Dokumentuaren akzioak
Jon Beitia: «Kanpora joaten diren euskal dantzariak ez dira inoiz itzultzen»
Balletaren eginkizuna «edertasuna sortzea» da, Beitiaren aburuz, eta Euskal Herrian zaletasuna unerik onenean ez dagoen arren, gauza interesgarriak egin daitezkeela dio.
Orain, Bartzelonan, amets horren bila abiatu
da berriro. Joan den astean Euskal Herrira itzuli zen, aspaldiko partez, Elorrioko
Arriola antzokian bere dantza eskolaren emanaldi bat aurkezteko. Gustura dago
Beitia Euskal Herrian, eta ez du maizago etortzeko esperantza galtzen.
Pozik berriro Euskal Herrian egoteaz?
Bai. Azken aldiz etorri nintzenetik nahi baino gehiago luzatu da itxaronaldia. Azken urte honetan Berlinen eta New Yorken egon naiz, eta bi urte eta erdi edo hiru urte izan dira hona etorri gabe.
Los niños del mar (Itsasoaren umeak) izeneko ikuskizuna aurkeztera etorri zara zure ikasleekin. Zer moduz joan zen emanaldia?
Oso ondo. Hemengo ikusleak esker onekoak izaten dira. Baserritar samarrak gara, baina oso finak ere bai. Antzokia ia beterik egon zen, eta harriturik gelditu naiz ikusita Elorrion, hain herri txikia izanik, nolako zaletasuna eta nolako kultur giroa dagoen.
Bost urterekin hasi zinen dantza klasikoaren munduan. Nola izan zen hori?
Umetan El Hogar izeneko ikastetxe batean egon nintzen. Ikastetxe berezia zen, gerraren ondorioz umezurtz gelditutakoentzat eta alargunen seme-alabentzat. Hori zen nire kasua, hiru urte nituenean hil baizitzaidan aita. Ikastetxea zuzentzen zuen emakumea Hungariako faxista bat zen, gerra amaitutakoan komunistek boterea eskuratu zutenean hona alde egin zuena. Budapesten Baganova kontserbatorioko zuzendari izandakoa zen, eta asko zekien balletaz. Ni oreztaz beteriko bost urteko umemoko bat baino ez nintzen, baina emakume hark zerbait ikusiko zuen eta niri eskolak ematen hasi zen. Baina hamabi urte nituenean utzi nuen.
Zergatik? Zure zaletasuna zela eta, arazorik izan zenuen?
Bai, jakina. Ikaskideek jo egiten ninduten, baina hori ez zen okerrena. Arazorik larriena etxean izan nuen. Ez zuten horrelakorik onartzen. Nire senide asko futbolzaleak ziren. Gure aitak Vizcaya taldean jokatu zuen, eta osaba eta lehengusuren bat Athleticen ibilitakoak zirela uste dut. Eta giro horretan eta garai horretan, dantzaria izatea maritxua izatea zen. Esaten zidaten ikasteko, beste zerbait egiteko… edozein gauza, dantzari aritzea izan ezik.
Eta zein izan zen zure erreakzioa?
Esan dizudan moduan, hamabi urterekin dantza utzi egin nuen, baina hamalau urterekin berriro hasi nintzen, eta hamabostekin etxetik alde egin nuen eta neure kasa bizitzen hasi nintzen. Olaeta ballet taldean sartu nintzen, eta hamazazpi urterekin AEBetara joan nintzen, 1964an. Han bi urte eman genituen emanaldiak egiten, eta, ostean, taldea Euskal Herrira itzuli zen, baina ni New Yorken gelditu nintzen.
Zer egin zenuen han?
