Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Bakarka beste konpromiso bat dago letrarekin, ideologiarekin, kantuarekin»

Dokumentuaren akzioak

«Bakarka beste konpromiso bat dago letrarekin, ideologiarekin, kantuarekin»

Joseba Tapia, trikitilaria

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lasarte-Oria
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/11/15

Bide desberdinak dira banakakoa eta Xabier Leturiarekin egiten duzuna. Zergatik halako diferentzia?

Leturiarekin dantza mundua egiten dut, batez ere erromerietan ibiltzen gara. Zergatik ez nahastu? Ez zelako bide bera, bakarkako bidean nik kantura egiten dut salto, Xabier Leturiarekin dantzan nabil, nahiz eta kantatu. Bakarkako lanetan bestelako konpromisoa dago, letrarekin, mezuarekin, kantuarekin. Bigarren arrazoia da kantuzalea naizela, kantuan aritzen naiz nire instrumentuarekin. Hiru Trukuko Ruper Ordorika ez da Ruper Ordorika bakarlaria, beste bat da. Antzeko zerbait, bide pertsonalagoa hartu dut nik ere, erromeriako formatuak eskatzen dizkidan baldintzetatik aparte. Horrez gain, Koldo Izagirrerekin poesia serio leitzen hasi nintzen, eta interes handia piztu zitzaidan letrekiko eta horiei doinua jartzen hasi nintzen.

Bakarkako bide horretan zeuk aipatu duzu Koldo Izagirreren izena. Garrantzi handia du, ezta?

Bai, baina ez da Koldo Izagirre bakarrik izan. Disko honetan, batez ere, saiatu naiz idazle askoren lanak irakurtzen eta musika jarri nahi izan diet askoz gehiagori. Beste letra asko dauzkat mahai gainean gerorako. Tapia eta Leturiarekin estruktura oso koadratuetan lan egin dugu, kopla eta bertso estrukturetan, eta hemen, literaturan, irregulartasunak daude, letrak indarra beste nonbaiten dauka. Melodia gero jartze hori kosta egiten zait, baina lortuz gero gauza politak ateratzen dira. Koldo laguna dut, baina ez nuke idazle bakarraren kantaria izan nahi. Oso idazle desberdinak daude eta ikuspegi desberdinak ekartzen dituzte, estilo desberdinak... musikan ere ez dut bakarrik estilo bat landu nahi, iruditzen zait ederra dela letrari halako influentzia musikala bilatzea. Musika estiloak testua janzteko tresna onak dira. Horretarako erabili nahi nuke musika, letra laguntzeko, eta ez estilo propio bat aldarrikatzeko. Lan luze baten buruan helduko da estilo propioa.

Bakarkako beste diskoak tematikoak dira, Real politik-eko abestiak itxuraz desberdinak dira bata bestearengandik, baina mami edo mezu politiko eta sozialak batzen ditu.

Ironia eta umorea dira letra guztietan dagoen bilgunea edo haria, eta bestela ez zait askorik interesatzen. Estetika hutsa den doinu edo letra hanka-motz gelditzen da, gehiago eskatu behar zaio, eta horrexegatik aukeratu ditut testu hauek, eta bete egiten naute, erritmo eta hitz politen loturaz gain oreka daukalako mezuan. Oraingoan ez dut disko tematikoa egin, jendeari pisua egiten zaiola esango nuke. Jendeak kantua entzuten du, kantuka kontsumitzen du. Errealitatea ere zatika hartzen dugu, egun berean euforiatik depresiora pasa gaitezke, maitemintzetik bakardade sentimendu handi batean jaustera...

Bitxia egiten da trikitilari batek letrari halako garrantzia ematea.

Harrigarria da bitxia izatea! Tamala da, baina ez diogu letrari garrantzirik eman. Beharbada eskoletatik instrumentuaren lanketan jardun dugu, txapelketak direla... teknikaren garapenean aritu gara lanean, gero diskoa egin behar zen garaian letra behar genuen. Ez dut uste trikitiaren kasua denik bakarrik, uste dut generazionala dela, estiloari ematen diogu garrantzia eta ez letrari, letra behar delako jartzen dugu. Oso zabarrak izan gara trikitilariok, eta horrexegatik abiatu dut lan hau, ez dut zabarra izan nahi horretan.

