Dokumentuaren akzioak
Juan Antonio Urbeltz: “Ikerkuntzarako bide bat izan da dantza niretzat”
Juan Antonio Urbeltz; dantzaria eta koreografoa.
Gau eskoletako irakasleak gomendatuta hasi zen Goizaldi dantza taldean Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940). Bertan ezagutu zuen gerora bere emaztea bihurtu zen Marian Arregi (Parte Zaharra, 1944). Dantza eta musika dituzte euren pasioak, eta elkarrekin lanean dihardute ia ezagutu ziren egunetik bertatik. Argia taldearekin hainbat ikuskizun osatu dituzte, eta euren lorpenen artean dago Axuri Beltza dantzaren berreskurapena, besteak beste.
Nolatan murgildu zinen dantzaren munduan?
Iruñeko zapatari kalean jaio nintzen, baina hilabete bat nuenetik Donostian bizi naiz. Saguesen bizi ginen, gurasoak eta lau anai-arrebak. Hamabost urterekin tailer mekaniko batean hasi nintzen lanean, eta hemezortzi urte nituela gau eskolak jasotzen hasi nintzen, Jaime Albillos ingeniariaren eskutik, Goizaldiko dantzari ohia. Nire gorpuzkera ikusita, Goizaldira gonbidatu ninduen, eta Inazio Gordejolarekin ikasi nituen lehen urratsak; Easo kalean, kontserbatorioaren behekaldean. Nire emaztea dena ere Goizaldin ezagutu nuen; 1961etik gaude elkarrekin. Hamazazpi urterekin nire emaztea dantzan ikustea sekulakoa zen, neska oso polita zen eta txapelketa bat baino gehiago irabazi zituen Tomas Arrastua bikote zuela.
Asko bidaiatu zenuten Goizaldirekin?
Bai, 24 urterekin Europa osoan barrena bidaiatu nuen. Dantzatu nuen, esaterako, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Italian, Grezian… Marian eta biok jaialdi guztiak goitik behera ikusten egoten ginen, eta gogoko genituen melodiak idazteko esaten nion berari, musikarako sekulako sena baitu.
Gero Argiara joan zineten.
Bai. Tailer mekanikoa utzi nuen 1963an, eta banku batean hasi nintzen lanean. Baziren bi urte Argiakoei laguntzen ari nintzela materialarekin eta gomendioekin. Goizaldi utzi nuenean, Argiatik deitu zidaten laguntzeko, eta programa bat egin nien nire kontu ikasi nuen antropologia ezagupenaren inguruan. Dantza bakoitzak nondik eta zergatik zetorren. Marian sartu zen taldean aurrerago. Plan estrategiko bat egin nuen, Argia euskal koreografien erreferentea izateko.
Nola egin zenuten euskal folklorearen ikerkuntza?
Ikaskuntzarako bide bat izan da dantza niretzat. Argiatik deitu zidatenean, nik ez nekien nire bizitzako lana izango zenik. Marianekin batera, herriz herri ibili nintzen, 1966tik 1978ra. Gainera, lehenengo bi urteetan autorik gabe ibili ginen, trenez edo autobusez mugitzen ginen. Adibidez, Berrizera trena hartu, hiru orduko bidaia egin, hango Ezpata Dantza ikasi, eta buelta. 1978an ezkondu ginen, eta ezkontz bidaiatik bueltan, Iturenen lasto artean egon ginen lotan, hurrengo egunean Iturengo Soka Dantza ikasteko. Mikel gure semeak lau hilabete zituela, Uharte Garazin ere egon ginen, jauziak ikasten. Hori leku askotan egin genuen. Harrituta geratzen ziren nola Donostiako bikote bat egon zitekeen gauza horiekin interesatua, baina nik balioa ematen nion.
Jaurrietatik Axuri Beltza dantza berreskuratu zenuten.
Bai, eta Viktoria Eugenian egin genuen estreinaldia, 1969ko maiatzean. Marianek akordeoia jo zuen, Mikel barruan zuela, uztailean jaio baitzen. Jaurrietan egon ginen emaztea eta biok. Otxagabiako ostatuan, Bernardo Estormesen bi liburu ikusi genituen. Argazki bat ageri zen, zuri-beltzean; lau neska zeuden eskutik helduta, Salazar bailarako jantziekin. Kantuaren bertsoak ere han zeuden eta Danza de mozas de Jaurrieta jartzen zuen. Galdezka hasi nintzen eta Azkueren kantutegian zegoela esan ziguten, Axuri Beltza. Jantziak berreskuratu genituen, eta ikuskizunerako Lekarozetik Ziriko Beltza ekarri genuen, sarrerarako. Hamabi neskekin egin genuen estreinaldia, eta izugarria izan zen. Nire lehen berregitea izan zen, eta 28 urte nituen estreinatu genuenean. Soiltasunetik egina zegoen, eta horrek ekarri zuen arrakasta.
Benito Lertxudirekin ere harremana izan duzue.