Eric Brum dantzari dinamarkar handiaren eskolara joan nintzen. Nik ez neukan dirurik eskolak ordaintzeko, eta hala esan nion, geroago dena ordainduko niola, baina hark ez zidan ezer kobratu nahi izan. Asko ikasi nuen harekin. Gero proba bat egin nuen Geoffrey Balletekin; onartu ninduten, eta haiekin lanean hasi nintzen. Talde hartan gora egiten hasi nintzen apurka-apurka, nahiz eta oso zaila izan. Talde hori oso handia zen, dantzari asko ginen eta zaila zen nork bere burua nabarmentzea, baina apurka-apurka gero eta egitasmo interesgarriagoetan esku hartzen hasi nintzen.
Garai hartan, oso desberdinak ziren AEBetako eskola eta Europakoa?
Erabat desberdinak ziren. Orain ari dira Europako taldeak hurbiltzen AEBetan garai hartan zegoen mailara. Bitxia da, baina Europan berrogei urteko atzerapena daukate. Dena dela, AEBetako konpainiek alde artistikoa apur bat sakrifikatzen dute ikusgarritasunaren mesedetan. Nolabait esateko, Hollywoodeko filmekin gertatzen dena da; beharbada, kontatzen duten istorioa ez da aparteko zerbait, baina oso ikusgarriak izaten dira. Ikuskizuna asko lantzen dute, eta uste dut hori nabaritzen dela, dantzan ez ezik, estatubatuarrek jorratzen dituzten arte adierazpen guztietan ere.
Nolakoa zen New York 60ko hamarkadan?
Bikaina. Arte eztanda ikaragarria egon zen. Gogora dezagun garai hartan Bob Dylan hasi zela ezagun egiten, Andy Warhol ere bazegoen, eta balletari dagokionez, goi mailako dantzari piloa zegoen han, eta talde asko ere bai. Zorte handia izan nuen une hartan han egoteagatik, hurrengo hamarkadan hori guztia komertzial bilakatzen hasi zelako.
1974an Euskal Herrira itzuli zinen.
Bai, ezkondutakoan, baina berriro alde egin nuen, eta 1982an etorri nintzen, gelditzeko. Lesio larri bat izan nuen, eta osatu nintzen, baina geroztik beldurrez ibiltzen nintzen, kirolariei gertatzen zaien moduan, eta orduan erabaki nuen, erdipurdiko dantzaria izan baino lehen, nahiago nuela hori utzi eta beste zerbaitetan aritu. Eta dantza eskola ireki nuen, Leioan. Hori erronka berria zen niretzat, ez bainekien irakaskuntzan ondo moldatuko ote nintzen. Dantza eskolarekin, nire asmo bakarra zen eskolak ematea eta lasai bizitzea. Ez neukan inolako asmorik dantzari profesionalak trebatzeko. Baina ikasle batzuk oso onak ziren, eta haiekin bereziki aritzea erabaki nuen. Ez dut inoiz damurik izan, baina gogorra da. Profesional batek lan ordu asko eskatzen dizkio irakasleari, baina, azkenean, lanaren emaitza ikusi egiten da. Eskola arruntak ematea askoz erosoagoa da eta diru gehiago ematen du, baina irudipena daukazu denbora galtzen ari ote zaren.
Euskal Herrira itzulitakoan, euskal dantza tradizionalarekiko interesa piztu zitzaizun. Nola izan zen hori?
Gure Ohiturak izeneko dantza talde batekin harremanetan sartu nintzen, eta han urte eta erdi eman nuen. Harrigarria zen neska-mutilek dantzarako zuten interesa. Balletaz ez zekiten ezer, baina gogo handia zuten, benetako dantzariak ziren. Nik gauza batzuk egin nituen han, koreografia batzuk, horietako bat Lantzeko inauterietan oinarrituta, eta beste bat Zuberoako dantzak oinarri zituena. Emaitza oso ona izan zen, baina, jakina, horrek muga bat zeukan eta azkenean utzi egin nuen. Dena dela, oroitzapen gozoa daukat, oso dantzari onak zirelako, eta bestelako hezkuntza jaso izan balute, balleteko dantzariak izango ziratekeen haiek.
Dantza tradizionalarekiko zaletasun hori berria zen zuretzat?
