Dokumentuaren akzioak
Jon Vallejok eta Monica Zamorak jasoko dituzte dantza sariak
Alicia Amatriain izango da Dantzaren Eguna ospatzeko Donostian maiatzaren 2an egingo duten ekitaldian
Jon Vallejok (Donostia, 1985) Errebelazio saria jasoko du. Monica
Zamorak (Ordizia, Gipuzkoa, 1974), berriz, 2003an utzi zuen Birminghamgo
Royal Balleta, eta George Piper Dancers konpainian hasi zen beharrean.
Ordudanik, lanen bat edo beste egin izan du zenbait talderentzat.
Horrenbestez, denbora luzean eginiko ibilbidea aintzat hartzen duen
saria jasoko du Zamorak, Arte saria. Dantzaren Nazioarteko Eguna
apirilaren 29an izanagatik ere, maiatzaren 2an egingo dute gala,
Viktoria Eugenia antzokian.
Alicia Amatriain (Donostia, 1980) eta Juan Carlos Santamariaren
konpainia dantzatuko dira emanaldi horretan. Halaxe eskertuko dio
Amatriainek Dantzari Profesionalen Gipuzkoako Elkarteari iaz Espainiako
Dantza sarirako hautagaitza bultzatu izana -Santamariak 2008an eskuratu
zuen garaikur hori-. Alabaina, Lola Grecori eman zioten Espainiako
saria.
Amatriain Jason Reillyrekin dantzatuko da Donostian,
Stuttgarteko Balleteko dantzari nagusiarekin. Gala horretan parte
hartuko dute, halaber, Biarritzeko Balletak, Verdini Dantza Taldeak eta
Aukeran, Kukai, Tapeplas, Dantzaz eta Acroindar konpainiek.
Ikastaroa Artelekun
Dantzaren Hilabeteak egitarau oparoa izango du. Horren barruan
egiten ari dira atzodanik dantza klasikoko, garaikideko eta jazzeko
mintegia Artelekun. Marta Ortega ematen ari da dantza klasikoko eskolak,
Angela Rodriguez dantza garaikidekoak eta Laura Garcia ari da
arduratzen hala nahi dutenak jazz dantzan trebatzeaz.
Nolanahi den, aurten Dantza Kalean eta Kontxa hondartzako
barandako dantza klasikoko erakustaldia Olatu Talka deritzon jaialdi
berriaren barruan egingo dituzte. Hilaren 23tik 25era egingo dute
festibal hori, Donostia 2016ko Europako kulturaren hiriburu izateko
hautagaitza bultzatzeko xedez.
Hortaz, Dantza Kalean jardunaldia hilaren 24an egingo dute,
goizez. Jazz, funky eta dantza garaikideko piezak erakutsiko dituzte
udaletxeko terrazan hainbat sortzailek. Kontxako barandako erakustaldia,
berriz, hilaren 25ean izango da, eta, antolatzaileek diotenez, 1.500
bat dantzari bilduko dira, bederatzi eta hamabi urte artekoak. Odon
Elorza Donostiako alkateak ez du baztertzen datorren urtean beste
herrialde batzuetara ere zabaltzea ekimena, eta Kontxan ez ezik
Zurriolako hondartzan ere antolatzea erakustaldia.
Dantzari Profesionalen Gipuzkoako Elkarteak antolatzen du
Kontxako barandako erakustaldia, 1997tik, eta urtetik urtera ekitaldia
sendotu eta egonkortu dela uste dute antolatzaileek. Dantza sustatzeko
eta diziplina horren egoera «babesgabea» salatzeko ekimena da. Izan ere,
goi mailako dantza klasikoan trebatzeko eta lan egiteko azpiegiturarik
ez dago ia Euskal Herrian, eta bidean aurrera egin nahi dutenek
atzerrira joan behar dute ezinbestean.
Dokumentuaren akzioak