Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Zamalloa Asua txistularia

Dokumentuaren akzioak

Jon Zamalloa Asua txistularia

Txistulari lagun baten zertzeladak

Egilea
Sabin Bikandi Belandia*
Komunikabidea
Deia - Noticias de Bizkaia
Tokia
Bilbao
Mota
Iritzia
Data
2011/05/06

Jon Galdakaon jaio zen duela 56 urte, famili euskaldun eta euskaltzale batean, eta bera ere hori izan da: euskalduna. Urte batzuk dugunon-tzat berba horrek gauza asko adierazten ditu, eta Jon euskalduna zen, letra handiekin, pieza batekoa. Eta horrela, eta horregatik, sortu berri zen Galdakaoko Andra Mari dantza taldean hasi zen dantzan praka laburdun mutikoa zela. Txistua jo-tzeko norbait behar taldean eta Máximo Morenorengana agindu zuten ikastera. Máximo Galdakaoko Musika Bandako eta Zaletasuna abesbatzako zuzendaria zen, elizako organujolea eta musika irakaslea. Han jaso zuen Jonek bere oinarrizko musika heziketa, eta Máximok beti goraipatzen zuen Jonek musikarako zuen berezko dohaina. Gazteago ginenontzat Jon erreferente bat bilakatu zen. Hamabi urte eskaz zituela Andra Mari dantza taldearekin lehenengoz aritu zen txistulari moduan, plazan jotzen. Eta horrela, dantza taldearen beharrizanei erantzunez, dultzaina eta gaita jotzen ere ikasi zuen, eta gitarra, eta klarinetea, eta... Jon todoterreno bat zen.

Jon Zamalloa 2005Jon, urte batzuk beranguago jaio izango balitz, musika edo/eta dan-tzaren munduan profesional handi bat izango zen. Bere garaian ez zuen aukerarik izan txistu ikasketa ofizialik egiteko, eta musika ere orain baino aukera askoz eskazagoa zen. Horrela, bizimodua ateratzeko ikasketa teknikoak egin eta ingeniari moduan aritu zen industriaren hainbat arlotan. Baina musikaria zen, eta ogibidez ez bada ere, profesional baten pentsaera, maila eta jokaera zuen gehienetan.

DANTZA MAISUA Gure inguruan, dantza musikarekin lotuta bakarrik ulertu izan da. Eta horregatik, tradiziozko dantzaren munduan dan-tza maisuak musikariak ere baziren. Tankera honetako tradiziozko dan-tza maisuaren eredu ezagun bat Berrizko Alejandro Aldekoa zen, eta beste bat Arizkungo Maurizio Elizalde, eta beste bat... Galdakaoko Jon Zamalloa. Galtzear dagoen danbolinteru dantza maisuaren ofizioaren azkenetariko bat izan da Jon. Gaur egun bidezidorrak egiteko joera dugu gizartean, baina bidea ibili egin behar da eta jakiteko ikasi egin behar da, Jonek egin zuen modura: dantza eta musika, eta biak sakon. Barriz, dantzan eta dantzetaz ikasteko jatorrizko iturrietara jo zuen, tokian tokiko maisuengana: Alejandro Aldekoa, Maurizio Elizalde, Etxahun Iruri, Patxi Bilbao, Juan Aiesta, Simeon Iragorri, Leon Bilbao, Bartolo Lasa...

Berarekin gauza asko ikasi genituen, eta bat funtsezkoa. Sarritan entzuten dugu honako galdera: dan-tzan nork agintzen du, dantzariak ala musikariak? Ba, ez dantzariak ez musikariak, dantzak agintzen du, edo agindu beharko luke. Eta hori Jonek oso argi zuen. Baina hortarako dantza osotasunean ezagutu eta jakin behar da. Hor dago gakoa. Eta hor Jonen moduko dantza maisuen gidaritza lanaren garrantzia.

TXISTULARIA ETA DULTZAINEROA Jon maisua zen arlo askotan, baina Txistu txistularia zen, gorputz eta arimaz. Txistuak aurrerakuntza ikaragarria egin du azken hamarkadetan, kontserbatorioetan irakasten denetik, baina akademizazio horrekin jo-tzeko moldeak estandarizatu, bateratu egin dira. Lehen danbolinteru bakoitzak bere soinua zuen, eta horrelakoa zen Jonen soinua, berea erabat. Bere txistuaren soinua... Eta ez hori bakarrik, bere errepertorioa... Edozein momentutarako pieza egokia zuen. Beti prest edozer jo-tzeko... Zenbat musika zeukan buruan... Inolako nagirik gabe jotzen zituen bariaziodun piezarik konplikatuenak, bazkalondoko giroa apaindu eta entzuleak gozarazteko. Horrelakoetan, bere pieza kutunena Ar-tzai Kantak zen. Eta jarraian berdin jotzen zuen edozein kantu edo dan-tza edozein tonotan. Edo bigarren ahots bat inprobisatzen zuen, edo behar zenean txistuarekin silbotearen partea ere jotzen zuen: musikari itzela zen, artista. Bestalde, esan behar, tradiziozko danbolinteroa zela, txistularia baino. Danbolina txistua baino garrantzitsuagoa izan da, seguraski dantzak laguntzeko zuen garrantziagatik, eta horregatik diot, Jon danbolinteroa zela. Danbolina gutxik bezala menperatzen zuen, bai teknikari dagokionez, bai erritmoari dagokionez, eta, batez ere, dantzarako jotzen ari zela dan-tza laguntzeko. Txistu deitzen genuen, baina berdin Danbolin edo Txanbolin geitu genezakean.

Edo eta Jongaiteru, Kolazinoko Juan Aiesta Juangaiteru deitzen zuten bezala. Jonek tradizio zaharrean jotzen zuten maisu handienak izan zituen irakasle: Juan Aiesta (Aztegieta-Barranko-Bedia), Patxi Bilbao (Bargondia-Dima), Juan Bilbao (Ortuoste-Mañaria) eta Lemoako Arrañon jaio baina Galdakaoko Labean bizi zen Simeon Iragorri. Eta Jonek, bere maisuan lekukoa hartu zuen, Bizkaiko dultzainaren dialektoa bazter guztietara zabalduz.

IKERLEA ETA LAGUNA Jonen jakinminak tradiziozko musika eta dantza ikertzera eraman zuen, beti ere, bere bihotzeko Andra Mari taldearen barruan. Taldeak eginiko ikerketa lan garrantzitsuenetan hor izan genuen Jon: jotaren inguruko berriak batzen, edo Lizarran, Beruetekin bertoko Larrain dantzaren jatorria aztertzen, edo Zuberoan Pierre Bordazaharre, Etxaun Irurirekin, edo Altsasuko inauteria jasotzen,... Jonek edozenbat transkribapen eta moldaketa egin zituen musika tresna ezberdinetarako, milaka partitura idatzi zituen, eta berak eginiko lana, aztertu, sailkatu eta editatzeko zain dagoen altxor etnografiko bat da.

Eta zer esan lagunari buruz... Bihotz on, handi eta nobledun semea zela, umoretsua, berriketarako lagun aparta, batzuetan ume handi baten modukoa, baina argia eta jakintsua. Agur, lagune. Faltan hartuko zaitut.

 

 

* Etnomusikologian Doktorea Londreseko Unibertsitatean, Goi Mailako Musika Irakaslea, Bilboko Udaletxeko danbolinteroa eta Aiko taldeko kidea.

Dokumentuaren akzioak