Dokumentuaren akzioak
Joxe Miel Bidador idazle eta literatur ikerlaria hil da
Idazle klasiko askoren lana berreskuratu zuen, eta 'Egunkaria' izan zuen hainbat urtez horretarako plaza
Ezustekoan harrapatu ditu adiskideak Bidadorren heriotzaren albisteak,
eta samina zabaldu du euskal letretan. Bidadorren omenezko bloga sortu
zuten atzo hainbat adiskidek (www.blogari.net/joxemiel), eta
Jon Alonso eta Patxi Larrionen testu batekin jarri zen abian. «Joxe
Miel bezalakorik ez zegoen Iruñeko -eta Nafarroako- euskara biziaren
eta idatziaren azken aztarnen bila aritzeko», diote. «Joxe Mielek geure
buruarengan sinisteko indarra ematen zuen bere jakinduriaz».
Hobiratzea gaur, Baternainen
Hobiratzea gaur egingo dute, 16:30ean, Baternainen;
Baternanaingo herribatzarreko lehendakaria zen, izan ere, Bidador. Etzi
egitekoa den omenaldi zibila ere prestatzen ari dira.
Iruñean jaio zen, 1970ean, Joxe Miel Bidador Gonzalez. Euskal
Filologian lizentziatu, eta euskara irakasle izan zen Iruñean nahiz
Nafarroako hainbat herritan. Aldizkari askotan argitaratu zituen
idazlanak: Euskera, Fontes Linguae Vasconum, RIEV, Sukil...
Euskal idazle klasikoen inguruan artikulu ugari idatzi zuen Euskaldunon Egunkaria-ko Nafarkaria gehigarrian 1995etik 2001era bitarte, Klasiko bitxi arront klasiko
sailean. Aspaldiko idazleei buruzko artikulu dokumentatu eta
pertsonalak idatzi zituen, eta gehienetan idazle aski ahantziak ziren
protagonistak.
Diario de Noticias eta Euskalerria Irratian ere
kolaboratu zuen. Larreko Saria eman zion irrati horrek 2007an. Iruñeko
Udalak idazle berrientzat antolatutako literatur lehiaketetan hainbat
sari jaso zituen, poemekin nahiz narrazioekin. Bidadorren poema batzuk on-line daude Euskal Idazleen Elkartearen webguneak hari eskainitako orrian (www.idazleak.org).
Jose Agerre, Alexander Tapia Perurena eta beste hainbat idazleren antologiez gain, Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra (2004) eta Dantzaren erreforma Euskal Herrian (2006)
liburuak argitaratu zituen; azken lan horrekin Bilboko Udalak
antolatutako Miguel de Unamuno saiakera saria irabazi zuen 2005ean.
Dokumentuaren akzioak