Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Josune Egea: «Tradizioa kontserbatu eta babestu egin behar da, baina bizirik dago»

Dokumentuaren akzioak

Josune Egea: «Tradizioa kontserbatu eta babestu egin behar da, baina bizirik dago»

Uztailaren 6an, Egea dantzariak ikurrina atera zuen Iruñeko Foruen plazara: «Bakarrik mutilek egingo balute dantza, segur aski dantza asko galduko lirateke».
Egilea
Itsaso Jauregi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2025/07/10
Lotura
Berria
Josune Egea dantzaria Iruñeko Foruen plazan, uztailaren 7an. IÑIGO URIZ / FOKU
Josune Egea dantzaria Iruñeko Foruen plazan, uztailaren 7an. IÑIGO URIZ / FOKU

7 urte zituen Josune Egea dantzariak (Iruñea, 1994) Iruñeko Oberena taldean dantzatzen hasi zenean. Harrezkeroztik hainbat plazatan aritu da dantzan, baina uztailaren 6a beti du agendan apuntatua. Txupinazoaren txinparta entzun eta gero, Iruñerriko dantza taldeak Iruñeko Foruen plazan elkartzen dira urtero. Sanferminei hasiera emateko dantzatzen dira. Aurten, Egea izan da plazan sartu den lehena, ikurrina eskuan izanik.

Gogoan duzu Iruñeko Foruen plazan dantzatu zinen lehen uztailaren 6a?

Bai. 16 urte nituenean izan zen. Iruñerriko dantza talde guztiok parte hartzen dugu, eta bandera nork aterako duen txandakatzen da. Guri bandera ateratzea tokatu zitzaigun aurreko aldian izan zen uztailaren 6ko nire lehen emanaldia.

Aurten zuri egokitu zaizu bandera ateratzea. Nola hartu zenuten erabakia?

Lehenik, adostu zen emakume dantzari batek atera behar zuela bandera, eta bakarrik ikurrina atera behar genuela. Hori egiteko prest zeuden emakumeok gure izena idatzi genuen, eta zozketa bidez aukeratu zen.

Zure izena atera zen. Nola hartu zenuen berria?

Taldekideen mezuak jaso nituenean jakin nuen. Ilusio handiz hartu nuen, baina baita urduri ere; bandera handia da eta. Normalean beste norbaitek egiten du, eta, esan zidatenean, sorbalda gaizki nuen. Baina atsedena hartu ondoren, arazorik gabe iritsi naiz.

Urduri nengoen, baina taldearen babesa sentitu nuen. Emanaldia berandu hasi zen; orduan, are urduriago nengoen, eta, gainera, haize pixka bat zebilen. Beldurra ematen zidan haize handia ibiltzeak, horrela zailagoa baita bandera mugitzea.

Azkenean ez zen haize handirik ibili. Zer ikusi zenuen plazaren erditik?

Iruñeko Foruen plazaren erditik talde guztiak ikusten dira, eta oso polita da. Emozionatu egin nintzen, eta amaitutakoan jende askok besarkatu ninduen. Oso harro nago.

Oso hunkigarria da Iruñerriko talde guztiak plazan elkarrekin dantzatzea; jaiak dantzan hastea. Askotan, negar egiten dut. Gainera, txupinazoaren ondoren, programa ofizialean dagoen lehen emanaldia da. Agerian uzten du kulturak duen garrantzia, nahiz eta batzuetan gure udalari hori ahazten zaion.

Zergatik zen garrantzitsua emakume dantzari batek bandera ateratzea?

Oso sinbolikoa da. Duela hamabost urte inguru, bandera ateratzea tokatu zitzaigun, eta erabaki zuten Irune Tubia dantzariak aterako zuela. Taldekide gisa, niretzat oso garrantzitsua izan zen hori ikustea, beti gizonak ateratzen ziren eta. Harrezkero, atera izan dira emakumeak banderekin, baina beti mutilen batekin batera. Hamabost urte hauetan, ez da beste emakumerik atera bera bakarrik, aurten arte. 

Dantzan hasi zinenetik egoera asko aldatu dela uste duzu?

Bai. Lehen aldiz dantzatu nintzenean, genero rolak errespetatzen ziren. Uste dut Iruñerrian lehen pausoak Duguna Iruñeko udal dantza taldekoek eman zituztela, haiek sortutako dantzekin aldaketak egin zituzten eta; nire iritziz, errazagoa da zuk zerbait sortzen duzunean erabakitzea nolakoa izan behar duen, tradizionalki existitzen diren dantzak aldatzea baino. Taldean hausnarketa prozesu bat abiatu genuen.

Zer komentatu zenuten hausnarketa prozesu horretan?

Dantza alorrean, hainbat talde daude. Batzuek Euskal Herriko dantzak egiten ditugu, eta beste batzuk tokiko taldeak dira. Gauza bat da guk hemen Otsagabiko dantzak dantzatzea, eta beste bat Otsagabian bertako dantzariek egitea. Taldekoen ustez, dantzariak gara, eta, nahiz eta herri batzuetan neskek ez duten berdintasunez parte hartzen, guk hala egingo genuela erabaki genuen.

Ohiturak zalantzan jarri behar dira, beraz?

Bai. Baina talde bakoitzak badu bere filosofia, eta errespetatzen dut. Azkenean, orain arte horrela izan denez, ezin dira bat-batean dantzak eta arropak moldatu. Oso prozesu motela da, baina, niretzat, oso erosoa. Batzuetan, aldaketak naturalki gertatzen dira, eta beste batzuetan, aldaketak eragitea beharrezkoa da jarraitu ahal izateko.

Tradizioa etengabeko eboluzioan dago?

Bai. Tradizioa kontserbatu eta babestu egin behar da, baina bizirik dago. Dantza batean, mutilak edo neskak dantzatzeak ez du dantza bera aldatzen; dantzariak dira denak. Bakarrik mutilek egingo balute dantza, segur aski dantza asko galduko lirateke.

Dantza zure bizitzaren erdigunean kokatzen duzu?

Bai. Nire nortasunaren parte da, baita nire kulturako zerbait oso inportantea ere. Baina uste dut gazteek ez dutela hain aktiboki parte hartzen.

Zergatik?

Ez dakit. Lehen, euskararen eta gure kulturaren alde zegoen jendeak dantzan sartzeko beharra ikusten zuen, militantzia gisa. Horrek ere bere alde txarra badu, politizatzen denean ate batzuk ixten baitira. Baina euskara eta gure kultura defendatzen badituzu, dantza horren parte ere bada. Uste dut orain berriz hasi dela hori zabaltzen, poliki-poliki.

Dokumentuaren akzioak