Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Maia: «Gizartea astintzeko eta pentsamendu kritikoa eragiteko modu garrantzitsua da kultura»

Dokumentuaren akzioak

Jon Maia: «Gizartea astintzeko eta pentsamendu kritikoa eragiteko modu garrantzitsua da kultura»

Palestinako gatazka salatzeko manifestazioa egingo dute igandean, 12:30ean, Donostian. Kulturgileek sortu eta sustatu dute egitasmoa, 'Stop genozidioa' lelopean.
Egilea
Urko Iridoy Alzelai
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/03/13
Lotura
Berria

Jon Maia dantzaria. ANDONI CANELLADA / FOKU

Jon Maia, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU                                                  

Otsailaren 29an aurkeztu zutenGenozidioa stop egitasmoa, Donostiako San Telmo museoaren aurrean. Euskal Herriko kulturgileek sortu eta bultzatutako proiektua da, eta Palestinako sarraskia salatzea da helburu nagusia. Hainbat kulturgile elkartu ziren egun hartan, besteak beste Jon Maia (Errenteria, Gipuzkoa, 1977), dantzaria. Aurkezpen egunean manifestazio bat iragarri zuten martxoaren 17rako, igandea; mobilizazioa 12:30ean abiatuko da, Donostiako Alderdi Ederretik Haizearen Orrazira bidean.

Nondik sortu da Stop genozidioa mugimendua?

Palestinatik iristen zaizkigun albisteen harira, sekulako krudelkeria ikusi dugu azken boladan. Hortik abiatu da hau dena.

Mugimenduak badu berezitasun bat: kultur arloko herritarrek egin duzue deialdia.

Hala da. Kultur arloan ari garen batzuk elkartu ginen, eta ikusi genuen gure arloan ere erantzun bat emateko ahalmena bagenuela. Erantzun hori baliatuta eskaera bat egin nahi izan dugu.

Nola hazi da hasierako multzo txiki hori?

Herri mugimenduko proiektu guztiak bezala, multzo txiki bat zena handituz joan zen. Atxikimenduei eta kolaborazioei esker, sare handi bat lortu dugu, kulturako esparru gehienak jorratzen dituen sare bat.

Zer eskain dezake euskal kulturak Palestinako aferan?

Askotan, nahastu egiten ditugu artea eta kultura, eta entretenimenduaren barruan sartzen dugu dena. Gizartea astintzeko eta pentsamendu kritikoa eragiteko modu garrantzitsua da kultura. Horrez gain, gizarteari galderak eta proposamenak helarazteko balio izan du historikoki. Hori da gure kasua; mugimendu honek badauka aldarrikapen izaera hori. Gainera, uste dut oso garrantzitsua dela kultur arloan gabiltzanok horrelako dei bat egitea gizarteari.

Euskal Herrian kulturak izaera kritiko nabarmena izan du historikoki, baina, gaur egun, badu indar hori?

Kulturara dedikatzen den orok nik uste baduela pentsamendu kritiko hori, hautu bat delako, eta garrantzi handikoa, gainera. Mundu honetan berezkoa da sortzaile orok zerbait esan ahal izatea, zerbait adierazi nahi izatea. Esango nuke ia-ia lanbidearekin bat datorren zerbait dela espiritu kritiko hori sustatzea.

Galdera formulatzeko erarekin dator erantzuna. Kultura ez da kontsumitzen, nire ustez. Kultura bizi, partekatu edo sortu egiten da. Osasunarekin edo hezkuntzarekin alderatzen dut nik kultura, horiek biak ez dira kontsumitzen-eta. Beraz, kontsumo ereduek eraman gaituzten bidetik hasita, hainbat gauza aldatzeko premia dugu gaur egun.

Igandean ez duzue egingo ohiko manifestazio bat, ezta?

Ibilbidean zehar hainbat gune egongo dira. Gune horietan, hainbat sortzailek beren arte adierazpenak egiteko aukera izango dute. Manifestatzeko beste modu bat da, argi dago. Jendea elkartzea lortu nahi dugu, baina aldarrikapenak gure lengoaiaren bidez egitea ere bai. Hala ere, ezin dugu pertsonifikatu igandean egingo dugun egitasmoa. Leloa da garrantzitsuena, batzen gaituen arrazoia: Palestinako genozidioa eteteko eskaera.

Ibilbideak ere badu arrazoiren bat?

Bai. Manifestazioa planteatu zutenean, argi genuen leku artistiko batean amaitu behar zuela. Arte ikuspegia eman nahi izan diogu egitasmoari, eta horren barruan sartzen dira kokalekuak ere.

Erraza izan da atxikimenduak lortzea?

Kultur alor guztietako jendeak egin du bat. Aniztasun handiko jendea agertu da laguntzeko prest, eta aniztasun horretan dago aberastasuna. Kultur arlo, jatorri eta adin ugaritako jendeak egin du bat gurekin, denok helburu berbera dugu eta.

LOTSABAKOA

Zer esango zenioke irakurleari manifestazioaren harira? Etortzeko, eta egunerokoan horrelako kausa baten alde egiteko.

Dokumentuaren akzioak