Dokumentuaren akzioak
Jon Ibarguren eta Idoia Besada irabazle dantza solteko txapelketan
Iazko onenak, Pascuas eta De las Cuevas bizkaitarrak, bigarren postuan gelditu ziren atzo Seguran
Urtero bezala, Segurako Baratze pilotalekuan egin zen
Euskadiko dantza sueltoko lehiaketarik garrantzitsuena, non dantzariek
txistuz jotako fandangoa eta arin-arina trikitixaz dantzatu behar izan
zituzten. Faborito nagusien artean ez zeuden irabazleak eta bai, ordea,
Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas eta Xabier Segura eta Lierni
Martiarena. Hala ere, berehala konturatu ziren ikusleak Jon eta Idoia
irabazleen dantza saioa bikaina izan zela eta inor ez zen harritu
garaile izendatu zituztenean. Ez zen iritzi berekoa Jon Ibarguren,
bikote irabazleko mutila. Azpeitiarraren esanetan, «ez genuen inola ere
espero irabaztea. Gustura geratu gera egindako saioarekin, baina hemen
maila handia dute dantzari guztiek, ez dago huts txikiena ere egiterik
eta ni iaz nahastu egin nintzen. Zazpigarren sailkatu ginen eta asko
sentitu nuen Idoiagatik. Aurten lasai etorri naiz, disfrutatzera eta,
begira, irabazi egin dugu. Hau sekulakoa da».
Jon Ibarguren (Azpeitikoa, 20 urte) eta Idoia Besada
(Pasaiakoa, 18 urte), ez dira ezezagunak Segurako txapelketan, Jonek
laugarren partaidetza baitzuen lehiaketan eta hirugarrena Idoiak.
Elkarrekin bikotea osatuaz bigarrena. Euskadikoaz gain, aurten aurrez
irabazita dituzte baita ere Gipuzkoa eta Arabako txapelketak. Erabat
hunkituta igo ziren biak sariak jasotzera oholtza gainera eta garaipena
beraien gurasoei eta entrenatzaileari eskaini zieten. Entrenatzailea
Lourdes Esnaola dute, Lezoko dantzaria, eta Seguran hainbat aldiz
irabazitakoa.
10 bikote
Atzoko lehiaketan 10 bikote aritu ziren dantzan oholtza gainean, horietatik 7 gipuzkoarrak eta 3 bizkaitarrak. Bi bikote neskez osatutakoak ziren, gaur egun zaila baita mutilak topatzea dantza soltean. Hauek dira parte hartu zuten bikoteak, dantzatu zuten ordenean: Aritz Arrillaga eta Amaia Bolinaga ( Bergara), Itziar Doyharzabal eta Amaiur Luluaga (Ibarra-Anoeta), Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas (Sestao), Goreti Galarraga eta Maria Camarero ( Ibarra-Tolosa), Xabier Segura eta Lierni Martiarena (Hernani), Iker Sanz eta Lierni Kamio ( Lezo-Villabona ), Ohian Martinez eta Ibabe Beristain ( Trapagaran-Portugalete), Jon Ibarguren eta Idoia Besada (Azpeitia-Pasaia), Aitor Arrieta eta Uxue Arrieta (Errenteria) eta Lander Campos eta Haizea Hormaetxea (Santzurtzi-Leioa).
Dantza jaialdian beste sariketa bat ere egoten da,
jantzien dotorezia eta ikusgarritasunarena hain zuzen. Horretarako
dantzariek Euskal Herriko jantzi tradizionalak eraman behar izaten
dituzte soinean eta atzokoan, iaz bezala, aurtengo irabazleek, Jon
Ibarguren eta Idoia Besadak eskuratu zuten saria. Bikote gazteenaren
saria Oihan Martinez eta Ibabe Beristainentzat izan zen, eta lehen aldiz
parte hartu eta ongien sailkatutakoentzat eskaintzen den Gillermo
Areizaga saria Aitor eta Uxue Arrietak irabazi zuten.
Epaimahaia bost dantza adituk osatu zuten: Rafa
Salaberria, Karlos Sarriegi, Antton Mendizabal, Izaskun Iturri eta
Gabriel Alonsok. Beraien erabakiek Euskadiko Dantzarien Biltzarreko
federazioan ezarrita dauden solteko arauetan oinarrituak izan behar
zuten, dantzarien erritmoa, bien arteko berdintasuna, zailtasuna eta
dantzaren osotasuna baloratuaz.
DATUAK
Sailkapena: Jon Ibarguren-Idoia Besada
(121 puntos), Arkaitz Pascuas-Nagore de las Cuevas (120), Xabier
Segura-Lierni Martiarena (116,5), Lander Campos- Haizea Hormaetxea
(111,5), Aitor y Uxue Arrieta (105), Iker Sanz-Lierni Kamio (99), Itziar
Doyharzabal-Amaiur Luluaga (93,5), Aritz Arrillaga- Amaia Bolinaga
(90,5), Oihan Martinez-Ibabe Beristain (88), Goreti Galarraga-Maria
Camarero (80).
Hasi berri onenak: Aitor eta Uxue Arrieta (Errenteria).
Dokumentuaren akzioak