Dokumentuaren akzioak
Jon Maya: "Dantza lengoaia bat da; forma bat edo beste har dezake"
1. Noiz pasa zen dantza afizio izatetik ofizio izatera?
Afizioa
bada oraindik ere! Ofizio izatera duela bospasei urte pasa zen: lehen,
dantza kazetari lanekin partekatzen nuen; gero, dantza irakasle lanekin;
eta egun, horrela jarraitzen dut, konpainiako lanak gero eta denbora
luzeagoa hartzen didan arren.
2. Dantzak ematen du bizitzeko?
Bizi
gara, beraz... Egia da dantzari moduan bakarrik oso zaila dela. Baina,
nire kasuan, zuzendari lanekin eta Errenteriako musika eta dantza
eskolako irakasle lanekin batuz gero ematen du, bai.
3. Koreografoa ere bazara. Nondik hasi ikuskizun bat muntatzen?
Batzuetan
bada hasierako ideia bat; beste batzuetan musika izan daiteke aitzakia;
beste batzuetan gogoeta bat... Puzzle bat egitea bezala da: faktore
asko hartu behar dira kontuan.
4. Dantza bidez edozein sentimendu edo ideia lan daiteke?
Zergatik ez? Lengoaia bat da, gauzak adierazteko lengoaia bat; forma bat edo beste har dezake.
5. Dantza tradizionala eta berrikuntza batzen dituzu; askok oso ondo hartzen ez duten ezkontza...
Gustu
kontua da. Niri ere ez zaizkit gustatzen liburu, pelikula edo disko
guztiak. Ez zaio garrantzi handirik eman behar; batzuetan pisu eta
energia gehiegi jartzen dugu halako kontuetan.
6. Erraza da mutilak dantzara erakartzea?
Mediatikoki
dantza ez dago beste gauza batzuen pare eta mutilek askotan kiroletara
jotzen dute. Baina behin probatu eta ezagutzen denean, neska zein mutil
izan, berdin-berdin gozatzen da.
7. Abeslari batzuek ahotsa aseguratzen dutela esaten da. Pentsatu duzu hankekin berdina egitea?
Ez
dakit, egun, inork belaunak aseguratuko ote dizkidan... Hankak gure
lan-tresna dira eta egurra ematen diegu. Zaindu, buruarekin bai, baina
praktikan...
8. Zazpi aldiz aurreskuko txapelduna izan zara. Dantzako Brasilen aurrean gaude?
Ezta
inondik inora ere! Dantzari moduan hitzordu bat ziren txapelketak: joan
eta kito. Ez zait gustatzen duena baino garrantzi handiagoa ematea.
Baina ilusioz hartzen zen garaipena.
9. Zer galdetuko lioke Jon Maya kazetariak Jon Maya dantzariari?
Harrapatu nauzu! Herdoilduta nago kazetari moduan eta ez zait ezer bururatzen.
10. Noiz eskatu dizute azken bertsoa?
Ez
dakit noiz, baina askotan eskatu izan didate. Askotan nahasten
gaituzte: komunikabideetan, argazkiak jartzean, telefono deiekin...
Lehen aldiz gazte topaketa batzuetan izan zen: trukatuta eman zizkiguten
oroigarriak.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Gastatu egingo nuke makila! Gauza askotan erabiliko nuke: hipoteka kentzeko, etxebizitza eta lanpostuak ekartzeko, Euskal Herriko egoeran pausoak aurreratzeko.... Behar asko ikusten dut; gehiegi!".
Jon Maya.Dokumentuaren akzioak