Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Maya: «Garai bateko sentsazio asko berreskuratu ditut oholtzan»

Dokumentuaren akzioak

Jon Maya: «Garai bateko sentsazio asko berreskuratu ditut oholtzan»

Zuzendaritza lanak alde batera utzi eta berriz ere dantzatzeko pausoa eman du errenteriarrak. 42 urterekin, «entxufatuta» jarraitzen duela aitortu du, azken lanarekin txapelketen garaiak gogoratu dituela.
Egilea
Imanol Saiz
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Errenteria-Orereta
Mota
Albistea
Data
2019/11/29
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Aspalditik al zenuen lan pertsonalago bat egiteko asmoa?
Bai, baina gure lan honetan askotan gertatzen den gauza bat aitortu behar dut. Ideiak burura etortzen zaizkizu, baina gero, niri behintzat gertatzen zait lurrartzeko denbora behar dudala. Hortaz, horietako batzuek ez dute inoiz lur hartzen, eta hor geratzen dira koadernotan idatzita edo ez dira gauzatzen. Onartu behar dut honekin bueltaka hasi nintzenean bakarka oso ondo sentitzen nintzela, ilusionatzen ninduela. Neronek banekien ondo egon zitekeela, baina ziur asko ez zela egingo [barrez]. Bueltaka aritu ostean, egiteko apustua egin nuen. 

Hainbeste denboraz itzalean lanean aritu ostean, gogoa zenuen berriz ere oinetakoak jantzi eta oholtza gainera igotzeko? 
Bai, egia esan, bai. Nahiz eta beti jarraitu dudan neurri txikiagoan dantzatzen, Kukairen azken produkzioetan ez dut dantzatu. Beste rol batzuetan aritu naiz, zuzendaritza lanetan gehiago, eta orduan, bada momentua non zenbait gauza planteatzen dituzun: ‘gero eta dantza gutxiago egiten dut, hemendik gutxira ez dut egingo. Eta horrela utziko dut, ez? Aurrera jarraituz gero, zer egingo nuke?’; galdera asko datoz burura eta hor aritu naiz bueltaka. Koktelera horretan lehenengo Mireia Gabilondorekin hitz egin nuen. Gure lehen ikuskizuna ere berarekin izan zen, bost ikuskizun egin ditugu elkarrekin, 2002az geroztik elkarlanean gaude, eta kontatu nion zer nuen buruan, ea zer iruditzen zitzaion. Asko animatu ninduen hasieratik. 

Oholtza partekatzeko konpainia ona aukeratu duzu. 
Hala da, bai. Pentsatu nuen polita izan zitekeela harremana izan dudan hainbat sortzaile eta koreograforekin elkartzea, harreman horretan sakontzeko, baina kasu honetan dantzari bezala. Gainera, beraiei eskaini nahi nien nire jatorrizko dantza hori, euskal dantza tradizionala, ea nora eramaten ninduten ikusteko. Ikuskizunaren ardatz nagusietako bat hori izatea nahi nuen, eta gerora beste gauzekin elikatzea. Arkaitz [Miner] aspaldiko laguna dut, herrikoa da, eta dantzan elkarrekin hasi ginen talde berean. Gogoa nuen berarekin lan egiteko maila profesionalean, nahiz eta mila saltsatan aritu garen. Pentsatu nuen konbinazio polita egingo genukeela Xabirekin [Bandini]. Betidanik gustatu izan zait, Kerobiaren garaietatik. Hirurak elkartzean iritsi zen momentua non pieza guztiek bat egin zuten, eta ja guzti hori edukita, niri tokatu zitzaidan dantza jartzea. Horretarako laguntza primerakoa izan dut, Israel Galvan, Sharon Fridman eta Cesc Gelabertek asko lagundu didate.

