Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Jota-eta dantzatzen ikusten nituen, eta nik odola irakiten"

Dokumentuaren akzioak

"Jota-eta dantzatzen ikusten nituen, eta nik odola irakiten"

Kamioilaria, San Kristobal Egunez lan egin eta gero hartu du elkarrizketarako tartea Jaun Antonio Pelaezek. Berak dioenez, lehen San Kristobal gidarientzat domeka bezala zen, jai. “Orain, krisia”. Dantza taldeetan, udalekuetako monitore... Boluntario lan asko egindakoa da. Saltsa askotan ibilia, jende askok ezagutzen du. Guztiek, goitizenez: Artxi.
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Otxandio
Mota
Elkarrizketa
Data
2013/07/16
Lotura
Anboto

Artxi deitzen zaituzte denek.

Archidonan jaiotakoa  naiz ni; Malagako herri bat da, eta hortik dator goitizena.  Ia firma eta dena da Artxi. Mutikotan denetik esaten zidaten: artxiduke, artxipielago, eta nik negarra eta amorrua... Baina konturatu nintzen aldrebes igeri egitea zela.  Euskal Herrian herri gehienetan jendea ezizenagaz ezagutzen da.

Noiz etorri zinen Archidonatik?

Bi urte neuzkala etorri ginen, Arteara, baserrira. Ia lau urtegaz auzokoen moduan egiten nuen euskaraz. Ezkondu  eta gero Igorren hamar urte egon ginen kalean bizitzen, eta ezin egon, derrigor eskapatu behar. Bizimodu guztia baserrian eginda, baserrira joan gura, eta Mekoletara etorri ginen.

Arratian euskara ikasi behar, derrigor.

Auzoak denak ziren euskaldunak; han erdaraz tutik ere ez. Gogoratzen naiz eskolan, sei urtegaz, maisuak auzo bati kriston pasada eman ziola ez zekielako erdaraz. Maisuarengana joan eta esan nion hark ez zekiela erdaraz bere gurasoek ere ez zekitelako, eta hori normala zela. Niri ere egurra eman zidan hori esatearren.

Dantza munduan ibilitakoa zara.

Hamazazpi urtegaz-edo hasiko nintzen. Jaietan jota-eta dantzatzen ikusten nituen, eta nik odola irakiten, jakin ez-eta. Galdakaoko Andra Mariko mutil bat bertoko neska bategaz ezkondu zen, eta hari galdetu genion ea irakatsiko zigun dantzatzen. Handik irten zuen Arantzarte taldeak.

Atxondon erakusten ere ibili zinen.

Bai, Zeanurin ere eduki nuen umeen dantza talde bat arinago. Atxondon, hantxe ibili nintzen lanean, eta  nola bazkaldu egiten nuen taberna baten egunero, hango Pili Bernasek  dantza taldean laguntzeko esan zidan, eta hamar urte egin nituen hango umeei erakusten. Zapatuetan joaten nintzen, han astea beharrean egin eta gero. Bizitza guztia horrela ibili gara, eta pozik! Gero baserria erosi genuen, eta lanak ez dizu uzten denborarik bestelako gauzetarako. Otxandion esan  zidaten erakusteko, baina lanean zortzi-hamar ordu sartu eta gero etxean lan piloa egoten da. Gauzak ondo ez egiteko, hobeto ez egin.

Udalekuetan monitore izandakoa zara.

Hamazazpi urtetik 35 urtera ibili nintzen. Kili-kiligaz hasi ginen, eta kriston esperientzia izan zen. Telebistan gaur berbetan egon dira udalekuak ea komenigarriak diren edo ez, eta barreak bota ditut; ezetz diotenek ez dakite zer diren udalekuak.

Mekoletako jaiak antolatzen ibiltzen zara.

Indar handia hartu dute. Bertso bira bat egiten dugu etxerik etxe, eta Arantzarte taldeko zaharrak etortzen gara dantzan egitera. Polito egoten da. Gu heldu ginenean kasik galduta egon ziren. Hemen Josu Zabala bizi da gainera eta hark musika kontaktu asko ditu.

Mekoletak izaera berezia dauka.

Orain bai eta lehenago ere bai, baina beste zentzu batekin. Hona  bizitzera etorri orduko, baserria konpontzen nenbilela, nire koinatuagaz eta bere lagunekin egon nintzen baten galdetu zidaten: “Zeu zara Mekoletan baserria erosi dauena?”, “Bai”, “Badakizu non erosi dozun baserria? Burgos txiki dok ha. Auzoak elkarregaz ez dira berbarik egiten, danak hasarre dauz”. Arrazoi faltarik ez zuen, orduan azpijokoak egoten ziren. Baina aldatu da. Gazteak sartu dira eta parte hartzeko giroa dago.

Baserrian buru-belarri zabiltza.

Gauza pilo bat lortzen dira baserritik, baina lan asko ematen du. Ogia egiteko labea ere erosi genuen Portugalen, eta barikuetan ogia arto irinagaz eta gari irinagaz egiten dut.  Oso gozo geratzen da, pastela moduan! Ahuntz gazta ere egiten dut. Egun bat hartu nuen Arantzazuko artzain eskolara joateko, eta probak egin ditut. Ikasten nabil beti.

Dokumentuaren akzioak