Dokumentuaren akzioak
Jose Jabier Abasolo 'Tiliño' omenduko dute etzi Euskal Herriko Trikitixa Egunean
Trikitilari, bertsolari eta dantzariak ariko dira Iurreta eta Durangon, kulturaren alde egin duen lana eskertzeko
Jaiari 11:00etan ekingo diote, Iurretatik hasita, bi herriak elkartuko
dituen kalejira batekin. 12:30ean herriko plazan elkartuko dira guztiak,
Tiliñori omenaldia egiteko. Besteak beste herriko dantzariek,
bertsolariek eta Iñaki Zabaleta eta Joxe Mari Santiago Motriku
trikitilariek hartuko dute parte ekitaldian. Aldez aurretik sarrera
erosi dutenek bazkaria izango dute gero Durangoko Landakon; eta
bazkalostean, 17:30ean, entzuleak dantzan jarriko ditu Gozategik. Bi
ordu geroago emango diote amaiera Trikitixaren Egunari.
Euskal kulturaren zalea
Tiliño
«ofizioz tornulari, baina, afizioz, euskal kultur zale» gisa
deskribatzen du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Iurretako Antzinako
Instrumentuen Eguna antolatu zuen 25 urtez: 1974tik 1999ra. Euskal
kulturaren berpizkundearen hastapenetan, frankismoaren erregimena bere
azkenetan zela, Serafin Aranzeta Oromiño soinu jotzailea
omentzeko ekitaldiarekin hasi zena, trikitilarien inguruko jai
garrantzitsu bihurtu zen azkenenerako. Urte horietan, 75 urtetik gorako
soinu jotzaile eta musikari ugari omendu zituzten, eta trikitilari
askorentzat lehendabiziko plaza garrantzitsua bihurtu zen egun hura.
Gaztetatik egin du lan euskal kulturaren alde. Hamabost urte zituela, herriko zenbait lagunekin batera San Migeletako Dantzari dantza
berreskuratzeari ekin zion. Bizkaiko trikitilariekin harreman ona
mantendu du, eta, oraindik ere, noizbehinka soinu jotzaileekin biltzeko
ohitura du. Hainbat eta hainbat musikari omendu ostean, larunbatean bera
izango da omendua.
Dokumentuaren akzioak