Ez, hamalau urte nituenean Dindirri euskal dantza taldean ibili bainintzen. Oso talde ona zen. Han ere denbora laburra egin nuen, urtebete edo, ni balleteko dantzaria nintzelako eta nik egiten nuena eta haiek egiten zutena gauza desberdinak zirelako. Oso azkar ikasi nituen dantza haiek, baina mugara heldutakoan utzi egin nuen. Dena dela, nik uste dut euskal dantzaren moldeak eragina izan duela nire estiloan. Are gehiago: nik esango nuke nire ikasleek ere euskal folklorearen arrasto txiki bat badutela.
Euskal dantza agertokietara eramaten saiatu zinen, eta Euskal Balleta sortzeko proposamena ere egin zenuen, baina saio horiek zapuztu ziren. Zergatik?
Egitasmoa aurkeztu nuen, baina instituzioek atzera bota zidaten, mespretxuz eta nahiko modu txarrean.
Eta zein izan zen arrazoia horretarako?
Ni ez naiz inoiz alderdi politiko bati lotua izan. Artista naiz, eta politika ez zait interesatzen. Beharbada, hori izan zen arrazoietako bat. Eta beste bat nire izaera izango zen agian. Ahobero samarra naiz, beti esan dut pentsatu dudana, eta litekeena da batzuek hori gogoko ez izatea. Ez dakit. Beharbada, garai hartan horretaz arduratzen zirenei ez zitzaien interesatu eta kito. Dena dela, egia da ez dudala inoiz instituzioentzat lanik egin. Arriaga antzokiarekin bai, garai batean askotan egin genuen lan elkarrekin, Luis Iturri zuzendari ibili zenean, baina egia da instituzioek ez dutela inoiz interes handirik izan nire lanean. Nire izaerak zerikusi handia izan dezake horretan, onartzen dut hori.
Baina zuk uste duzu Euskal Balletaren ideia hori interesgarria dela oraindik ere?
Bai, dudarik gabe. Baina, egitekotan, modua aurkitu beharko litzateke hori ikusgarria izateko. Kontua ez da lau neska-mutiko agertokiaren gainean jartzea aurreskua dantzatzen. Badago lan bat, Indarra deritzona, Kepa Junkeraren musikan oinarritutako koreografia bat, oso interesgarria iruditzen zaidana, euskal arima ondo jasotzeaz gain ikusgarria delako. Hortik jo beharko litzateke. Folklorea ondo dago, badaude taldeak hori jorratzen dutenak, oso lan bikaina egiten dute, baina hori ezin da bere horretan agertoki batera eraman eta AEBetan aurkeztu. Guk arima daukagu, artistak gara, eta euskal arima horren indarrean oinarrituta oso gauza interesgarriak egin zitezkeen. Baina ea nork konbentzitzen dituen instituzioak hori dela jorratu beharreko bidea.
Europako beste zenbait herrialdetan, jendeak balleteko dantzariak ezagutzen ditu eta kalean gelditzen dituzte.
Bai. Baina hemen ez da horrelakorik gertatzen.
Eta, hala ere, Euskal Herriak beti izan du dantzarako jaidura eta tradizioa. Ez dago kontraesanik hor?
80ko hamarkadan dantza boladan egon zen, eta bazirudien zaletasun horrek sustraiak bota behar zituela, baina, beste aldetik, onartu behar da eztanda moduko hori, hein handi batean, gertatu zela telebistan Fame izeneko telesail bat ematen zutelako. Horrek eragin handia izan zuen, AEBetan lehenik, eta gero moda Espainiara pasatu zen eta Euskal Herrian ere gorakada handia izan zuen, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran. Baina, gero, irakaskuntza planak aldatu zituzten, diru laguntzak murriztu zituzten, eta pikutara joan zen guztia.
2005ean itxi zenuen Leioako eskola. Zergatik?
