Dokumentuaren akzioak
Jotaren eremuan I+G+B sustatuko du Aiko taldeak
Jotaren «irudiaren atzean gordetzen den inprobisazio eta jolasa» jorratuko du Zarautzen egingo duen mintegian
Urritik ekainera egingo dute mintegia, Zarauzko 
Aritzbatalde kiroldegian. Aikoren jarduera guztiak bezala, dantzazale 
zein dantzarientzat antolatu dute jotaren inguruko mintegia ere. 
«Kanpotik ikusita eman dezake jotak behin eta berriz errepikatzen diren 
egitura finkoak dauzkala, baina mintegian ikusiko dugu nork bere jota 
sor dezakeela», nabarmendu du Labordak. 
Orain artean egindako 
oinarrizko dantza ikastaroez gainera, ikasturte berriarekin batera, 
berritasun gehiago ekarriko ditu Aikok. Dantzaguneak izeneko dantzarako 
esparruak abian jarriko ditu, oinarrizko ezagutzak dituztenentzat. 
Astero antolatuko ditu, taldeak sortzen diren herritan, urritik 
ekainera. «Teknika hobetzeko, pauso eta dantza berriak ikasteko eta ondo
 pasatzeko saioak izango dira». Irakasle baten gidaritzapean egingo 
dituzte. 
Eta, zelan ez, hainbesteko arrakasta lortu duten 
erromeriekin segituko dute. Hilero antolatuko dituzte aurten ere, 
larunbat arratsaldez, Durangoko Plateruena kafe antzokian. Heldu den 
larunbatean, hilaren 17an egingo dute aurrenekoa. Eta, ohikoa denez, 
dantzariek zein oinarrizko dantza ikastaroetan dabiltzan dantzazaleek 
parte hartzea itxaroten dute. Oinarrizko dantza ikastaroak eta Dantzaldi
 Ibiltariak urritik ekainera bitartean izango dira ere, iaz eginiko 
herrietan. Hau da, Sopela, Erandio, Gernika, Galdakao, Durango, Zarautz 
eta Zaratamon.   
«Dantzaren sistema krisian»         
«Dantza
 krisian» zegoela jabetu, eta «plaza goitik behera iraultzeko» premia 
sumatu zuten Aiko taldeko kideek duela hiru urte, Labordak eta Sabin 
Bikandi musikariak azaldu dutenez. 
Ohiko duten umore berezia 
baliatuz, finantza erakunderen bateko goi kargudunak balira bezala, 
ekonomiaz ariko balira bezala mintzatu dira Aikoren jardunaz. «Balio 
tradizionalak berreskuratzea erabaki genuen, eta I+G+B Ikerketa, 
Garapena eta Berrikuntzan inbertitzea». Diotenez, antzeko eragiketa 
batetik sortu zen Dantzaldi Ibiltariak eta Plateruenako erromeriak 
egiteko ideia. «Eta NDF Nazioarteko Dantza Funtsak eta Anaia Brothers-en
 oniritzia jaso dugu». 2010-11ko ikasturtean, 500 ikasletik gora izan 
zituzten Bizkaiko hainbat herritan eta Zarautzen eginiko Dantzaldi 
Ibiltarietan. Halaber, Durangon egindako Dantzazale Egunek eta Zarauzko 
dantza barnetegiak «egundoko arrakasta» izan zutela diote. 

Aiko taldeko Patxi Laborda dantzaria, erromeria batean. / AIKO TALDEA
Dokumentuaren akzioak
    
  
 
