Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Vallejok eta Monica Zamorak jaso dituzte Gipuzkoako Dantza Sariak

Dokumentuaren akzioak

Jon Vallejok eta Monica Zamorak jaso dituzte Gipuzkoako Dantza Sariak

Egilea
Maider Iantzi
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2010/05/02

Dantza irakasle talde batek Gipuzkoako Profesionalen Elkartea sortu zuen 1982an. Ikasleentzat ikastaroak antolatu nahi zituzten lagun gutxi batzuk ziren; gaur egun, berriz, dantzarekin lotutako hainbat alorretako 50 profesional dira, diziplina hau ikaragarri maite dutenak eta ekintzak musu-truk antolatzen dituztenak. Atzo, Dantza Sariak banatu zituzten zortzigarren urtez eta omenaldi polita egin zieten Jon Vallejori eta Monica Zamorari Donostiako Antzoki Zaharrean.

Atarian, Jose Inazio Ansorenak zuzendutako Udal Txistularien Bandak egin zien ongietorria gonbidatu guztiei, eta barrenean, argiak itzalita, musikaren eta dantzaren magia zabaltzen hasi zen. Publikoak gustura hartu zituen koreografia ikusgarri eta koloretsuak, Kaia 1 eskolakoek, Donostiako Udalaren eskolakoek eta Thalia estudiokoek prestatuak.

Aurkezleek azaldu zutenez, sari hauek sinbolo izatea nahi dute dantzari, koreografo eta irakasleek arteari egiten dioten ekarpena baieztatzeko, baita Gipuzkoako instituzioen laguntza aitortu eta eskertzeko ere.

Artista berrien saria Jon Vallejok jaso zuen. Hamar urtez, 1990etik 2000ra, Mentxu Medelekin ikasi zuen donostiar honek. Garai hartan Ciudad de A Coruña lehiaketa irabazi zuen. Gipuzkoako Aldundiaren diru-laguntzari esker, Madrilgo Carmen Rochen eskolan dantza ikasten jarraitzeko aukera izan zuen eta bakarlari gisa aritu zen Rochen balletean. 2004an Monaco Dance Forumeko dantzari onena izendatu zuten eta 2005-2006 denboraldian Danza 2 konpainiako kide izan zen. Gero, artista gipuzkoarra Dresdengo Operako Balletean sartu zen eta 2008tik bakarlaria da bertan.

Vallejoren errepertorioan daude «Zisneen aintzira», «Txori urdina» eta «Loti ederra» klasiko handiak. George Balanchinen «Tema y variaciones» egin du, eta William Forsytheren, Nacho Duatoren eta bertze hamaika koreograforen obretan aritu da. Tokio, Roma, Praga, Milan... Mundu zabalean dantzatu du, eta etxean ere bai, Bilbon eta Donostian.

Ibilbide Artistikoaren saria, aldiz, Monica Zamorarentzat izan zen. Ordiziar hau hamar urterekin hasi zen Ion Beitiaren eskolan ikasten eta hamabost urterekin Laussanako saria irabazi zuen. Horrek Royal Ballet School-eko ateak ireki zizkion.

1991n Birmingham-eko Royal Ballet-en sartu zen. Aurrena bakarlari izendatu zuten eta ondoren dantzari nagusi. 2003an ballet hori utzi eta George Piper Dancers konpainiarekin hasi zen. Orduz geroztik freelance bezala aritu da dantzan eta bertzeren artean «Vasos Comunicantes» ikuskizunean eta Oliver Stoneren «Alexander the Great» filmean parte hartu du.

Marius Petipa, George Balanchine, Michel Fokine, Kenneth MacMillan, Hans Van Manen... Hainbat artistaren lanetan dantzatu du Monicak. Australiako Balletean ere aritu da gonbidatu gisa. Orain, klaseak ematen eta zuzentzen dabil Londresen.

Maria Eugenia Maisuetxe Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko presidenteak eman zien biei saria, eta dantzari hasiberriek lore sortak eskaini zizkieten. Jon Vallejok dagoen lekuan egotea ahalbidetu dioten pertsona guztiak aipatu zituen. «Ikaragarri eskertzen diet, bai lagundu didatenei eta baita lagundu ez didatenei ere, denek eman baitidate indarra», adierazi zuen. Baina, bereziki, artea anitz maite zuen eta sari honek hainbertze poztuko zuen amona izan zuen gogoan.

Monica Zamorari ere ilusio handia egin zion sariak eta gurasoei eskaini nahi izan zien. Lagunei eta familiari ere esker ona azaldu zien.

 
Txoriek bezala hegan egiteko dugun ezintasunaren kontsolamendua

Jean-Georges Noverre (1727-1810) dantza modernoaren aitzindaritzat hartzen den koreografoa jaio zen datan, apirilaren 29an, ospatzen du Unescok Dantzaren Eguna, eta urtero pertsona baten mezua zabaltzen du lau haizetara. Honela hasten da aurtengoa, Julio Boccarena: «Dantza diziplina da, lana da, irakaskuntza da, komunikazioa da. Dantzarekin hitzak aurrezten ditugu, akaso beste pertsona batzuek ulertuko ez dituzten hitzak, eta guztiontzat ezaguna den hizkuntza bat ezartzen dugu. Plazera ematen digu, aske egiten gaitu eta txoriek bezala hegan egiteko dugun ezintasunaren aurrean kontsolatzen gaitu».

p058_f01_203x112.jpg

Dokumentuaren akzioak