Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Maia Sein: “Egiten dugun horrek Euskal Herritik abiatuta du zentzua”

Dokumentuaren akzioak

Jon Maia Sein: “Egiten dugun horrek Euskal Herritik abiatuta du zentzua”

Hurrengo astean egingo dute Donostiako Iturritik dantza jaialdia, urriaren 19tik 22ra, eta Kukai dantza konpainiak ‘Oskara’ eta ‘Giza’ lanak eskainiko ditu han. Jaialdi "gozagarria" izango dela adierazi du Jon Maia Seinek.
Egilea
Unai Zubeldia
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2023/10/13
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Jon Maia Sein: “Egiten dugun horrek Euskal Herritik abiatuta du zentzua”

Orain Errenterian, gero Donostian, hurrena Pragan… Gelditu gabe, batera eta bestera dabil Jon Maia Sein (Errenteria, 1977), Kukai dantza konpainiako zuzendaria. Oskara lana aurkeztu zuten asteartean Pragako Antzoki Nazionalean, eta Donostiako Iturritik jaialdian —urriaren 19tik 22ra— ariko dira ostegunean —Oskara— eta larunbatean —Giza—. Kukai konpainia “oso garai interesgarrian” dagoela esan du Maiak.

Bigarren urtez egingo dute Donostian Iturritik dantza jaialdia, eta Kukai konpainia oso presente egongo da aurten, bi piezarekin. Nola iritsi zaizue aukera?

Tradiziotik abiatutako sorkuntzaren inguruan dauden eskaintzak aurkezteko asmoz sortu zuten Iturritik; bai Euskal Herrikoak eta bai kanpokoak. Gu ere eremu horretan ari gara lanean, eta modu naturalean iritsi zaigu aukera.

Oskara taularatuko duzue, batetik, eta Giza, bestetik. Oso pieza desberdinak dira biak.

Oskara izango da gure eskaintza nagusia; oso berezia izango da berriz Viktoria Eugenian ikustea. 2016ko urtarrilean estreinatu genuen Oskara, antzoki horretan bertan, eta izugarrizko ibilbidea izan du ordutik: 125 emanaldi baino gehiago eskaini ditugu mundu osoan —adibide modura, Pragan aurkeztu dugu aste honetan [asteartean]—, sari andana jaso dugu, izugarrizko kritikak jaso ditugu… Nazioarteko ateak ireki dizkigu ikuskizun horrek. Gaur egun, bereziki nazioartean izaten dugu lan hori aurkezteko aukera, eta polita izango da sorterriko antzokira itzultzea. Erramun Martikorena ariko da, gainera, berriz ere; hura da jatorrizko kantaria, nahiz eta biran ordezkatu egin genuen.

Eta, Iturritik jaialdiaren eskaintza bereziki aretoko lanetara mugatzen den arren, badago beste leiho txiki bat ere, eta, horri esker, Giza hamabost minutuko pieza txiki bat eskainiko dugu kalean, duela gutxi Martin Harriage koreografo lapurtarrarekin sortutakoa. Aurten 75 urte beteko dira Giza Eskubideen Deklarazioa sinatu zutenetik, eta horren karietara egin ziguten pieza hori sortzeko eskaera.

Iaz ere zu oso presente egon zinen Iturritik jaialdian, bost saioetako bakoitzaren aurretik zuk zeuk sortutako Euskal hatsa hogei minutuko koreografia eskaini baitzuen Malandain Ballet Biarritz konpainiak. Zer-nolako esperientzia izan zen hura?

Jaialdietan garrantzitsua da oreka hori lortzea: aretoa eta kaleko presentzia. Iturritik jaialdiak, neurri batean, badauka hori. Niretzat oso polita izan zen iaz Miarritzeko konpainia horrekin pieza bat sortzeko aukera edukitzea.

“Iturritik, tradiziotik edaten duten dantza ikuskizunen jaialdia”. Hala sortu zuten egitasmoa, iaz. Tradizioa eta modernitatea: gaur egun, etengabe bi iturri horietatik edanez dabil dantza sorkuntza, ezta?

Nire ustez, inondik inora ez dira kontrajarriak tradizioa eta modernitatea, dantza tradizionala garaikidea baita, azken batean. Ez naiz etiketa horien oso zalea, baina bestelako lengoaia artistiko, dantza ulertzeko modu eta teknikekin bizi da iturritik edo tradiziotik datorren dantza molde hori. Nik oso modu naturalean bizi dut errealitate hori.

Iturritik jaialdia ez da dantza emanaldi soil bat, sortzaileekin egoteko aukera izango baita saio bakoitzaren amaieran. Garrantzitsua da ikusleekin harreman edo sare hori sortzea?

Iturritik jaialdiaren ezaugarri bat da hori, baina baita Viktoria Eugenia antzokiarena ere. Oso interesgarria da prozesua, aukera ematen duelako sortzailea edo konpainia bera sakonago ezagutzeko. Eszenatokiak eragiten duen distantzia hori kendu eta zuzeneko hartu-eman bat sortzen da; indartu egiten du alderdi humanoago hori. Oso aberasgarria izaten da, bai publiko gisa, bai sortzaile gisa.

Kukaik iaz bete zituen hogei urte. Orain, zein prozesutan dago konpainia?

Oso garai interesgarrian gaudela uste dut. Batetik, gure sorkuntza historiko batzuek —Oskara-k, esaterako— asko ematen dute oraindik, eta oso pozgarria da hori. Eta, bestetik, proiektu berrietan barneratuta gabiltza buru-belarri. Bukatzen ari gara Eta orain zer? proiektu berezia, eta beste sorkuntza prozesu bat abiatzen ari gara orain; otsailean estreinatuko dugu lan berria. Ilusioz gainezka ari gara lanean, oso proiektu erakargarria baita. Oso osasuntsu eta sasoiko dago Kukai.

Areto handiei begira egoten dira asko, baina zuek, sariak sari, ez diezue uko egiten tokian tokiko ekitaldi txikiagoei. Duela bi aste, Kilometroetan aritu zineten, adibidez. Herritik gertu mantentzen ere saiatzen zarete, ezta?

Ezinbestekoa da hori. Gu konpainia egoiliar bat gara Errenterian, eta guretzat hori ez da egoitza bat izatea bakarrik. Egunero zuzeneko harremana dugu gure komunitatearekin; hala bizi dugu, hala sinisten dugulako. Guk argi daukagu egiten dugun horrek Euskal Herritik abiatuta duela zentzua. Pandemiaren aurretik, Euskal Herrian egiten genituen gure emanaldien erdiak, eta Euskal Herritik kanpo beste erdiak; berriz ere pultsu hori hartzen ari gara. Ederra da Pragako Antzoki Nazionalean aritzea, baina urriaren 28an Astigarragan eta Durangon [Bizkaia] arituko gara. Oreka horrek ematen dio zentzua gure lanari; herren sentituko ginateke bata edo bestea kenduko bagenu.

Batzuek oraindik ez dute ezagutuko Iturritik jaialdia, eta dantza garaikidea ikustea kostatzen zaionik ere egongo da. Zer esango zenieke ikus-entzuleei?

Iturritik oso jaialdi erakargarria dela esango nieke. Hainbat tokitatik dantza tradizionalera hurbiltzen diren proiektu asko daude, eta gozagarri izango da.

Dokumentuaren akzioak