Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jon Lizarralde

Dokumentuaren akzioak

Jon Lizarralde

Haritz dantzari taldeko kidea

53 urte bete berri ditu Jon Lizarraldek, eta azkeneko 32ak Haritz dantzari taldeari lotuta egin ditu. San Bartolome Egunean plazan izango da berriro taldekideekin batera, soka-dantzarako prest. Aurreskulari moduan, 25. aldia da sokadantzan parte hartzen duela eta aitortu du ilusioa egiten diola. Soka-dantza “berezia” dela dio, eta gorputz-arima saiatzen dela egun hortako zitara eta urtean zehar dituen gainerako konpromisoetara sasoian iristeko.
Egilea
Ainhoa Andonegi
Komunikabidea
Barren
Tokia
Elgoibar
Mota
Elkarrizketa
Data
2013/08/23
Lotura
Barren

Aurreskulari bezala, 25. soka dantza izango da zuretzat aurtengoa. Zer sentitzen duzu?

Bai, hala da. Haritz dantzari taldeak 40 urte bete ditu aurten, eta nik 32 urte egingo ditut taldean irailean. Berezia izango da aurtengoa, zalantzarik gabe. Abel Iriondo atzezkulariarekin egin nuen 18 urtean aurreskua, nire anaiarekin sei urtean, eta iaz, Mikel olaizolarekin. 22. aldia izan zenean pentsatu nuen lagatzea ere, baina, fisikoki ondo sentitzen naiz, eta hemen nago, gogoz.

Noiz hasi zinen dantzan?

20 urterekin plazako dantzen inguruko ikastaro bat egin nuen, gurasoekin harreman handia zeukan neska batekin, eta halaxe hasi nintzen dantzan. Gure etxean lau anai-arreba gara; hiru anaiak gara dantzariak, eta arreba ez. Zaletasun hori nondik datorkigun ez daukat argi, hala ere. Gogoan daukat, dena den, umetan, plazan dantzak egiten zirenean, koadrilakoak joaten zirela hor zehar eta ni plazan gelditzen nintzela, dantzak ikusten. Badaukat argazki bat Josu Mujika agertzen dena lurdes odriari dantzatzen eta jantzi urdin batekin ageri naiz ni atzean. 21 urte bete nituenean, Haritz dantzari taldean sartzeko aukerarik ba ote zegoen galdetu nion lagun bati, eta halaxe, aukera izan nuenean, taldean sartu nintzen.

Orain zenbat urterekin hasten diren ikusita, esan daiteke berandu hasi zinela zu dantzan. 2013-08-23_Barren-Jon-Lizarralde

Bai. Haritzen bertan, kenduta bi-hiru beterano eta lasturko beste hiru bat neska, gainerako guztiak neure ikasle izandakoak dira.

Dantzara iritsi izana kasualitate antzeko bat izan zen, hortaz.

Ez, ez. Ikastaro hartan koadrilako batzuk eman genuen izena eta bi edo hiru sartu ginen gero Haritzen, baina ordurako nik baneukan dantzarako zaletasuna.

Zer da zuretzako dantza?

Dena. Bizitza ematen dit neri dantzak. dantzari esker sekulako jende pila ezagutu dut, eta dantzari esker harreman sare handia osatu dut herrian eta herritik kanpo. Gainera, bidaiatzeko aukera ere eman dit. Estatu Batuetan ere Haritz dantzari taldearen bidez izan nintzen. 1990. urtean joan ginen Abel Iriondo, Mikel Legorburu eta hirurok. Donostiako Argia taldearekin joan ginen orduan. Aukeraketa bat egin zuten, eta geu hautatu gintuzten. Handik bost urtera Elgoibarkoekin joateko aukera izan nuen.

Haritz dantzari taldeaz gain, beste talde batzuetan ere bazabiltza.

Bai, debako Gure Kai taldean ere banabil. Urteekin eskarmentua ere pilatzen da, eta zerbaitetan laguntzerik baldin badaukat, laguntzen diet, baina irakastera baino gehiago, dantzara joaten naiz debara. Guk ikasturtea sanjoanetan bukatu genuen hemen, Elgoibarren. Egia da astean behin-edo jarraitzen dugula nagusiekin entsegatzen, irailaren 7an nagusien txapelketa daukagulako Zarautzen. Iraila beteta daukagu: Zarautzen 7an, 14an, berriz, lasturren dantzatuko dugu, eta 21-22rako Valladolideko Euskal Etxeak deitu digu, dantzarako. Eta 29an, berriz, San Miguel eguna da. Atsedenik ez dago, beraz.

Bistan da lesioek errespetatu zaituztela.

Bai. Aurten nazioarteko Folklore jaialdia izango da, 27.a, eta nik orain arteko denetan dantzatu dut. Bai, zorte handia izan dut. Orain bi urte Roxasera joan nintzen oporretara bakar-bakarrik, eta gosaldu ostean hondartzan egiten nituen ariketak, egunean hogei-hogeita bost minutu. Aurten hemen gelditzen banaiz ere egingo dut. Hamabost egunean ezer egiten ez baduzu igarri egiten da. Fisikoki oso ondo egon beharra dago. Hori egingo ez banu, ez nintzateke gaur  dantzan arituko. talde batean, gainera, oso garrantzitsua da denek garbi izatea berotzea eta entsegatzea oso garrantzitsua dela. Konpromiso bat hartzen bada, zorrotz bete behar da, besteekiko errespetuagatik.