Interes faltagatik. Jendeak beste gauza batzuk eskatzen zituen: hip-hopa, break dancea, aretoko dantzak eta abar, eta niri horiek ez zitzaizkidan interesatzen. Ondo iruditzen zaizkit, baina zaharregia naiz orain aldatzen hasteko. Eta Bartzelonara alde egin nuen. Han behintzat biztanle gehiago dira, baina ez pentsa askoz aukera gehiago dagoenik. Izan ere, Euskal Herriak segitzen du izaten atzerrira dantzari gehien esportatzen duen lurraldea. Munduko balletik garrantzitsuenei begiradatxo bat bota, eta segituan konturatuko gara horietako askotan euskal dantzariak daudela, eta oso onak gainera. Arazoa da, behin alde eginda, ez direla inoiz itzultzen. Hori zen nire itxaropen bakarra: dantzari profesionalak trebatzea, arrakasta lortuz gero inoiz Euskal Herrira itzuliko zirelakoan, baina ez da inor bueltatzen.
Zelan doa Bartzelonako eskola?
Ondo. Katalanak ere berezi samarrak dira, beren nortasuna badute, eta hori ulertu beharra dago, baina ez naiz kexatzen.
Irakasle gogor eta zorrotza izatearen ospea duzu. Hala da?
Bai. Baina beharrezkoa da. Arazoa da ez ditudala gero nik epaituko dantzari horiek, nazioarteko ballet bateko zuzendariak baizik. Hark ezagutu ere ez ditu egiten, eta haien estiloa epaituko du, beste berrehun dantzari epaituko dituen modu berean. Horrelakoetan ezin da hitz gozoekin ibili. Irakasleak asko exijitu behar du. Are gehiago, errukigabea izan behar du.
Balleteko dantzarientzat zenbateraino da beharrezkoa prestakuntza fisikoa?
Ezinbestekoa da, gauza guztien hasiera. Zazpi orduko entrenamendua daukate egunero, eta, gainera, oso entrenamendu berezia da, ez dauka inolako antzik inongo kiroletako entrenamenduekin, helburua oso desberdina baita.
Eta zein da helburua?
Edertasuna sortzea. Prestakuntza fisikoa beharrezkoa da, baina helburu hori lortzeari begira. Beharbada, pinpirinkeria eman dezake hau esateak, baina balleta poesiaren modukoa da. Ez da narratiboa, baina narrazioak iradoki ezin ditzakeen gauzak iradokitzen ditu. Poesiak ez du istoriorik kontatzen, eta, era berean, gauza asko esan ditzake. Musikarekin edo dantzarekin gauza bera gertatzen dela uste dut.
Leire Ortueta, Asier Uriagereka, Nerea Barañano, Jaione Zabala, Mikel Jauregi eta atzerrian arrakasta lortu duten beste hainbat dantzari zure ikasleak izan dira. Zer sentitzen du irakasle batek ikasleak horrelako arrakasta lortzen duenean?
Lehenbizi, inbidia apur bat, ez dut ukatuko. Baina, beste aldetik, tristezia ere bai, badakidalako horietatik inor edo ia inor ez dela itzuliko. Eta ez aipatu dituzun horiek soilik. Nik kalkulatzen dut 30 inguru direla atzerrian lanean ari diren nire ikasle ohiak. Baina ez dira itzultzen, eta neuk ere alde egin behar izan nuen. Asko poztuko nintzateke haietako baten bat itzuliko balitz eta Euskal Herrian konpainia bat sortzeko ideia bikaina izango balu.
Etorkizunerako egitasmorik baduzu?
Bai. Bartzelonan nire konpainia txikia osatu nahi dut. Horretan ari naiz lanean, eta uste dut datorren urterako proiektua mamiturik egongo dela.
Motzean
-Valentina Grigorieva.
Nire lehenengo irakaslea.
-Vaslav Nijinski.
Aro baten mugarria.
-Leire Ortueta.
Maitasuna.
-Asier Uriagereka.
Ikaragarria.
-Nacho Duato.
Tira…
-Igor Yebra.
Ezer ez.
Dokumentuaren akzioak