Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Joxemiel Bidador, omendua

Dokumentuaren akzioak

Joxemiel Bidador, omendua

Nafarroako euskal kultura arloko pertsona ugari iaz zendutako idazleari omentzeko bildu ziren atzo Iruñean

Egilea
Miren Mindegia
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2011/03/26
Lotura
Noticias de Navarra

 

 

Euskara Kultur Elkargoaren eta Pamielaren arteko elkarlanaren bidez antolatutako ekitaldia, arratsaldeko 19.30etan hasi zen, Planetarioko kanpoaldean. Txistulari eta dantzariek eman zioten sarrera omenaldiari. Ordu erdi beranduago, behin barruan, José Ángel Irigaray Pamiela argitaletxeko editoreak sarrera eman zion ekitaldiari, non Bidadorrek Nafarroako euskal kulturan izan duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen, izan ere, "dantza eta literatur ikerketan hain ezagun" zen idazleaz haratago "poeta ere bazen, bere barne munduko poz eta minei lotua, jakintsu, aske, jostari".

Juantxo Urdiroz, Josetxo Azkona, Castillo Suárez, Inma Errea, Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Sagrario Alemán, Mikel Taberna, Juankar Lopez Mugartza, Mikel Bujanda, Shanti Leoné, Bixente Serrano Izko, Patxi Larrión, Josu Jiménez, Patxi Zabaleta, Xamar, Fito Rodríguez eta Iñaki Azkona, kultura arloko bestelako batzuen artean, izan ziren olerkiak jendaurrean irakurtzearen arduradun. Olerki eta olerki tartean, Bidadorri eskainitako hitz hurbilak ere aditu ahal izan ziren, eszenatokian zeuden horien ahotik.

Hitzok, biolontxeloa, pianoa eta txistuaz osatutako hirukotearen doinuekin tartekatuz joan ziren. Omenaldia borobiltzeko, bi margolari momentuan bertan sortutako murala margotzen aritu ziren, ekitaldiaren bukaeran aurkeztu zena.

Ordu eta erdi inguruko iraupeneko omenaldia, bertan zeuden senide eta adiskideei eskainitako otamenarekin izan zuen bukaera.

alderdi anitzeko pertsona Filologo eta historia ikertzaile izateaz gain, Joxemiel Bidadorrek "alderdi poetikoa ere bazeukan", 2009tik berarekin lan egiten zebilen José Ángel Irigarayren (Pamiela) hitzetan. Hala ere, lana ezin izan zuten Bidadorren heriotza iritsi baino lehen bukatu, eta Pamielak Bidadorren neskalagun eta bi alaben ama den Idoiaren laguntzarekin lana bukatzea erabaki zuen. Liburua 2010 bukaeran argitaratu zen eta, bertan "ni poetiko indartsua, interesgarria, nabari da", Irigarayen erranetan.

Bidadorrek 90eko hamarkadan Iruñeko Udalak antolatutako hainbat sari irabazi zituen arren, gaur arte ez zuen bere poesia lanak biltzen zituen libururik kaleratu. Hutseaniko Azkurria-rekin, Irigarayen arabera, idazleak "bere lekua" hartzen zuela eta, bide batez, bere olerkiak "erreferente bezala" geratuko zirela aipatu zuen 2010eko abenduan egin zen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Olerkigile fazeta honen harira, Patxi Larrion idazleak erran bezala, "egia da Joxemiel hau baino gehiago bazela, baina hau ere Joxemi da".

1986tik aurrera, Bidador dantzagintzan aritua eta aditua izan zen, Irigarayek atzoko ekitaldian gogoratu nahi izan zuen bezala. Honen arira, hainbat lan kaleratu izan zituen, Dantzaren erreforma Euskal Herrian eta Datos relativos a las danzas de Navarra argitaratu zituen, gai honen inguruko hainbat artikuluez gain.

Literaturaren arloan, bere esfor-tzuak sobera ezagunak ez ziren euskal idazleen izenen berreskurapenera zuzendu ziren, Irigarayren erranetan "Nafarroan euskal kulturak izan duen garrantzia goraipatuz". Alexander Tapia Perurena edo Jose Agerre Santesteban bezalako lanak berreskuratu eta ezagutzera eman zituen.

Literatur sorkuntzaren arloari dagokionez, idazleak Iruñeko Udalak antolatzen duen Egile Berrien-tzako Literatur Lehiaketaren hainbat edizioren irabazle suertatu zen, 1996, 1997. 1999 eta 2001ean.

Joxemiel Bidador, dantzan aditua, euskal filologian lizentziatua, literatur ikertzaile eta idazlea eta irakaslea izandakoa, aurtengo martxoan hil zen, Tuteran irakasle lanean zegoen bitartean jasandako garuneko infartu baten ondorioz. 

Omenaldiaren bukaeran aurkeztatuko margolana.

Omenaldiaren bukaeran aurkeztatuko margolana. (Unai Beroiz)

 

Dokumentuaren akzioak