Nola bizi duzu San Bartolome eguneko soka-dantza?

San Bartolome bezpera Egunetik hasten naiz ni zaintzen. Eguerdian irteten naiz txupinazora, baina alkoholik eta apenas edaten dut, eta arratsaldez irten ere ez naiz egiten azkeneko urteetan. Baina lo ere ez dut asko egiten, urduritasunagatik. Niretzat oso berezia da San Bartolome Eguneko soka-dantza. Nazioarteko Folklore jaialdia ere bada, baina bien artean aukeratzeko eskatzen baditate, nik San Bartolome eguneko soka-dantzaren alde egingo dut beti. Haritz dantzari taldea ere soka-dantzari segida emateko sortu zen, bereziki.

Soka-dantzak baditu berezitasunak.

Garai batean dantza sozial bat zen sokadantza, ligatzeko dantza. lehenengo, plaza erabiltzeko baimena eskatzen zaie agintariei, eta gero buelta eman, eta herriari eskatzen zaio baimena. Bi aurreskulari izaten dira, eta bien arteko desafio horretan, onena aukeratzen zutenak egiten zuen agurra, eta berak eskatzen zuen zein neskari dantza egin. dantzan denak dauka azalpen bat, baita zapiak berak ere.

Errosarioko Ama Birjinaren omenezko ezpata dantza ere berreskuratu zenuten, zu zuzendaritzan zeundela.

Bai, nire azkeneko egitekoa izan zen. Bederatzi urte neramatzan eta zuzendaritza laga aurretik lotu nahi nuen hori. [Juan Antonio] Urbeltz izan genuen laguntzen. Izugarrizko lana da. Edozein huskeria antolatzeak ematen du lana.

Aurten lehenengo aldiz aurreskua neskek egin dute San Pedron. Berdintasunaren aldeko keinua?

Ni oso gustura nago. Batzuetan amorrua ematen dit neskek gauza bat eskatu, eta gero beste bat egiteak, baina berdintasunaren alde egingo dut beti. uste dut txapelketan neskak hanka mutilen parera altxatzen hasi zirenean, nirekin izan zela lehenengoz. Zergatik izan behar dute ezberdinak? ‘Neska, zuek ere bai!’, esan nien. Añorgan-eta, erroperi buelo berezi bat ematen diete, neskek hanka gehiago jaso ez dezaten. neskena beti salto txikiagoa izaten da. oraindik dantza asko dauzkagu halakoak, baina ni berdintzearen aldekoa naiz. Jende nagusiari kostatzen zaio oraindik hori ulertzea. Elgoibarren bertan ere planteatu izan dizkiet aldaketak taldekideei. Sanbartolome eguneko soka-dantza mutilek egiten dute orain, baina zergatik ezin da txandaka egin? Urte batean neskek eta hurrengoan mutilek? edo, San Bartolome Eguneko soka-dantza mutilek egin behar dutela erabakitzen bada, zergatik ez dute neskek egingo gauza bera San Joan bezperan, suaren bueltan? Proposatu nien hori ere, San Joan bezpera ere egun berezia delako.

Uste duzu herritarrek ondo hartuko luketela San Bartolome Eguneko soka-dantza neskek egitea?

Hasieran harrituko ziren beharbada, baina zergatik hartu behar dute gaizki? Herri askotan egiten da. Berdintasuna bilatu egin behar da, eta ez dugu ahaztu  behar neskek mantendu dituztela dantza autoktono asko. Orain badoa aldatzen hori, baina sasoi batean oso gaizki ikusia zegoen mutilak dantzarako izena ematea. Mutila eta dantzan? Hori maritxua seguru, pentsatzen zuten askok.

Noiz arte jarraituko duzu dantzan?

Uztailaren 1ean 53 urte bete nituen, eta ez dakit. Asko zaintzen naiz. Pisua asko zaintzen dut, eta egia da gustatzen zaidala gorputza zaintzea ere. 53  urterekin dantzan aritzeko ezinbestekoa da hori. Gustura egiten dut, hala ere, eta ez zait kostatzen. Gai horrekin askotan berotzen naiz gazte jendearekin. Niretzat oso garrantzitsua da ordurako etortzea eta behar diren beroketa eta luzaketa guztiak ondo egitea, eta askok ez diote ematen behar besteko garrantziarik horri. San Joan egunetik joan zen igandera arte, 28 egunetik 21 egunetan aritu naiz dantzan, eta behar bezala aritzeko, gauzei duten garrantzia eman behar zaie. Gorputzak ahal duen artean jarraituko dut dantzan. Arrastaka ez naiz ibiliko, ez zait hori gustatzen, ez zait itxura txarra ematea gustatzen. Ahal dudan bitartean jarraituko dut, eta fisikoki gehiago ematerik ez dudanean erretiratuko naiz.

Dokumentuaren akzioak