Bretainian egon ginen 1976an Argiakoak, Benito Lertxundi, Jose Angel Irigarai, Xabier Lete, eta Lurdes Iriondo, ikuskizun batekin. Hortik urte batzuetara, Benitok Zuberoa diskoa egin zuenean, Argiako materiala erabili zuen, guk 1978an Zuberoko dantzak ikuskizuna estreinatu baigenuen. Gerora Marian Benitorekin ibili zen kontzertuak ematen. Goizeko lauak inguruan iristen zen Marian jaialdietatik; nik seme-alabak lokartzen nituen, eta ondoren, idazten egoten nintzen. Olerki liburu oso bat idatzi nuen, eta hor atera zen Baldorba. Baldorban bertan ginen idatzi nuenean, Olleta herrian. Benitok poema haiek eskatu zizkidan, eta musika jarri zien. Ia bederatzi urte egin zituen Marianek Benitorekin eta taldearekin. Oso nekatuta bukatzen zuen, eta utzi egin behar izan zuen azkenean.
Zer duzue egun eskuartean Argian?
Gaur egun astean saio bat egiten dugu, Aldapetan, koreografiak prestatzeko, eta ondoren, dantzariak biltzen ditugu emanaldietarako. Talde operatiboa ez dugu bertan. Kutsu dramatikoa duen ikuskizun bat prestatzen ari gara, aurten estreinatzeko. Liburu bat argitaratzekoan ere banabil; Lantzeko inauteriak eta Kroaziako Lastovo irlako inauteriak parean jartzen ditut, berdintasunak baitituzte.
Larunbatean saria jasoko duzue.
Bai, ni ez naiz sekula sarien bila joan, baina ematen dizkizutenean eskertu beharra dago. Familiari eta lagunei eskerrak emango dizkiet, eta Argiatik igaro diren guztiak gogoan izango ditut, asko izan baitira.
Zer eskainiko du Argiak igandeko galan?
Almute Dantza egingo dute. Almutea zerealentzako neurriak dituen egurrezko kaxa txiki bat da. Almutearen gainean arituko dira dantzariak, beraien arteko desafio antzeko bat da. Zortzi gizonezko dantzarik egingo dute. Gainera, kuriosoa da, melodia orijinala Aldapeko kantua da, baina nik beste doinu bat berreskuratu nuen. Marian arituko da akordeoiarekin, eta Mikel, gure semea, biolinarekin.
Asier Zabaleta, Merche Filguera, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi donostiarrak sarituko dituzte bihar udaletxean . Dantzaren Nazioarteko Egunaren gala igandean izango da, Viktoria Eugenia Antzokian
Apirila Dantzaren Hilabetea izan da berriro, eta astebururako prestatutako jarduerekin emango dio bukaera Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak. Zehazki, XIII. Dantza Sariak banatuko dituzte bihar, 17:00etan, udaletxeko batzar aretoan; eta Dantzaren Nazioarteko Egunaren XIX. Gala igandean egingo dute, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian.
Sariei dagokienez, bost izango dira aurtengo sarituak, eta lau donostiar daude tartean. Hain zuzen ere, Aitor Arrieta oreretarrarekin batera, Asier Zabaleta, Merche Filguera, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi sarituko dituzte.
Aitor Arrietak Errebelazio Saria jasoko du. Euskal dantzari esker lortu zituen bere lehen garaipenak: Euskadiko Dantza Sueltoko Txapelketa eta Euskadiko Aurresku Txapelketa irabazi zituen. Madrilen dantza klasiko ikasketak egin zituen, eta Kukai konpainiaren Hostoak ikuskizunean parte hartu zuen.
Asier Zabaletak Ibilbide Artistikoaren Saria jasoko du. Dantza tradizionalaren barruan hasi zen dantzan, baina dantza garaikideak liluratu zuen. Ertza konpainia sortu zuen, besteak beste.
Merche Filguerari Dedikazio Saria emango diote. Bederatzi urte zituenean sartu zen dantzaren munduan. Dantza Klasiko Espainiarrean eta Bolero Eskolan maistra da Grosen. Gipuzkoako Dantza Profesionalen presidentea izan zen 2011tik 2014ra.
Ikerkuntza Saria, berriz, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregirentzat izango da. Senar-emazteak dira. Goizaldi taldean hasi ziren dantzari gisa, eta 1965ean Argia taldean euskal folklorearen inguruko lanari ekin zioten. Argia taldeko musikarien zuzendaria da Arregi.
Hainbat dantza estilo
Dantzaren Nazioarteko Egunaren Gala 2008tik egiten dute Viktoria Eugenian, eta aurten ere hala izango da. Hainbat dantza estilo bilduko ditu ikuskizunak.
Gainera, aurtengo sariak jasoko dituzten lau lagunek parte hartuko dute galan: Urbeltzek eta Arregik Argia Dantza Taldearekin, eta Zabaletak eta Arrietak Compañia Nacional de Danzako euren lagun Natalia Muñozekin. Horietaz gain, Dantzaz konpainia eta Soledad Ruz dantzari donostiarra izango dira galan. Galarako sarrerak antzokiko leihatilan eta Kutxabanken Interneteko zerbitzuan daude salgai.
Dokumentuaren akzioak