Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Maia: «Iazko arantza kentzea lortu dut aurten»

Dokumentuaren akzioak

Jon Maia: «Iazko arantza kentzea lortu dut aurten»

Txapela janzten duen bosgarren aldia du errenteriarrak

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2002/05/28

Jon Maia dantzari errenteriarra eta Euskaldunon Egunkariako kazetaria da beste behin Euskal Herriko aurreskulari txapelduna. Izan ere, joan den igandean Pasaian jokatu zen Euskadiko XXII. Gipuzkoar Aurresku Txapelketan lehen postua erdietsi zuen, eta honenbestez iaz galdu zuen tituluaren jabe da bosgarren aldiz. Hain zuzen, iazko ekitaldian izan ezik, 1997az jokatu diren txapelketa guztiak irabazi ditu Jon Maiak. Joan den urtean aurten bigarren postuan gelditu den Aiert Beobide dantzari donostiarrak jantzi zuen txapela.



Aurtengo txapelketa irabazteko «benetako gogoa» zuela aitortu digu 24 urteko dantzari gazteak: «Gustura aritu naiz txapelketarako entsegatzen, eta igandean ere gustura jardun nuen dantzan. Parte hartzen nuen lehen aldia zela zirudien». Ez omen da lehia zalea, baina iaz bigarren postuan gelditu izanak asko motibatu du aurtengo ekitaldian: «Iazko bigarren postuaren arantza nuen barruan, eta kentzea lortu dut», gaineratu digu garaipenarekin gustura.



Igandeko saioan parte hartu zuten 13 dantzarietatik dantza egiten lehena Maia izan zen. «Eta normalean berotzea kosta egiten zaidan arren, ongi moldatu nintzen. Ongi mentalizatuta joan nintzen».



Hala ere, ez du txapelketarako prestaketa berezirik egin, «urteko beste ekitaldi bat gehiago da niretzat txapelketa». Urtean zehar Ereintza dantza taldean eskolak eman eta eskolak hartu egiten ditu Maiak. Txapelketa hurreratu ahala, ordea, bakarka hasten da entsegatzen, gorputza zailtzearren.



Maila izugarria



Txapelketaren lehen zatian Desafioa eta Alpargata dantzatu zuten hamahiru dantzarik. Hortik hamar sailkatu ziren bigarren zatian lehiatzeko. Azken zati honetan erabaki zen txapelketa, Agurra-ren ostean interpretazio librean Zortzikoa dantzatzen baitute. «Jende guztiak hemen arriskatzen du, baita nik ere».



Dantzariek oso gauza zailak egin dituztela argitu digu dantzari errenteriarrak, «gure artean esaten dugu erotzen hasiak garela». «Ez dute batere zerikusirik duela bost-sei urte dantzariek egiten zituzten zortzikoek gaur egungoekin. Maila asko igo da». Honenbestez, dantzariek euren buruari geroz eta gehiago exijitzen omen diote. Hori guztia dantzarien belaunaldi aldaketak ekarri duelakoan dago aurreskulari txapelduna.



Azken hiru urteotan iazko txapeldun Aiert Beobiderekin txandakatu du txapela Jon Maiak —aurten 90 punturen aldea atera dio—. Biak maila bertsuan dabiltzan galdegitean parte-hartzaile guztiek maila handia dutela nabarmendu digu: «Azken urteetan izugarrizko maila erakutsi dute gazteek. Adin horrekin —hamasei-hamazazpi urte— maila hori ematea gauza handia da». Batik bat, bere dantza talde Errenteriako Ereintzako Ibon Huarte, Eneko Gil, Urko Mitxelena eta Alain Maia dantzari gazteen maila goraipatu digu. Hurrenez hurren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren postua lortu dute.



Maiak Errenteriako dantza eskolari egotzi dio herriko bost dantzarien parte-hartze arrakastatsua: «Hala ere, kasu berezia dela uste dut urte berean eta lagunarte beretik hainbeste dantzari ateratzea. Aprobetxatu egin beharko da!».



Beraz, gazteak gogor datozelako gustura dago, eta poztu egiten da bere ikasle ohien maila onagatik. Gainera, bere lana hobetzen laguntzen omen dio haien freskotasunak, «pizgarria da haien ondoan aritzea».



Bosgarren txapela buruan duela aurrerantzean ere txapelketan parte hartzen jarraitzeko asmoa duela adierazi digu bukatzeko dantzari errenteriarrak: «Nire burua maila ona emateko gai ikusten dudan bitartean txapelketan irteten jarraituko dudalakoan nago».

Dokumentuaren akzioak