Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Maia, aurreskulari handien artean

Dokumentuaren akzioak

Jon Maia, aurreskulari handien artean

Antton Mendizabalen egurrezko artelana Oreretako udaletxean geratuko da

Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
1999/05/31

Larunbateko saioan guztira Gipuzkoatik etorritako hogei aurreskularik parte hartu zuen, hasiera batean izena eman zutenak baino bi gutxiagok, eta horietatik hamar pasa ziren igandeko finalera.

Atzoko saioan, berriz, gustura dantzatu zuela zioen Jon Maiak, zentratuago, egiten ari zenarekin disfrutatuz. Puntuazioan erabakiorra den zortzikoaren azken partera iritsi zenerako, "nekatuta sentitzen nintzen, baina neure buruarekin pozik amaitu nuen; saio erregularra egin dudala iruditzen zait" zioen oreretarrak.

Maila oso ona

Klasifikatutako lehen bospasei dantzariak, hain zuzen, Donostiako José Ignacio Viguerasek (2), Azkoitiko Kimetz Larrañagak (3), Donostiako Aiert Beobidek (4) eta Lezoko Aritz Salamancak (5), oso ondo aritu zirela dio, beraz, azken unera arte ez omen zuten batere garbi nork jantziko zuen txapela, berdintsu dantzatu zutelako. Edozeinek irabaz zezakeela dio Jon Maiak, baina haren esperientzia eta dotoretasuna erabakiorrak izan ziren eta, azkenean, berak jantzi zuen txapela.

Atzoko txapela jarraian irabazten duen hirugarrena du Jon Maiak. Txapelketa arautzen duen legediaren arabera hiru urtetan nagusitzen den aurreskulariak herrira eramaten du txapelketarako propio enkargatutako artelana. Azken urteetan jokoan egon den egurrezko eskultura Antton Mendizabalena da eta Anttonek berak eman zion atzo Joni ikurra. Kasualitatez, Mendizabal Maiaren irakasle izandakoa da UBIn eta atzo hitz eman zion artelan originala Oreretako udaletxean utzi behar duenez, kopia bat egingo diola etxean gorde ahal izateko.

Garaikurraren kopia etxean edukitzeak benetan ilusioa egiten ziola esan zuen oreretarrak; eta horrekin batera hurrengo Maddalen Jaietan herriko beste lagun batzuekin batera Udalak egingo dion omenalditxoak ere. Dena den, txapeldun berri-berriak, atzo oraindik ere irabazitakoaz benetan jabetu gabe sentitzen zela adierazi zuen. "Hemendik egun batzuetara, gauzak normaltasunera itzultzen direnean, orduan konturatuko naiz egindakoarekin, baina, pozik sentitu arren, oraindik ere ezin sinesturik nago, erreakzionatu gabe".

Kazetaritza ikasketak aurten amaituko ditu Jon Maiak eta bati baino gehiagori ezaguna egingo zaio Euskadi Irratian aritu delako azken urte honetan.

Txapelketari dagokionez, aipatu jende aldetik ere, inoiz baino jende gehiago hurbildu zela Pasai Antxon burututako txapelketara. Preso eta errefuxiatuak ere present izan ziren taula gainean eta beraientzat izan zen azken agurra.


Dokumentuaren akzioak