Egia esan, oso ondo pasatu dut prozesu guztian zehar, oso gustura sentitu naiz. Aste honetan pixka bat memoria egiten, gaur lantaldekoei esaten nien, ez nuen imajinatzen momentu hau heldu zitekeenik. Buruan duzu, baina ikustea hiru egun falta direla eta badakizunean egingo duzula zaila da sinisten. Hasierako kalkulo horietan nire ustez ez zen guzti hau sartzen [barrez], baina egia esan, asko gozatu dut, oso polita izan da. Hau guztia bizitzeagatik merezi izan du, zalantzarik gabe.

«Esango nuke orain arte egindako lanik intimoena izan dela niretzat»


Bidaia moduko bat antzeman daiteke obran. 
Bidaia bat da lana, eta bidaia horretan pasatzen gara bizipen oso ezberdinetatik. Badira momentu oso eroak, ez dakizula zer pasatzen den, erotu naizela akaso. Gero, adibidez, erabateko kontzentrazio uneak ere badaude. Egoera askotatik pasatzen gara hiru protagonistak ikuskizunean zehar, zeharo ezberdinak.

Orain arteko lanik intimoena izan da zuretzat?
Bai, zalantzarik gabe. Gainera, Kukairen lanak nagusiki beti oso konpainiako lanak izan dira, hasieratik. Zazpi dantzari, sei, eta kantari bat adibidez. Momentu honetan bizirik ditugun ikuskizun horiek, bai Oskara-k eta bai Erritu-k, konpainia indartsu bat eskatzen dute, eta kasu honetan kapa pila bat jaistea izan da, eta iritsi kasik dantzan bakarrik egotera. Hiru gaude, baina momentu askotan bakoitza bakarrik. Orduan, zentzu horretan, bai esango nukeela lanik intimoena izan dela niretzat. Gainera, uste dut horrek ere lagundu duela emanaldi goxo bat osatzen. 

Berriz ere bakarrik dantzatzen, garai bateko sentsazioak berreskuratu dituzu?
Bai, egia da garai bateko sentsazio asko berreskuratu ditudala oholtza gainean. Askotan tokatu zait bakarrik entseatzea, eta gogora etorri zaizkit orain dela 20 urte txapelketak egiten nituen garaiak, edo Kukairen hasiera hartan gauzak prestatzera etortzen nintzenekoak. Estudioan bakarrik, ispilu aurrean, asteburuetan ere gogor lanean. Berriro berreskuratu dut hori. Hasieran ere, lehenengo egunetan badaukazu ezinegon hori. Gainera, beti jendea mobilizatzen eta motor izaten aritzetik, zurean zentratzera pasatzerakoan gustura sentitu naiz, asko gozatu dut.

«Ez nuen imajinatzen momentu hau benetan heldu zitekeenik»

Asko aldatu da txapelketen garaiko Jon Maya hura gaurko egunera?
Bai. Mireiak ariketa oso polit bat proposatu zidan. Prozesu honetan, zerrenda moduko batzuk idazten hasi nintzen, nire bizitzaren gainekoak. Orduan, idazte horretan gogoratu ditut, esaterako, dantza egitera joan nintzen lehenengo eguna, lehenengo emanaldia… Hunkitu egiten naiz. Ariketa oso polita izan da, balio izan didalako paperean zein oholtzan oroitzapen asko iraultzeko. Kontziente naiz, orain 42 urte ditut eta 6rekin hasi nintzen dantzan. Nolabait bukaeran nagoenean, modu natural eta tradizionalean dantzatzen, beti izan ditudan sentsazio horiek hor jarraitzen dute. Barne ariketa ere izan da, gauza asko pentsatzera eramaten dizulako. 

Urduri igandeko estreinaldirako? 
Urduri baino, nago har on horrekin. Urduri baino, oso entxufatuta sentitzen naiz, benetan, eta sentsazio hori asko gustatzen zait. Adibide inozo bat. Joan den larunbatean, Nafarroa Arenan izan nintzen, Berri Txarrak taldearen azken kontzertuaz gozatzen. Aurretik, goizean, entseatu egin nuen eta bueltatzerakoan berriz ere entseatzera joan nintzen, barruan sekulako indarra sumatzen nuelako. Azken egunotan sumatzen dut har hori sabelean bueltaka.

Dokumentuaren akzioak