Generazionala diozu, baina zuek hasi zinetenetik gaur arte ez da aldatu: edertasun estetikoa eta birtuosismoa bilatzen dute eskoletatik pasatu diren trikitilariek ere.

Bai, beharbada eskolak ez du horretan eragin positiborik eduki, eskola teknikaren garapenean bakarrik oinarritzen da, ez dago beste eskolarik, beharbada ez da inoiz egon eta norberak egin behar du lan hori. Merkataritzaren gaurko mundu honetan estiloa ia-ia erlijio bezala bizi dugu, eta garrantzitsua da, bai, baina gauza gehiagorekin jantzi behar dugu.

Zer arrisku ikusten diozu folklorismoari?

Ez zait batere gustatzen, iruditzen zait sinbolismo turistiko antzu eta atzerakoia dela. Ikusten dudanean euskalduntasuna dantzari batekin ordezkatua iruditzen zait gezurra dela hori, ez da existitzen gaur egun, ni erromerietan ibiltzen naiz eta badakit baserri mundua ez dela horrela janzten eta jendea ez dela horrela dantzatzen. Irudi interestua da, ez errealitateari lotua. Uste dut kaltegarria dela, ez garenaren irudia ematen dugu: euskaldunok indartsuak eta jatorrak gara, ez gara saltsetan sartzen, edo bestela odolzaleak gara... ez, ez, ez, beste jendea bezalakoak gara, beste gizarteetan pasatzen zaiena pasatzen zaigu guri ere. Folklorismoa ez da batere konstruktiboa, ez da batere solidarioa, diferentzia bilatu nahi du artifizialki eta trikitiak arrisku galanta dauka, nik ez dut hortik jo nahi.

Hortaz, oso kontzienteki hartutako erabakia da folklorismotik ateratzea?

Bai, noski. Pena hartzen dut trikitilariak ikusten ditudanean Eroskin kalejira joz produktuak saltzeko. Horrelakoetan iruditzen zait trikitia akabatua dagoela.

Melodia aldetik ere berrikuntza bilatu duzu, baina hala ere, plazera da Mertxe Oliden doinu klasikoago bat kantatzen entzutea.

Letra aldetik ere klasikoa da, Bilintxena baita, baina ez da gure tradizioan kokatu: hor badago zerbait funtzionatzen ez duena edo ondoegi funtzionatzen duena. Letra batzuk zergatik ez dira gure herri letretara pasatu? Beharbada molestatzen du, folklorismo horrek azaleko kontu bat bilatzen du eta kasu honetan badago kezka sozial bat, Bilintxen alderdi hori oso interesgarria iruditu zait. Eta Mertxe Olidenen kantaera asko gustatzen zait. Oso ederra da, ez da batere eskolatua, ez da landua, baina ederra da, eskolan ezin ikas daitekeen naturaltasuna dauka; ikaragarri transmititzen du. Hori gustatzen zait tradiziotik, tradizioak gauza asko ditu ederrak eta gauza asko ditu txarrak, interesgarriak diren gauzak bildu nahi ditut, oraingoz txarrek gain hartuta gaudela uste baitut.

Nolako entzulea izan duzu buruan?

Ez duzu entzule bat edukitzen buruan. Egongo da jendea horrela lan egiten duena, nik handira jotzen dut hordago, nik egin nahi dut kanturik eta letrarik onenak hautatu eta gero ez dakit jendeari gustatuko zaion edo ez zaion, ez dut horretan pentsatzen.

Autoekoizpenera jo duzu lan hori ezagutu nahi zenuelako. Errepikatzeko modukoa izan da, ala zailegia?

Bai, aurrenekoa da zailena. Interesgarria da, lehen egindako okerrak garbiago ikusi ditut hemen. Nekea izan da, baina plazera ere bai, indartuta atera naiz. Ez daukat damurik.

Nolako zuzenekoak ari zara ematen?

Hor gabiltza, jo eta fuego! Maiatzera arte horretan arituko naiz, eta oraingoz sentipen onak dauzkat, publiko dezente hurbiltzen ari da eta parte hartzen du, gainera. Eszenatokiko idia naiz, hor hazi egiten naiz, indartsu sentitzen naiz.

Dokumentuaren akzioak