Dokumentuaren akzioak
Jon Pertika dantzazaleak jasoko du Durangaldeko Teila Merinalde Egunean
Jon Pertika Basurtun jaioa da, 1937. urtean. Bizitza osoa eman du dantzari lotuta. Aita Bilboko Dindirri dantza taldeko sortzaileetako bat izan zen, eta Jon bertan hasi zen dantzan.. Jonek berak, 1968an, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldea sortu zuen. Talde hau dinamizatzen eta zuzentzen eman ditu Jon Pertikak azken 50 urteak – datorren urtean, 2018an, ospatuko ditu taldeak urrezko ezteiak -.
Azpimarratzekoa da Jon Pertikak Bizkaiko dantzak berreskuratzen eta hauei ikusgarritasuna ematen egin duen lana. Dantzak jaioterri bakoitzean egin izan dituzten moduan, gehigarri eta apaingarri barik, plazaratzea gustatu izan zaio beti. Fideltasun horren adibidea da, esaterako, Durangaldeko Dantzari-dantza egiteko, janzkera ezezik Iurreta elizateko banderaren kopia bat egin zutela.
Jon Pertikak beti izan du Durangaldearekin gertuko harremana eta Gerediaga elkartearekin zein eskualdeko dantza taldeekin lankidetzan izan da sarri. Durangaldeko Dantzari-dantzaren enbaxadore handiena izan da. Euskal Herrian eta munduan zehar folklore jaialdi askotan parte hartu du Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldeak. Horri eskerrak, gurean dantzan ikasi eta Durangaldeko folklorea mundu zabalera eraman du.
Bi urterik behin
Bi urterik behin ematen du Gerediaga Elkarteak Durangaldeko Teila Saria. Durangoko Merinaldeko kanpoko norbaiti egiten zaion omenaldia da, Durangaldearekin izan duen lotura aitortzeko eta eskualdearen alde egindako lana eskertzeko.
1997. urtean eman zen lehenengoz saria. Gregorio Monreal, Pedro Mari Basañez, Adrian Zelaia, Karmele Goñi, Enrike Ibabe, Jose Angel Barrio Loa, Jose Luis Muñoyerro, Iñaki Garcia Camino eta Juanjo Morenok jaso dute orain arte oroigarria. Teila Arabako Olleriaseko Euskal Zeramikako Museoaren sortzaile, ceramista eta zuzendariak Blanca Gomez Segurak egindakoa da.
Ekitaldi apala
Merinalde Eguneko ekitaldien artean egingo zaio omenaldia Jon Pertikari. Eguerdiko 12:30ean izango da Gerediagako foru zelaiko San Salbatore ermitan. Teila eman aurretik, ikus-entzunezko laburren emanaldia izango da. Tartean dira, 30eko hamarkadan Zubiaurre anaiek egindako Garaiko jaietako dantzen irudiak, 20ko hamarkadako Berrizko dantzarien saio bat eta 1967. urteko irailaren 24an, Iurretan ospatu zen Durangaldeko lehen Ezpatadantzari Eguneko irudiak.
Azken biak Gerediaga elkarteko dokumentategian gordeta daude. Zubiaurre anaiek grabatutako irudiak, berriz, Bilboko Arte Ederretako Museoak utzitakoak dira. Zubiaurretarrak margolari ezezik zinemagintzan ere aritu ziren eta Bilboko pinakotekan dituzten irudien artean Garaiko jaietakoak ere badira.
ARGAZKIA: dantzan.eus webgunetik jasotako argazkia da.
Dokumentuaren akzioak