Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jorge Oteizaren ahotsa musikaz eta dantzaz lagunduta dakarte Kukaik eta Tanttakak

Dokumentuaren akzioak

Jorge Oteizaren ahotsa musikaz eta dantzaz lagunduta dakarte Kukaik eta Tanttakak

Urtarrilaren 27tik 30era «Otehitzari biraka» ikuskizuna estrenatuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean

Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2005/01/09

“1937. Gogoaren bidezidorretatik” arrakastatsuaren ondoren, bigarren aldiz eskaintza bereziarekin datozkigu Kukai eta Tanttaka taldeak. “Otehitzari biraka” lanean Jorge Oteiza aurkeztu nahi dute eta horretarako dantzaren, musikaren, poesiaren eta ikus-entzunezkoen lengoaiak erabiltzen dituzte. Gidoia eta zuzendaritza Mireia Gabilondorenak dira, koreografia Jon Mayarena, eta musika Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Mikel Fernandez eta Rafa Rueda musikariek honetarako egin dute. Taula gainean Jon eta Alain Maya, Vanesa Castaño, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Ibon Huarte eta Nerea Vesga dantzariak izango dira.



Eskultore gipuzkoarra gaitzat hartzeko ideia Mireia Gabilondorena izan zen. Joxerra Garziaren “Itsasoan euri” liburuan honako hau irakurri zuen:«Globalizazio hitza artean asmatzeko zegoela, inork baino lehenago aldarrikatu zuen Oteizak, geurea onartzea, geurean sakontzea dugula unibertsal izateko bide bakarra», eta oin horrek Oteizaren inguruko ikerketa egitera eta gidoia idaztera bultzatu zuen.



Lan sakona egin du, artistaren poesia liburuak irakurri, elkarrizketak eta ikus-entzunezko materiala aztertu, eta haren lagunekin hitz egin zuen. «Joxe Angel Irigarayrekin solasaldi asko egin ditut, asko lagundu dit», aipatu zigun Errenteriako kultur etxean, entsegu baten ondoren. Liburuetan, emaztea hil ondoren idatzi zuen “Itziar, elegía y otros poemas” nabarmendu zuen. «Hain da polita!».



Zertzeladak



Itziarren heriotza gidoian sartu du, eta ikuskizunaren pasarte hunkigarrienetakoa da, entseguetan ikus ahal izan dugunaren arabera. Badira zertzelada alaiak ere, haurtzaroko irudi batzuk, arteari lotutako adierazpenak, eskultura uztearen arrazoiak, poesiak, gauza asko egin eta pentsatu zituen Oteizak, eta guztiak ez dira sartzen ikuskizun batean. Biografia bat egin ordez, bere aurpegi eta gai batzuk jaso ditu, batzuk nahiko ezezagunak.



Jon Maya bera nahiko harrituta geratu zen. Ikerketako lan batzuk elkarrekin egin dituzte Gabilondok eta berak, eta dantzariak dio beretzat «Oteiza berri bat ezagutzea bezala» izan zela. «Oteiza gizona, baina batez ere harritu nau poeta bezala, ez nuen ezagutzen fazeta hori», azaldu zuen dantzariak.



Ikuskizun honetan bere lana «oso desberdina» izan omen da. “1937”n egina zegoen disko batetik abiatu ziren eta argumentua bazuten; honetan ez zuten ez bata, ez bestea. Horren ordez, «prozesuan parte hartu dugun guztiak elkar aurkitzen joan gara», azaldu zuen Mayak.



Koreografia sortzeko oinarri gisa dantza tradizionala hartu dute, baina moldaketak egin dituzte. Badago zati bat Gipuzkoako soinu zaharrekin osatuta eta hor banakoak, kaxarranka, edota mutil dantzaren keinuak aurki daitezke. Beste batzuetan «askoz ere urrunago eraman dugu eta lehenengo bistan agian ez da antzematen» zer den, azadu zuen Mayak.



Aurreskuaren kasua nabarmentzekoa da. Ikuskizunean Jon Mayak, Oteizaren larruan jarrita, hiru aurresku dantzatzen ditu, koreografia eta musika desberdinarekin. Lehenengoa Oteiza sasoi betean dagoenean, bigarrena Itziar emaztea hiltzen denean, eta hirugarrena artistaren azkenetan. Agure baten agurra, nolabait.



Kolaborazioak



Poesia eta ikus-entzunezkoak ere aipatu behar dira. Musikari, poesia errezitatua tartekatzen zaio eta horretan kolaborazio bereziak izan dituzte; adibidez, obra irekitzeko Mikel Laboak Jorge Oteizaren olerki bat errezitatzen du, Iñaki Salvador musikariak lagunduta. Poema gehienak artistarenak dira eta Pello Zabala, Xabier Lete, Nestor Basterretxea edota Joxe Angel Irigarayren ahotsean entzungo dira.



Kolaborazioak lortzea «oso erraza» izan omen da, Mireia Gabilondok irribarrez esan zuenez. «Oso polita izan da jendeak eman didan laguntza eta babesa ­jarraitu zuen­. Oteizari gustatzen zitzaion bezala, jende asko biltzea lortu dugu».



Dena den, Oteiza nolakoa zen erakusteko ez dago bera baino hoberik. Ikuskizunean, artistaren irudiak proiektatuko dira. Material gehiena ETBn eta Artelekun (Jon Intxaustegik zuzendutako bideoa) eskuratu dute, baina ezusteko bat badago. «Bere lagun batek sekula ikusi gabeko bideo batzuk utzi dizkigu eta zatitxoren bat hor dago», iragarri zuen Gabilondok. Ikusi nahi duenak, hil honen bukaera arte itxaron beharko du, Donostiako Antzoki Zaharrean estrenatuko baita, 27tik 30era.

Dokumentuaren akzioak