Kukai Dantza konpainia larunbat honetan izango da Aian. Gelajauziak izeneko ikuskizuna eskainiko dute Jon Maya, Alain Maya, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena dantzariek, eta horren bidez, "Euskal Herrian dantza sozialtzat" jotzen diren dantzen "irakurketa nahiko berezi bat" aurkeztuko diete aiarrei.
Jon Mayak (Errenteria, 1977) eta Cesc Gelabertek sortu zuten koreografia, eta Mayaren esanetan, dantza tradizionala izan dute inspirazio-iturri. Dantza horrek "jatorriz daukan freskotasuna, indarra eta esentzia ondo jasotzea" lortu zutela uste du errenteriarrak; "nahiz eta, formei dagokienez, beste norabide bat hartu genuen". Kukai Dantza taldeko kideak azaldu du "dantzatzeko askatasuna oso presente" dagoela koreografia osoan zehar, eta "oso bizia eta dinamikoa" dela.
55 minutu inguruko ikuskizuna da Gelajauziak, eta "kale ikuskizun gisa" sortu zen hasieran: "Gero egokitu genuen oholtzarako". Koreografian garrantzia berezia du Nestor Basterretxea eskultorearen —parte hartu zuen emanaldiaren sorrera prozesuan, baina 2014an zendu zen— Akelarre izeneko lanak. "Eskultura hori kokatzen dugu, nolabait, denaren lekuko bezala. Horren bueltan gertatzen da ekintza guztia", dio Mayak.
Agertokiak
Kukai Dantzak, besteak beste, bi Max Sari irabazi zituen 2015ean Gelajauziak ikuskizunari esker. Hain zuzen, dantza talde onenaren eta musika sorkuntza onenaren Max Sariak jaso zituen. Hamar herrialde baino gehiagotan taularatu dute koreografia, baina Mayaren arabera, berezia da beti ere "Euskal Herrian herriz herri bisitak egitea".
Aian izateagatik "pozik" daudela dio dantzariak: "Asko gozatzen dugu gertutasun hori; goxotasun hori. Airea ematen digu, nolabait". Iritzi dio, gainera, Gelajauziak lan "aproposa" dela "jendearekiko gertutasun hori lantzeko": "Uste dut koreografia polita dela eszenatokitik nahiz besaulkitik gozatzeko".
"Kontraste polita biziko dugu asteburu honetan", esan du Mayak: "Donostiako Kursaalean izango gara ostiralean, Zinemaldiaren aurkezpenean, eta larunbatean, berriz, Aian". 22:30ean hasiko da larunbateko emanaldia, Aiako probalekuan.