1921. urtean Jose Arrue margolariak “Erromeria” izeneko koadroa egin zuenean ez zitzaion burutik pasako, seguru asko, margolan hori dokumental baten abiapuntu gisa baliatuko zutela ia mende bat beranduago.
Baina hala izan da. Anton Lazkano Isusi zinemagileak abiatu zuen proiektua, otsaila aldean. Felix Mugurutza historiazale laudioarrekin elkarlanean garatu zuen ideia.
Datorren larunbatean -irailak 23- Arrueren koadroa hezur-mamituko dute Orozkoko Beraza auzoan, 13:00etan. Ehunka herritarren laguntza izango dute horretarako, margolanean azaltzen den jai jendetsua irudikatzea baita asmoa. “Jende asko ilusionatu da proiektuarekin eta azkenean 265 lagunek eman dute izena”, azaldu du Lazkanok.
Batasuna dantza taldea arduratu da ekimena antolatzeaz. “Sekulako ekoizpen-diseinua prestatu dute”, ziurtatu du zinemagile bilbotarrak. Beste hainbat elkarte ere batu dira egitasmora. “Proiektu kulturala bihurtu da, zeinetan jende asko parte hartzen ari den”, erantsi du Lazkanok, “dokumentala egite hutsa baino garrantzitsuagoa iruditzen zait hori”.
Hiru egunez luzatuko da grabaketa, eta ez da koadroaren hezur-haragizko kopia sortzera mugatuko, koadroari lotutako “argumentu sendoa” sortu baitute Lazkanok eta Mugurutzak.
Hiru egun baliatuko dituzte grabaketa egiteko. Dokumentalaren teaser bat egingo dute, finantziazioa bilatzeko
Zinemarako pentsatua
“Bereizmen handiko zine formatuan” grabatuko dute dena, dokumentalean txertatu ahal izateko. “Zerumugan” da proiektu osoaren izenburua, 12 atalez osatua egongo da eta ordubeteko iraupena izango du gutxi gorabehera. “Euskal kulturari eta gizarte tradizionalei buruzko ikuspegi abangoardista” plazaratzea izango da pelikularen helburua.
“Hainbat gai jorratuko dugu: artzaintza, Itxina, pilota, mitologia, ekologia...”, jakinarazi du Lazkanok, baina azpimarratu du ez dela Orozkori buruzko lana izango, grabaketa gehienak herrian eta Gorbeialdean egingo dituzten arren. “Balio unibertsalak lantzea da gure asmoa, ikuspegi moderno eta abangoardista baliatuta”.
Finantziazio bila
Badakite zer eta nola grabatu, baina gauza bat falta zaie proiektuaren bultzatzaileei: dirua.
Hori dela eta, teaser bat egingo dute Berazan grabatzen dituzten irudiekin, instituzio eta enpresa pribatuei aurkezteko. “0 euroko aurrekontuarekin abiatu gara”, adierazi du Lazkanok, “baina ziur gaude hau urrutira iritsi daiteken egitasmoa dela”.
Jose Arrue margolariaren “Erromeria” koadroa irudikatuko dute auzokideek, dokumental baten teaserra egiteko. / Jose Arrue |