko hitzaurrearen egile Humberto Astibiak ez du zalantzarik: «Eztabaida piztuko duen lana da; hala espero dut, eztabaida baita ezagutza zientifiko ororen iturri», erran zuen obraren aurkezpenean, atzo. Izan ere, euskal kultura tradizionaleko hainbat elementuri buruzko interpretazio berria plazaratu du Urbeltzek, haien inguruko hipotesi berria zabaltzeko asmoz.

Liburuaren izenburuak aditzera ematen duen bezala, ezpata-dantzen sinbologia aztertu du egileak, inauteriekin eta San Juan gaueko suekin batera, eta jatorrian nekazaritzako gizarteak izurriteak aldentzeko egiten zituen erritoak direla azpimarratu du.

«Inauteri eta aratuste hitzek inauste garaia dakarte gogora. Nekazaritzako gizartean otsaila zen inauste garaia, inauterien garaia alegia. Inauterietan, hain zuzen ere, intsektuak larbatuta daude, ezin dira oraindik ikusi. Arrisku hori dela eta, gizartea mozorrotu egiten da inauterietan; hau da, intsektu bilakatzen da», azaldu zuen egileak.

«Gazteek etxez etxe eskatzen duten hamarrena ordaintzean, izurritea uxatzeko ordaintzen dute herritarrek», azaldu zuen. «Inauteriak, beraz, izurritea uxatzeko egiten den erritoa dira», gaineratu zuen Urbeltzek.

Azalpen hori San Juan gaueko suekin lotu zuen egileak. «Ekainean intsektuak ageri dira eta erre egin behar dira», azaldu zuen.

Ildo berean mintzatu zen ezpata-dantzen inguruan. «Nafarroan mairu eta kristauen arteko borroka islatzen duten hainbat besta dago. Mairuak, ordea, ez dira mairu, intsektu baizik». Horren adibide, Durangaldeko ezpata-dantzak aipatu zituen Urbeltzek: «Dantzarien eraso eta defentsarako mugimenduetan eltxoen eztena irudikatzen du ezpatak». «Ezpata hitza bera, eulia dakar gogora, Bizkaian zaldien inguruan ibiltzen diren euliak baitira ezpatak», gaineratu zuen Juan Antonio Urbeltzek, atzo egindako aurkezpenean.

Miel Otxin, izurrite ondoko gosetea

Inauterien inguruan, hainbat hitzen etimologia aztertu du Juan Antonio Urbeltzek bere tesia azaltzeko. Egileak Lantzeko inauteriak aipatu zituen adibide gisa, eta besta horretako hainbat pertsonaia: «Ziripot intsektu larbatua da. Zaldikok, berriz, otarraina islatzen du; euskaraz raputinga esaten zaio, eta putinga egitea zaldiak ostikoz jotzea da. Miel Otxinek, berriz, gosetea dakar gogora, izurritearen ondoren datorren gosetea».

«Kultura tradizionalaren adierazpideren atzean oso antzinako sinbologia dago, eta, hori dela eta, metaforara jo behar dugu interpretatzeko», erran zuen Urbeltzek.

Europar kulturaren batasuna

LOS bailes de espadas y sus símbolos liburuko hitzaurrearen egile Humberto Astibiak Juan Antonio Urbeltzen «ausardia» nabarmendu zuen atzoko agerraldian.

Gogoratu zuen, halaber, «oso antzinako sinbologia» aztertu duela, eta inauteriak bezalako besten funtzio eta adierak denboraren poderioz aldatu egin direla azpimarratu zuen.

Hori dela eta, metaforara jotzeko beharra nabarmendu zuen Urbeltzek berak. Halaber, Euskal Herriko besten eta Europako beste hainbat herritakoen arteko lotura nabarmendu zuen. Horren adibidez, hemen bezala otarraina izendatzeko Europako beste herri askotan ere zaldi hitza erabiltzen dela aipatu zuen liburuaren egileak.

Urbeltzek Euskal Herriko eta Ingalaterrako ezpata-dantzen artean antzekotasun handiak daudela gaineratu zuen atzoko aurkezpenean.

«Horrek guztiak europar kulturaren batasuna uzten du agerian, tokian tokiko ezberdintasunak badaudela noski», azaldu zuen Juan Antonio Urbeltzek.

Bestalde, liburua osatzen hasi zenean izan zituen zailtasunak aipatu zituen egileak. Bere liburu berria Pamiela argitaletxe nafarraren eskutik plazaratu du Urbeltzek, Saiakera eta testigantza izenburuko sailaren baitan. Aurretik ere hainbat lan argitara eman ditu sail horretan.

Dokumentuaren akzioak